Duela mende laurden bat, Robin Dunbar zientzialari britaniarrak esan zuen agian 150 bat pertsonarekin izan genitzakeela ohiko harremanak. Primatologo batzuek ikusia dute burmuineko neokortexaren tamainak baduela zerikusia primate taldeetan gertatzen diren harreman kopuruarekin. Izan ere, uste dute burmuineko neokortexa dela entzefaloko alde berriena eboluzioaren ikuspegitik. Horrela, neokortexaren tamainak kognizio-ahalmena baldintzatu lezake.
150eko kopuru hori erdiesteko, 38 primate-genero aztertu zituen ikertzaileak, eta ordutik “Dunbarren zenbakia” esan izan zaio kopuru horri. Era berean, esan zuen agian 150 banakok osatzen dituztela giza taldeak, baldin eta baldintzapenak zorrotzak badira eta banakoek elkarrekin egiteko arrazoi sendoak badituzte. Kopuru horretakoak izaten dira arrisku bizipeko taldeak, hala nola biziraupen-herrixkak, tribu nomadak eta kantonamendu militarrak. Horrelako baldintzapenik gertatzen ez denean, taldeak txikiagoak izaten dira, 150eko muga horrek bere horretan irauten badu ere.
Madrilgo Carlos III Unibertsitateko ikertzaile batzuek eta Dunbarrek berak giza harremanen eredu bat garatu dute teoria mailan. Horretarako, abiapuntu modura jakintzat eman dute mugatua dela gizaki desberdinekin harremanetan sartzeko, eta bestetik kopuru desberdinak gauzatzen dituztela giza harreman desberdinek. Teoria honek, azaltzen du zirkuluka gauzatzen direla giza harremanak. Normalean, hiru-bost pertsonekiko harreman estua izaten dugu: senideak eta hainbatetan, lagun-minak. Hurrengo zirkuluan, hamar bat lagun egoten dira. Urrunago, beste 30-35 kide izaten dira maiz tratatzen ditugunak.
Hala ere, ereduak aditzera ematen du agian alderantzizko egitura bat egon litekeela tartean: Komunitateko kideen kopuruak 55etik behera egiten duenean, banakoak hasierako zirkuluetan ditu bere harreman gehienak, eta kohesio handiko talde txikia gauzatzen da; hala gertatzen da jende gutxirekin harremanak izateko nortasuna duten banakoen eskura eta era berean, hala suertatzen da kide gutxiko komunitateetan, adibidez etorkinen komunitateetan.
Horrela bada, badirudi kognizio-ahalmen jakin bat dugula, eta pertsona gutxirekiko harremanik izanez gero, oso trinkoak eta sakonak izan daitezkeela harreman horiek. Bestelako nortasun bat badaukagu eta jende askorekin harremanak izateko beharra edo joera badaukagu aldiz, harremanetarako kognizioaren zati txiki bat baizik ez dugu erabiliko kide bakoitzarentzat. Azken batean, neokortexen bolumena ez da infinitua.
Erreferentzia bibliografikoa:
TamaritIgnacio, Cuesta José A., Dunbar Robin I. M., Sánchez Angel, (2018). Cognitive resource allocation determines the organization of personal networks. PNAS,
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
5 iruzkinak
[…] Juan Ignacio Perez Iglesias, EHUko Fisiologiako katedradunak Zientzia Kaieran. […]
[…] Duela mende laurden bat, Robin Dunbar zientzialari britaniarrak esan zuen agian 150 bat pertsonarekin izan genitzakeela ohiko harremanak. Primatologo batzuen ustez, burmuineko neokortexaren tamainak badu zerikusia primate taldeetan gertatzen diren harreman kopuruarekin. Hortaz, horrek kognizio-ahalmena baldintzatu lezake. Madrilgo Carlos […]
[…] teorian oinarrituta zegoen. Teoria horren arabera, bizi garen lekuan bizita ere, sei urratsen bidez konektatuta gaude munduko beste puntan bizi den beste edozeinekin. SixDegrees gunean hauxe agertzen zen pantailan: […]
[…] Lagunik ez dutenek gabezia fisiko eta emozionalak izaten dituzte. Eta ez edonolakoak, ondo ikertutako bestelako arrisku-faktoreak (obesitatea, hipertentsioa, langabezia, sedentarismoa, erretzea) bezainbesteko eragina izan dezake eguneroko bizitzan. Lagunik ez duten pertsonek, sozialki isolaturik daudenak, gaixotasun eta heriotza goiztiar maila […]
[…] Robin Dunbar britainiarrak berriki zuzendu duen ikerketa batek neska-mutilen gizarte harremanen alderdi batzuk argitu ditu, baita batxilergoko ikasketen amaiera eta unibertsitate ikasketen hasiera barne hartzen dituen 18 hilabeteko aldian izaten dituzten gorabeherak ere. Adibidez, ikerketak ezagutarazi zuen ikasleen gizarte-sareko […]