Gizateria bigarrenez ohartarazi zuten iaz 15.000 zientzialarik. Mezua argia izan zen: berdin jarraituz gero Lurrari egindako kaltea atzeraezina izango da. Urte bete beranduago ba al dakigu zertan egin duen okerrera gure planetak?
184 herrialdeko 15.000 zientzialarik baino gehiagok izenpetu zuten BioScience aldizkarian argitaratutako “World Scientists’ Warning to Humanity: A Second Notice” dokumentua. AZTI-Tecnalian Itsas- eta Kostako-ingurunea ikertaldeko burua den Ángel Borja dago haien artean. Gizartearen arreta deitzea dela dokumentuaren helburua azaltzen du, bereziki garai hauetan non zientzia ezbaian jartzen den txertoen aurkatu mugimenduekin eta aldaketa klimatikoaren ukatzaileekin.
Zientzialariek egindako lehen abisuaren 25. urteurrenean kaleratu dute bigarren ohartarazpen hau. Mundu mailako jarrera aldaketa eskatzen zen lehenengo dokumentu hartan, planeta mugatua dela azpimarratu eta ingurugiroaren suntsipena mugatu ezean etorkizun latza aurreikusi. 1.700 zientzialarik, haien artean bizirik zeuden Nobel saridun gehienek, sortu zuten 1992. urtean argitaratutako jakinarazpena.
Eboluzioa 1992. urtetik
Bederatzi adierazleren eboluzioa aztertu dute lanean, egindako lehen ohartarazpeneraino eta ondoren izan duten eboluzioa aztertuta. Ez dira dauden indikatzaile bakarrak (Planetary Boundaries ala IUCNrenak ere badira), baina erabilitakoak bilakaera ezkorra erakusteko oso eraginkorrak, datu serie luze eta adierazgarrienak direla azaltzen du Ángel Borjak. Bederatzi[1] adierazle horietatik bakar batean dago hobekuntza, besteetan okerrera egin du egoerak 1992tik:
- Ozono geruzaren suntsitzaileak (-68,1%). Tendentzia positiboa duen bakarra. Ozono suntsitzaileei (CFC, gehienbat) aurre egiteko Nazio Batuen Montrealgo Protokoloa jarri zen abian 1987an. Ordutik ozono geruzak suntsitzeari utzi eta osatzen hasi da.
- Per capita ur geza (-26,1%). 60ko hamarkadako hasierako eskuragarritasunaren erdia baino gutxiago da gaur egun eta zenbait tokitan jendeak ez du ur geza eskuratzerik Aquastaten datuen arabera.
- Arrantza kantitatea (-6,4%). Arrantza kantitateak behera egin du, industriak esfortzuak handitu arren.
- Ozeanoetako zonalde hilak (+75,3%). Handitu egin dira 60ko hamarkadatik ur hipoxikoak (oxigenorik gabekoak) duten itsas zonalde hilak, 2008an kaltetutako 400 sistema baino gehiago identifikatu zirela.
- Basoen azalera (-2,8%). Gutxitu egin da basoen azalera, alor honetan galera handienak nekazaritzan erabiltzeko zoruak lortzeko izan dira.
- Ornodunen espezie kopurua (-28,9). Biodibertsitatearen neurketa egiten duen Living Planet Indexeko datuak erabili dira, isuriak ekiditeko egokituak. Ornodunak ez dira, baina, galera erakusten duten animalia bakarrak.
- CO2 emisioak (+62,1). Etengabeko hazkundea izan dute CO2 emisioak 1960tik.
- Tenperatura globala (+167,6). 136 urteko datuak daude eta serieko 10 urterik beroenak 1998tik aurrera izan dira.
- Giza populazioa (+35,5%). Datuen arabera bi mila milioi gizaki gehiago daude munduan 1992tik.
Egoera azaltzeaz gain, egoerari aurre egiteko hainbat neurri proposatzen dituzte zientzialariek artikuluan. Besteak beste, energia berriztagarrien erabilera, aberastasun ezberdintasunak murriztea, elikagai xahuketa gutxitzea, giza populazioa maila jasangarrira mugatzea ala ekosistema erreserben sorrera. Azken honen adibidea litzateke Mexikok sortutako 148.000 km2 dituen itsas-erreserba.
Artikuluan agertzen diren zenbait punturekin ez dago erabat ados Ángel Borjak, hala ere. Esate baterako, dieta aldaketa sustatzen da artikuluan eta gehienbat begetaletan oinarritutakoa gomendatu. Honen harira, Europan nekazaritza dela ingurugiroari kalte gehien egiten dien aktibitateetako bat dela azaltzen du ikertzaileak, nahitaezkoa duen ur kontsumoa eta erabiltzen diren produktuak dela eta.
Kudeaketa arazoa dela deritzo AZTIko ikertzaileak, aktibitateak jasangarriak bihurtu behar dira. Itsasoari dagokionez, adibidez, Itsaso estrategia europarra dago martxan, itsasoz itsaso herri ezberdinen kudeaketa komuna aurreikusten duena. Itsas zabalean dago arazoa, ez dago inongo legedirik, itsasoaren legea da nagusi. NBE bezalako entitateek hartu behar lukete indarra Ángel Borjaren ustetan.
Zein da, baina, mota honetako dokumentu baten balioa? Ángel Borjak argi du:
“Gizarteari deia da. Guztion lana da, ez soilik zientzialari eta politikoena. Horrela, erabilgarria da gizartea kontzientziatzeko. Garai batean CFCekin eta ozono geruzaren zuloarekin lortu zen bezala, oraingoan ere”.
Oharrak
[1] 1992ko ohartarazpenean lurraren produktibitatea ere kezka kausa bezala zerrendatu zen, bigarren honetan ez da analizatu datu falta dela eta.
Erreferentzia bibliografikoak
- Diaz Robert J., Rosenberg Rutger, (2008). Spreading Dead Zones and Consequences for Marine Ecosystems. Science, Vol. 321, Issue 5891, pp. 926-929. DOI: 10.1126/science.1156401
DOI: 10.1126/science.1156401 DOI: 10.1126/science.1156401 - Nature Communications 7:10244 DOI: http://dx.doi.org/10.1038/ncomms10244 Catch reconstructions reveal that global marine fisheries catches are higher than reported and declining.
- McRae L., Deinet S., Freeman R., (2017). The Diversity-Weighted Living Planet Index: Controlling for Taxonomic Bias in a Global Biodiversity Indicator. PLoS ONE 12(1): e0169156. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0169156
- Ripple William J., Wolf Christopher, Newsome Thomas M., Galetti Mauro, Alamgir Mohammed, Crist Eileen, Mahmoud Mahmoud I., Laurance William F., and 15,364 scientist signatories from 184 countries, (2017). A Second Notice, BioScience, Volume 67, Issue 12, 1, Pages 1026–1028. DOI: https://doi.org/10.1093/biosci/bix125
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
2 iruzkinak
[…] batean dago hobekuntza, besteetan okerrera egin du egoerak 1992. Zeintzuk diren ezagutu nahi duzu? Zientzia Kaiera blogean dituzue […]
[…] da indar sustatzaileetako bat; beste bat ingurumen kontzientzia bera izango litzateke, edota enpresa berritzaileenak beren inpaktua murrizteko lantzen ari diren […]