Bada garaia izotzezko erraldoien madarikazioari amaiera emateko

Juanma Gallego

Neptuno eta Urano “ahaztuta” egon dira denbora luzez, baina NASAko adituen ustez, horien sekretuak argituko dituzten misioak abiatzeko ordua iritsi da. Biak ala biak ikertzea litzateke hoberena, baina setatsua da errealitatea: bietako bat aukeratu beharko da agian.

Nork ez du noizbait amets egin kriseilu miragarri bat topatzeko aukerarekin? Imajinatu: kriseilua igurtzi eta bertatik aterako den jeinuak hiru desio emango dizkizu. Nahi duzuna aukeratzea baduzu. Baina, kontuz, hiru besterik ez dira. Eta ez dago atzera bueltatzeko modurik.

1. irudia: Izotzezko erraldoi biek interes handia pizten badute ere, badirudi Neptunok dituela misio bat jasotzeko aukera gehien. (Argazkia: NASA)

Berdina gerta dakieke zientzia planetarioen arloan aritzen direnei. Aldian behin, zenbait desira lortzeko aukera eskaintzen zaie, baina zinez aukeraketa zaila da hori. Jomuga miresgarriez beteta dago eguzki sistema, eta, ezagutzaren bidezidorrean aurrera egin ahala, gero eta jomuga gehiago gehitzen dira “gauza txundigarrien” katalogoari.

Cassini zundari esker, Entzelado eta Europa ilargiek interes astrobiologiko izugarria dutela badakigu orain; Artizarra gertuen dagoen planeta da, baina –hitzez hitz– lanbropean mantentzen zaigu oraindik. Ilargira iritsi ginen, baina 50 urtetan ez gara bueltatu, harri ukaldi batera egon arren. Eta Titan, zer esan Merkurio baino handiagoa den ilargi horri buruz? Nork ez du ikusi nahi Titanetik transmititutako metanozko euri zaparrada bat? Eta Marte?… ene Jainkoa, ez al da Marte izan behar gizateria planeta arteko espeziea bilakatzeko lehen pausua?

Aukeraketa ezin zailagoa, beraz. Baina eguzki sistemaren mugak ere lauso geratu zaizkigu: Urano eta Neptuno apenas ez ditugu ezagutzen. Zerbait egin badaiteke ere, teleskopioz probetxuzko zerbait ikustea zaila da. Oroitzen 2015. urtera arte Plutoni buruz zegoen ezagutza nolakoa zen? Eta oraingoa? Alde nabarmena suposatu zuen zuen bertara New Horizons zunda eramateak. Eta istorio berdina errepika liteke oraingoan Urano eta Neptunorekin. Beren-beregi prestatutako zunda bat hara eramateak izugarrizko bidea irekiko luke, zalantza barik.

Momentuz, Voyager zundei esker dakigu planeta horiei buruz dakiguna; baina, halere, zunda horiek gertu igaro zirelako, Urano eta Neptuno planeta “bisitatuen” katalogoan sartu dira, eta horrek zaildu egin du bertara beste misio bat diseinatzeko aukera. Paradoxa horri “Voyager zunden madarikazioa” deitu izan zaio.

Baina, antza, madarikazio horri buelta emateko ordua iritsi dela uste du NASAk. Datorren hamarkadan, Uranora eta Neptunora misioa abiatzeak lehentasunezkoa izan behar duela uste dute erakunde horretako adituek.

2017ko ekainean NASArentzako txosten mardul batean landu zuten gaia, planeta horiek ikertzeko zeuden aukerak aztertuz. Txosten horretan NASAk zehaztu zuen bi planetak ikertu behar zirela, baina kriseilu miragarriaren arazoarekin egin dute topo, eta errealitate gordina azaldu zaie, bete-betean: ez dago diru nahikorik planeta bakoitzari zunda bana bidaltzeko, horrek kostu izugarri handia izango lukeelako. Daniel Marin dibulgatzaileak Eureka blogean azaltzen duenez, orain NASAko batzorde batek ebatzi du Neptunok izan behar duela lehentasuna.

Dena dela, bai Urano zein Neptuno, biak ala biak dira interes handiko jomugak, eta momentuz zaila da zehaztea nola egingo den behin betiko hautaketa. Hilabete honetan bertan AGU Ameriketako Geofisika Batasunaren biltzar batean aurkeztu dituzte planeta horiek ikertzeko argudioak, eta erakunde horretako EOS aldizkarian laburbildu dituzte.

