PNAS aldizkarian argitaratutako bi ikerketek baleen migrazioari buruzko zalantzak argitu dituzte. Fosilak aztertuta, ikusi dute gutxienez 270.000 urte atzera doan jarduna dela, eta satelite bidezko neurketen bitartez ondorioztatu dute baleak batez ere oroimenean oinarritzen direla bidaian zehar janaria non dagoen jakiteko.
Ehunka mila urtetan zehar itsasoetako erregina izan zen espeziea desagertzeko zorian egon zen, gizakiaren presioa zela eta. Eta gaur egun oraindik ere espeziearen egoera ez da suziriak botatzeko modukoa. Balea urdinaz (Balaenoptera musculus) ari gara; dakigula, munduan inoiz egon den animaliarik handienaz, hain zuzen.
IWC Baleen Nazioarteko Batzordeak 1966an debekatu zuen espeziearen ehiza, baina Sobietar Batasuneko flotek 1972. urtera arte ezkutuan ehizatu zituzten. IUCN Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak kudeatzen duen Zerrenda Gorriaren arabera, egun munduan 5.000-15.000 balea geratzen dira.
Makinaria biologiko erraldoi hau mantentzea ez da erraza. Krustazeo ñimiñoek osatzen duten krilla da baleen elikagai ohikoena, eta janari hori non dagoen jakitea ezinbestekoa dute bizirik iraun ahal izateko. Ez da edonolako kontua: eguneko hiru tona janari prozesatzeko ahalmena du zetazeo hauetako bakoitzak.
Janari hori eskuragarri izateko, ordea, migrazioa egin behar dute. Janaria ur hotzetan lortu ohi duten arren, hainbeste elikagairik ez dagoen ekuatore aldeko ur beroetan hazten dituzte balekumeak. Hau zergatik egiten duten eboluzioaren misterioa da. Teorian, bederen, ur hotzetan kumeak hazteko arazorik ez lukete izango —hala egiten du Balea australak (Eubalaena australis)—. Hipotesi batek dio agian baleek beherago dauden latitudeetan eboluzionatu zutela, bertan elikagaia gehiago zegoen antzinako garai batean, baina gero kontinenteen jitoa gertatu eta gero ur-lasterretan egon ziren aldaketak zirela eta, elikagai horiek guztiek gorago egin zuten. Baleak haien atzetik joan ziren, baina jatorrizko hazte lekuetara itzultzen jarraitu zutela dio hipotesiak.
Dena dela, hipotesi honen aurkako froga indartsua aurkeztu dute aste honetan PNAS aldizkarian. Ikertzaileek ondorioztatu dute baleek aspalditik egiten dutela gaur egun egiten duten migrazio berdina. Aspalditik diogunean, aspalditik diogu: gutxienez 270.000 urte aipatu dute ikerketa honetan. Oxigeno-18 isotopoaren analisian oinarritu dute lana. Alaskan, Kalifornian eta Panaman hartutako datuak baliatu dituzte.
Naturak jartzen dituen oztopoak gainditzeko zientzialariek erabili behar ohi dituzten amarru horietako bati heldu behar izan diote oraingoan ere. Baleen erregistro fosilek adina informazio ematen ez zuten eta, baleei itsatsita bizi diren lanpernen fosiletako 18O isotopoa analizatu dute, eta bertan aurkitu dute baleen mugimenduaren arrastoa. Bai fosiletan zein gaur egungo aleetan aztarna hori berdina da, ur beroetatik ur hotzetara egindako migrazio horren seinale.
Ez da gaiari buruz azken asteotan izan den berrikuntza bakarra. Izan ere, PNAS aldizkariaren aurreko ale batean gaur egungo balea urdinen migrazioa izan dute aztergai. Bigarren ikerketa honetan ondorioztatu dutenez, Ozeano Barean Kaliforniatik gertu migratu ohi duten balea urdinek konfiantza gehiago jartzen dute euren oroimenean inguruneko seinaleetan baino, bi faktore horiek kontuan hartzen dituzten arren.
