Asteon zientzia begi-bistan #235

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Psikologia

Duela mende laurden bat, Robin Dunbar zientzialari britaniarrak esan zuen agian 150 bat pertsonarekin izan genitzakeela ohiko harremanak. Primatologo batzuen ustez, burmuineko neokortexaren tamainak badu zerikusia primate taldeetan gertatzen diren harreman kopuruarekin. Hortaz, horrek kognizio-ahalmena baldintzatu lezake. Madrilgo Carlos III Unibertsitateko ikertzaile batzuek eta Dunbarrek berak giza harremanen eredu bat garatu dute. Horrek azaltzen du zirkuluka gauzatzen direla giza harremanak.

Geologia

1840rako jada identifikatuak eta hurrenkera kronologikoan jarriak izan ziren zutabe estratigrafikoaren azpizatiketa garrantzitsuenak; hala ere, eskalarik gabeko kronologia bat zen. 1859an Charles Darwin data geologiko bat zehazten saiatu zen: kalkulatu zuen zenbat denbora beharko zen lurraren estratuen lodiera jakin bat higatzeko. Ondorioztatu zuen gutxienez 300 milioi urte beharko zirela. Hurrengo urtean, John Philipsek baieztatu zuen zifra hori okerra zela, eta zutabe estratigrafiko osoa higatzeko nahikoa izango zirela, gehienez ere, 100 milioi urte. Geroxeago William Thomson fisikariak beste datu bat eman zuen: kalkulatu zuen 100 milioi urte nahikoa eta gehiago zirela Lurra gaur egun duen tenperaturaraino hozteko, jatorrizko egoera erabat urtu batetik abiatuta. Lurraren adina zehazten jarraitu zuten hainbat adituk, jo ezazue artikulura hipotesi horiek ezagutzeko!

Medikuntza

Tumore-zelulen ekologia bektore nagusi bik baldintzatzen dute: tumore-zelulak aurre egin behar dituen arriskuak eta inguruan dituen baliabideak. Lehenengoen taldean topa daitezke pazientearen immunitate-sistema, gorputzean ekoiztutako toxina eta hondakinak, mikroorganismo batzuk eta minbiziaren aurkako terapia ezberdinak. Hau da, gure organismoan ditugun babes-zelulek minbizi-zelulak arrotz bezala hautematean tumore zelulentzat predatzaileak bihurtzen dira. Baliabideei dagokienez, minbizi-zelulen ugalketa-erritmoa eta tumorearen hazkundea mikroingurune baten arabera gertatzen da: karbohidratoak, proteinak, gantzak, etab. Baliabideen eskasiak minbizi-zelulen arteko lehia eragin dezake.

Depakine botikari buruzko artikulua dugu hau. Izan ere, berriki hedabideen eta Interneten bidez izan dute emakume askok urte askotan hartu izan duten botika batek fetuetan eragiten dituen ondorio gaiztoen berri. Botika epilepsiaren aurka erabiltzen da, baita nahasmendu bipolarrak tratatzeko ere. Hainbat ikerketaren arabera, umeen %40k arazoak dituzte garapenean; %10ek, malformazioak, baina osasun sisteman sarri errezetatu egiten da. Emakume batzuen iritziak daude irakurgai artikuluan. Ez galdu!

Astronomia

Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ikusi dute zerua zeharkatu duen distira handi bat. Beste lekuko batzuek leherketa bat entzun dute. Su bola bat izan litekeela uste dute adituek. Nafarroako Unibertsitate Publikoak meteoroak atzemateko jarria duen kamerak hartu du irudi bat. Ikus ezazue argazkia!

Neptuno eta Urano ezagutzeko garaia heldu dela iritzi dio NASAk. 2017ko ekainean NASArentzako txosten batean zehaztu zuten bi planetak ikertu behar zirela, baina badirudi ez dagoela diru nahikorik planeta bakoitzari zunda bana bidaltzeko. Alde batetik, zientzialariek diotenez bi planetak nahiko antzekok dira, baina Neptuno Urano baino beroagoa da, adibidez. Bestetik, osaketa bitxia omen da: Jupiterren eta Saturnon ez bezala, izotzezko erraldoietan hidrogenoa eta helioa baino pisutsuagoak diren elementu asko daudela uste dute. Badaude beste ezaugarri interesgarriak. Ez galdu!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.