Litio gatzak depresio-aldiak prebenitzeko

Ziortza Guezuraga
Nahasmendu bipolarra duten pertsonengan depresio-aldiak prebenitzeko litio gatzek duten eraginkortasuna aztertu dute.

1. irudia: Litio tratamenduak nahasmendu bipolarra duten pertsonengan depresioa prebenitzeko gaitasuna aztertu da.

Bizitza errealean efektu prebentiboa du epe luzean litio gatzak erabiltzea, ikerketaren emaitzen arabera. Bizitza errealaren testuinguruan depresioa prebenitzeko litioak duen efektibotasuna aztertzea izan da helburua eta, horretarako, nahasmendu bipolarra duten 72 pazienteri jarraipena egin zaie hamar urtez.

Tratamenduari atxikidura ona izan duten pazienteek depresio aldi gutxiago izan dituzte eta baita aldi maniako eta hipomaniako gutxiago. Horretaz gain, depresio aldietan edota aldi maniako/hipomaniakoetan berriz erortzeko denbora ere motzagoa izan da atxikimendu gutxi izan duten pazienteengan.

Nahasmendu bipolarraren gaixotasun kostuaren analisiaren arabera, minbizia baino kostu handiagoa izan dezake. Depresioa, aldi maniakoak, aldi hipomaniakoak eta aldi mistoak izaten dituzte nahasmendu bipolarra duten pertsonek.

Sintoma afektiboen artean, sintoma depresiboak eta mistoak dira morbositate maila altuenekin, ospitalizazio tarte luzeagoekin eta bai epe laburrean bai epe luzean emaitza kaskarragoekin lotuta daudenak.

Ikerketa bizitza errealeko testuinguruan

Arabako Unibertsitate Ospitalean egin da ikerketa, psikiatria ospitaleratutako zerbitzua eta psikiatria larrialdi aretoa duen eremuko ospitale bakarra. Litio karbonatoarekin tratatutako 72 gaixo izan dira ikerketaren parte eta hamar urtez egin zaie jarraipena.

Hiru dira neurtu diren parametroak:

  • Birgaixotzea. Zortzi astean behin ebaluatu dira morbilitateari begira (aldiak, ospitalizazio mota) eta alkohol eta drogen erabilerari begira.

Gaixoen %80,5 (58 gaixo) depresio aldi edo aldi mistoak izan dute gutxienez. 58 gaixoetatik 44 (%75,9) atxikimendu ona izan dute. Atxikimendu ona izan duten litioarekin tratatutako gaixoek depresio sintomekin nabarmen gertakari gutxiago izan dituzte, atxikimendu txarra izan duten gaixoekin konparatuta. Aldi maniako eta hipomaniako gutxiago ere zenbatu dira atxikimendu ona duten gaixoetan.

Birgaixotze denbora depresio edo aldi mistoan 713,07 egun izan da atxikimendu ona izan duten gaixoen kasuan eta 376,07 atxikimendu eskasekoetan. Aldi maniako edota hipomaniakoei dagokienez, 705,6 eta 462,3 egun izan dira atxikimendu ona eta kaskarra izan duten gaixoetan, hurrenez hurren.

  • Atxikimendua. Tratamenduari atxikimendua ere neurtu da.

Ikertutako gaixoen %77,8 kontsideratu dira litio tratamenduari atxikiak. Alkohola neurriz gabe erabili duten edo alkoholarekiko dependentzia duten gaixoek atxikimendu maila baxuagoa izan dute alkoholik edaten ez duten edo noizean behin edaten duten gaixoekin konparaturik. Patroi bera ikusi da drogen erabilerari dagokionez.

  • Kostua. Ospitaleratzearen kostuak ere izan dira kontuan.

Ospitaleratze kostuei dagokienez, atxikimendu ona izan duten pazienteen kasuan 10.349 eurokoa izan da eta 44.547 eurokoa atxikimendu txarreko gaixoen kasuan, ikerketaren 10 urteetan zehar.

2. irudia: 10 urtean zehar aztertutako gaixoek izandako aldiak, depresibo eta mistoak, alde batetik, eta maniako eta hipomaniakoak, bestetik.

Emaitzen arabera, beraz, litioa erabilgarria da eta eraginkorra da nahasmendu bipolarrean depresio sintomak prebenitzeko bizitza errealaren testuinguruan. Gaixoek birgaixotzeak eta depresio sintomak dituzte, litio tratamenduari atxikimendu ona izanik ere, atxikimendu eskasa dutenek baino maila baxuagoan, hala ere.

Litioaren eraginkortasuna

Nahasmendu bipolarra tratatzeko botikarik garrantzitsuena. Epe luzera suizidioaren kontrako efektu prebentiboa ere badu. Aldi maniako eta maniakoetan litioak duen efektua oso ondo ikertuta dago, aldi depresiboetan eta mistoetan, baina, ebidentzia ez da hain sendoa.

Garrantzitsua da litioaren efektua bizitza errealeko testuinguruan aztertzea, nahasmendu bipolarrerako mantentze-tratamendu aukera gutxi daude eta, bereziki, depresioaren prebentziorako. Oso ikerketa gutxi daude aldi mistoetan eta depresioan litio gatzek duten efektuaren ingurukoak. Eztabaida dago depresio bipolarraren tratamendurako antidepresiboen erabilerari dagokionez, maniara aldatzeko arriskuagatik eta eraginkortasunaren inguruko kezka dela eta.

Litio gatzekin egindako tratamenduen arazo nagusietariko bat, bestelako tratamenduetan bezala, atxikimendu falta da. Tratamenduari atxikimendu faltak prebalentzia handia du nahasmendu bipolarrean, ikerketen arabera, %23,4 eta %32 artekoa. Zorroztasun faltari, albo ondorioei eta serum litio mailaren monitorizazio beharrari egozten zaie atxikimendu falta.

Erreferentzia bibliografikoa:

González-Pinto, Ana, et al., (2018). Can lithium salts prevent depressive episodes in the real world?. European Neuropsychopharmacology, 28, 12, 1351-1359. DOI: https://doi.org/10.1016/j.euroneuro.2018.09.008

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #245 - Zientzia Kaiera

[…] pazienteek depresio aldi gutxiago izan dituzte eta baita aldi maniako eta hipomaniako gutxiago. Arabako Unibertsitate Ospitalean egin da ikerketa eta 72 pazienteri jarraipena egin zaie hamar […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>