Tokian tokiko jarduera: siderurgiaren ingurumen inpaktua neurtzen

Tokian tokiko

Edozein egunetan ekonomiari buruzko egunkari bat hartu, eta begiratzen badugu inbertsioei buruzko atala, behin baino gehiagotan agertuko zaizkigu sigla hauek: ESG. Ingurumena, gizarte inpaktua eta gobernu ona adierazten duen ingelesezko sigla da ESG, eta enpresak hiru atal horien arabera sailkatzen dituen metodologia batean oinarritzen da. Hala, planetako edozein lekutako inbertsiogile batek ingurumen inpaktu txikiena duten enpresetan inbertitzea aukeratu dezake, langileentzat eta enpresa horiekin hartu-emana dutenentzat berdinzaleenak, justuenak eta seguruenak direnetan, eta kudeaketan kontrol eta gardentasun estandarrik handienak ezarrita dauzkaten eta betetzen dituztenetan.

Herrialde garatuetako enpresa munduan argi dago etorkizuna, izatekotan, ESG izango dela. Inbertsiogile asko aktibista bihurtu dira, edo beren inbertsioetarako aukeratzen dituzten enpresetan ESG sailkapena hobetzea sustatzen dute, edo ez dute inbertitzen ESG baxua dutenetan, edo biak egiten dituzte.

Hori da indar sustatzaileetako bat; beste bat ingurumen kontzientzia bera izango litzateke, edota enpresa berritzaileenak beren inpaktua murrizteko lantzen ari diren neurrien ondoriozko ekoizpen ziklo eraginkorragoek dakarten kostu murrizketa.

Berehala agertzen den korapiloetako bat neurtzearena da. Badakigu neurtzen duenak soilik dakiela; neurtzen ez duenak, ustea baino ez du. Baina, nola neurtu jarduera batek duen eragin globala? Ez da langintza erraza, ez horixe. Hain da horrela, ezen neurketa sistema diseinatzea bera da lorpen zientifiko bat. Eta orain agertzen da produktuaren ingurumen aztarnaren kontzeptua.

ingurumen inpaktua
Irudia: Produktuaren ingurumen aztarna kalkulatzea ez da beti erraza, adibidez, altzairuan, gauzak korapilatu egiten dira. (Iturria: Pixabay.com)

Gure lantegietatik irteten diren produktuen guztizko ingurumen inpaktua kalkulatzeko metodologia bat da Europar Batasunaren Produktuaren Ingurumen Aztarna (PIA). Horren helburua da produktuei buruzko informazio fidagarria eta konparagarria eskaintzea, merkatu jasangarriagoa sustatzeko. Arauari buruzko lanketak 2011n abiatu ziren, orduan aztertu baitziren aurretik zeuden metodologiak.

Zenbait irizpide oinarritzat hartuz, ondasun batek, produktu industrial edo zerbitzu batek bere bizialdi osoan duen ingurumen inpaktua zenbatesteko balio du PIAk. Helburu orokorra da jarduketa ildoak ezartzea haien ingurumen inpaktua murrizten saiatzeko, hornikuntza kateko jarduera guztiak kontuan hartuta (lehengaien erauzketatik hasi eta azken hondakinen kudeaketaraino, tartean ekoizpena eta erabilera daudelarik).

Produktuaren ingurumen aztarna oro Produktuaren Ingurumen Aztarnako Kategoria Arauetan (PEFCR ingelesez) oinarritzen da; horiek, bada, gida tekniko zehatz bat ematen dute produktu kategoria bakoitzean ingurumen aztarnaren azterketa nola egin azaltzeko. PEFCR arauak ingurumen aztarnaren gaineko orientazio metodologiko orokorraren osagarri dira: produktuaren zehaztapen gehiago eman, eta azterketen koherentzia eta erreproduktibitatea ziurtatzen dute.

Teoria ongi dago, baina hori praktikan jarri nahi izaten denean, adibidez, altzairuan, lurraldean eta energian inpaktu handia duen material hain intentsiboan, gauzak korapilatu egiten dira, eta ez gutxi ere. Enpresa bakar baten jarduketa gainditzen duen zerbait da hori. Horregatik, adibidez, Siderex Euskadiko siderurgiaren klusterra ari da HAMBEMET proiektua gidatzen: eskala handiko proiektu bat, PIA zenbatesteko lehendik dagoen (eta Europar Batasunaren gidalerroetan oinarritzen den) metodologia hori egokitzeko Arania bezalako enpresa historikoen produktu hiperespezializatuetarako.

Baina PIA soilik ez da nahikoa. Osatu egin behar da enpresaren jarduerak bere osotasunean duen karbono aztarnaren zenbatespenarekin, ingurumen inpaktu orokorraren ideia bat eduki ahal izateko. Neurketa gehigarri hori, adibidez, Jatorri Berriztagarriaren Bermearen kudeaketaren bitartez lortzen da.

Nola jakin kontsumitzen den energiaren jatorria zein den? Hori kausitzeko adostu zen nazioarteko hitzarmen bat, urtebetean ingurumen faktorea ziurtatzeko gai den akordioa: Elektrizitatearen Jatorriaren eta Etiketatzearen Bermea. Hornidura elektrikoaren kantitate jakin baten ekoizpena energia berriztagarrien eta kogenerazioaren bidezkoa dela egiaztatzen duen ziurtagiriak dira jatorri berriztagarriaren bermeak.

Berme horren bitartez, enpresa batek informazio zehatza eman diezaieke bere bezeroei, jasotzen duen energiaren jatorriari eta bere produkzioak ingurumenean duen inpaktuari buruz. Jatorri ez-fosiletatik sortutako energia esan nahi du jatorri berriztagarrikoa izateak: energia eolikoa, eguzki energia, aerotermikoa, geotermikoa, hidroelektrikoa, biomasa…

Horrelako kontuez arduratzen dira etorkizunean lehiakorrak izateko asmoa duten enpresetako goi mailako arduradunak.


Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.


Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude