Asteon zientzia begi-bistan #245

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Farmakologia

Nahasmendu bipolarra duten pertsonengan depresio-aldiak prebenitzeko litio gatzek duten eraginkortasuna aztertu dute. Tratamenduari atxikidura ona izan duten pazienteek depresio aldi gutxiago izan dituzte eta baita aldi maniako eta hipomaniako gutxiago. Arabako Unibertsitate Ospitalean egin da ikerketa eta 72 pazienteri jarraipena egin zaie hamar urtez.

Opiodeen krisia AEBek izan duten “osasun-hondamendirik handienetako eta konplexuenetako bat” dela adierazi du AEBko Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA). Neurrien artean, aipatzen dira tratamenduari egokitutako dosi eta neurrian ematea sendagaiak, adikzioak eta gaindosiak saihesteko. Horretaz gain, botikak hartzeko modu berriak ere probatzeko asmoa du. Bestalde, gaindosiak eragindako heriotzak saihesteko, naloxona merkatuan libre saltzeko modua aztertuko du. Testuan dauden gainontzeko neurriak irakurtzeko, jo ezazue artikulura!

Medikuntza

Bigarren aldiz, hiesa zuen paziente bat sendatzea lortu dute. Hezur-muineko transplantea eginez, hiesa senda daitekeela berretsi dute. Transplantearen ondoren, ikertzaileek ez dute ikusi birusaren arrastorik eta transplantea egin ziotenetik, ez da birusik agertu, ezta botika erretrobiralak hartzeari utzita ere. Halere, ICISTEM lan-taldeko ikertzaileek esan dute zuhur jokatu eta guztiz sendatuta dagoela ziurtatzeko denbora gehiago itxoin behar dela.

Berriak ere eman ditu xehetasunak albiste honen inguruan. Kasu honetan pazientea 2003. urtetik zen GIBduna; 2012. urtean linfoma bat atzeman zioten, eta hori tratatzeko egin zioten zelula amen transplantea, 2016. urtean. Zelula horiek mutazio jakin bat zuten, GIB birusaren sarbide eragozten duena, eta itxura guztien arabera, horrek lortu du birusaren erremisioa.

Biologia

Ipurtargiak oso bitxiak dira. Gauean argi berdexka egiteko gai dira eta horrek bi helburu ditu: jakina da gorteatzeko tresna dela baina era berean, harrapakarietatik babesteko tresna ere bada: ikusgarriago egiten dira haiek jatea kaltegarria eta toxikoa izan daitekeela ohartarazteko. Argi horren atzean luziferina izeneko molekula dago. Baina zer dago zehazki lumineszentzia horren atzean? Ez galdu Josu Lopez-Gazpiok eman digun azalpen interesgarria!

Zenbait erle espeziek elikagaiak non dauden deskribatzeko darabilten “dantza” ikertu dute zientzialariek. Baina badirudi hori mito bat dela. Izan ere, erle gehienek ez dute dantzarik egiten. Hala ere, dantzarena oso kuriosoa eta liluragarria da. Portaera hori izan dute ikergai Mainzeko (Alemania) eta Lausanako (Suitza) Unibertsitateetako ikertzaileek. Proba horien bitartez saiatu dira argitzen dantzaren lengoaiak koloniaren arrakastan duen eragina. “Gure harridurarako, aurkitu dugu elikagaiak biltzerakoan erleen koloniak eraginkorragoak direla dantzaren lengoaia kendu zaienean”, azaldu du ikertzaile batek.

Meteorologia

Ikuspuntu meteorologikotik, otsaila ezohikoa izan da: ohi baino tenperatura beroagoak izan ditu eta lehorragoa izan da. Eguraldi honek eragozpenak handitu ditu: alde batetik, alergiak, baina baita suteak ere. Horretaz gain, otsaileko eta martxoaren hasierako eguraldi egonkorrak beste arazo bat eragin du: kutsadura.

Fisika

Material topologikoak ezagutu ditugu artikulu honen bidez. Berrian azaltzen digutenez, duela hamar urte pasatxo aurkitu zuten lehen material topologikoa, eta itxaropenak piztu zituen haren propietate bereziak. Zientzialariek pentsatu zuten oso material arraroak zirela. Orain, nazioarteko talde batek –bertan bi ikertzaile euskaldun ari dira lanean– materialon katalogo bat antolatu du sarean, eta tresna bat eratu du material batek halako ezaugarriak ote dituen jakiteko. Emaitza harrigarriak: materialen %27 inguruk dituzte propietate topologikoak. Topological Materials Database katalogoan azter daitezke materialak.

Adimen artifiziala

Gorka Gazkune UPV/EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakasleak kontatzen digu honetan Elon Musk enpresari estatubatuarrak orain dela urte batzuk adimen artifiziala modu irekian garatzeko enpresa bat sortu zuela. Orain enpresa hori, OpenAI izenekoa, erreferente bilakatu da. Azken hilabete honetan, esaterako, hizkuntza-eredu zehatz eta boteretsua argitaratu dute. Baina OpenAIko ikertzaileek erabaki dute ez dutela beraien eredua jendearekin partekatuko. Badirudi eredu honek testu onak idazten dituela eta pentsatzen dute helburu gaiztoekin erabil daitekeela. Adimen artifiziala arloarekin batera beti dator etika. Ez galdu Azkuneren zutabea!

Genetika

Zer da metabolomika? teknologia omikoen baitako azken diziplinatzat hartzen da; fenotipotik gertuen dagoen diziplina da, eta, hortaz, une jakin bateko organismoaren egoera hoberen adierazten duena. Diziplina honen helburua da metaboloma osoa aztertzea, baina, genomarekin edo proteomarekin alderatuta, metaboloma definitzea ez da erraza, testuan azaltzen digutenez. Diziplina konplexu honi buruz gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.