Ameriketako Estatu Batuetako NOAA agentziako adituen hitzetan, baleek oroimena baliatzen dute “krill ugaria, egonkorra eta kalitate onekoa dauden lekuetara” berriro bueltatzeko. Ondorio honetara iristeko, hamarkada bateko behaketetan oinarritu dira. Bai baleen eguneroko mugimendua zein fitoplanktonaren kokapena satelite bitartez jarraitu dituzte.
Egileek egiaztatu ahal izan dute ia bete-betean bat datozela migrazioa eta historikoki fitoplanktonak izan duen eztanda (fitoplankton horren agerpenarekin batera doa baleen janaria osatzen duen krilla). Horrez gain, ikusi dute ere animaliek elikatzeko aukeratzen dituzten lekuetan hasiera batean elikagai gutxiago dauden arren, leku horietan epe luzera krill gehiago egongo dela. Hortaz, animalia hauek nolabaiteko aurreikuspena darabilte. Zientzia-artikuluan azaldu dutenez, lur ekosistemetan olatu berdea izenez ezagutzen den hipotesia egiaztatu nahi izan dute itsasoan: janari bila ari direnean, oroimenean oinarritzen direnekoa, hain zuzen.
Artikuluaren egile nagusi Briana Abrahms ekologoaren hitzetan, “migrazioan zehar nora mugitu behar duten erabakitzerakoan, urte asko bizi ahal diren eta oso adimentsuak diren animalia hauek kontuan hartzen dute elikagaiak non eta noiz egongo diren eskuragarri”.
Egileek azaldu dutenez, ezagutzen da lurreko hainbat animaliak ere elikagaien eskuragarritasun hau kontuan hartzen dutela migrazioa egiterakoan, baina itsasoan bizi diren animalien kasuan portaera hau identifikatzea zailagoa izan da orain arte. “Jakina da denboran eta espazioan gertatzen den baliabideen aldaketa migrazio prozesuen bultzatzaile handienetakoa dela lur eta itsas taxonetan, baina migrazio horiek noiz eta nora joaten diren zehazterakoan parte hartzen duten mekanismoak zeintzuk diren ekologiaren alorrean erantzuteko dagoen galdera da oraindik”, diote egileek zientzia-artikuluan.
Ondorioztatu dute baleek arbasoek erabilitako ibilbide berdinak erabiltzen dituztela, eta tokian tokiko baldintzen arabera gero doitze txikiak egiten dituztela ibilbidean. Hau da, bereziki oroimenean oinarritzen direla, baina baliabideen arabera ibilbide hori aldatzeko malgutasun nahikoa dutela. Dena dela, kezka agertu dute artikuluan: mundu osoan zehar zientzialariak klima aldaketaren ondorioak aztertzen ari diren modu berdinean, oraingo ikerketa honetan ere biologoek hori kontuan hartu dute, eta ez dakite zer gertatuko den klima aldaketaren ondorioz janaria dagoen lekuak aldatzen badira. Kasu honetan, orain arte lagungarri izan duten oroimena animalien kontra bihur liteke eta.
Erreferentzia bibliografikoak
- Abrahms, Briana. et al., (2019). Memory and resource tracking drive blue whale migrations. PNAS, https://doi.org/10.1073/pnas.1819031116 . DOI:
- Taylor, Larry D. et al., (2019). Isotopes from fossil coronulid barnacle shells record evidence of migration in multiple Pleistocene whale populations. PNAS, 116. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.1808759116
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
3 iruzkinak
[…] PNAS aldizkarian argitaratutako bi ikerketek baleen migrazioari buruzko zalantzak argitu dituzte. Juanma Gallegok testu honetan azaldu digunez, fosilak aztertu dituzte eta ikusi dute gutxienez 270.000 urte atzera doan jarduna dela. Oxigeno-18 […]
[…] Juanma Gallegok Zientzia Kaieran. […]
[…] Juanmma Gallego / 2019-03-27 / 795 hi hitz […]