Argitzeko misterioak

NASAko zientzialari Mark Hofstadterrek azaldu du zergatik beharrezkoak diren kostu handiko misioak, eta ez merkeagoak izan litezkeen misio txikiagoak: “Garrantzitsua da izotz erraldoi batera doan hurrengo misioak sistema osotasunean iker dezala: planeta bera, atmosfera, eraztunak, sateliteak eta magnetosfera”.

2. irudia: Triton eta Neptuno, NASAk egindako fotomuntatze batean. Tritonek bereziki arreta erakarri du, jarduera geologikoa izateaz gain, barruan ozeano bat izan dezakeelako. (Irudia: NASA)

Bide hori jarraituta, lehenik eta behin, zientzialariek argitu nahi dute printzipioz nahiko antzekoak diren bi planeta horien artean dagoen tenperatura aldea: biek izugarrizko tenperatura baxuak badituzte ere, Neptuno Urano baino beroagoa da. Bai Jupiter, Saturno zein Neptuno planetek Eguzkitik jasotzen dutena baino energia gehiago igortzen dute, baina Uranok barruko bero gutxi igortzen du.

Bestetik, planeta horiek osaketa bitxia dute: Jupiterren eta Saturnon ez bezala, izotzezko erraldoietan hidrogenoa eta helioa baino pisutsuagoak diren elementu asko daudela uste dute zientzialariek.

Erantzunak dira ere intereseko gaia. Uranoren eraztunak oso mehe eta dentsoak dira, eta grabitate legeen arabera eraztun horiek egonkorrak izateko artzain-ilargiak beharko lituzkete; baina ilargi horien arrastorik ez dago. Bestetik, Uranoren µ izeneko eraztuneko partikulek antza handia dute Saturnoko E eraztunekoekin. Entzeladoko lumei esker sortzen da E eraztuna, baina µ eraztuna sortzen duen Mab ilargiak ez du lumarik, eta, beraz, gaur egun ez dago batere argi nola sortu den eraztun hori. Neptunoko erantzunei dagokienean, zalantzetako bat da zergatik haietan eremu batzuk besteak baino dentsoagoak diren.

Izotzezko erraldoien ilargiei dagokienez, Uranotik gertuen dagoen Miranda ilargiaren osaketa bitxia aztertu nahiko lukete, baina batez ere Neptunoko Triton ilargiak erakartzen du arreta gehien. Triton da, hain zuzen, Neptunoren aldeko hautua bultzatu duen arrazoietako bat. Kuiperreko gerrikotik erauzitako ilargia da, jarduera geologikoa duena –geiserrak eta arraila ilunak ditu–, eta, gainera, barruan ozeano bat izan dezakeela uste dute astronomoek.

Azkenik, planeta horien eremu magnetikoen konplexutasuna argitzen saiatu nahi dute. Diotenez, bertako eremu magnetikoaren hain irregularrak izatearen zioa izan daiteke eremu horiek sortzen dituzten prozesuak lurrazaletik gertuago gertatzen direla, gas erraldoiekin konparatuta.

Argudio hauek guztiak eskuetan, planeta biak edo horietako bat aztertuko dituen misioa gaurdanik prestatu behar dela nabarmendu dute adituek. Neptunoren aldeko hautua garaile ateratzen bada, 2028-2030 urte tartean izango den jaurtiketa-leihoa baliatu nahi dute hara joateko. Orduan eginez gero, Jupiterren grabitazio-laguntza erabili ahal izango litzateke arinago iristeko: 2043. urtean helduko ginateke hara. Urruneko data dirudi, egia da, baina kontuan hartu behar da orain egindako aurkikuntzetako asko duela hainbat hamarkada hasi zirela “egosten”. Kriseiluko jeinuak eman ematen du, baina beharrezkoa irizten duen denbora hartzen du horretarako. Politikariek ez bezala, jeinuak epe luzerako pentsamendu estrategikoa du. Eskerrak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Cartier, K. M. S. (2018). Uranus and Neptune should be top priority, says report. Eos, 99, DOI: https://doi.org/10.1029/2018EO112187.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>