Azken asteotan Jupiterren orban ikusgarriena materia galtzen eta, ondorioz, tamainaz txikitzen ari da. Eguzki-sisteman ezagutzen den ekaitzik handiena eta luzaroena da Orban Gorri Handia, baina litekeena da laster desagertzea.
Jupiterrera begiratzean edota planetaren irudi bat ikuskatzean, marra horizontalez osatutako planeta ikusten dugu. Zuri-marroi tonalitate ezberdinetako marrak dira izatez (ilunak bandak eta argiak zonak deiturikoak). Hego-hemisferioan, 22º-ra ordea, elipse gorri handi bat azaltzen da (ikus 1. irudiaren ezkerraldea), Orban Gorri Handia modura ezaguna dena.
Oraindik ez dago argi kolore gorri berezi horren jatorria. Orbana inguruko hodeietatik 8 km gorago hedatzen da eta bertan atmosferako baldintzak ezberdinak direnez, pentsatzen da atmosferako konposatuen eta eguzki erradiazioaren arteko erreakzio kimikoak ezberdinak izan daitezkeelarik, horrek kolore gorria eragin dezakeela.
Kontua da orban hau oso ondo bereizita dagoela bere ingurutik, eta beraz, bere koloreari esker oso ondo identifika daitekeela orbanaren muga. Horregatik, orbanak materia galtzen duenean ere, askatutako materia argi eta garbi azaldu ohi da irudietan. Adibidez, maiatzaren 19an orbanetik kanporantz beso espiral gorri moduko bat ateratzen zela ikusi zen (ikus 1. irudiaren eskuinaldea). Astebete geroago, orbanak materia zati handi bat galdu zuela ere ikusi genuen.
Orbana oso gune dinamikoan dago. Jupiterren bandak eta zonak korronte atmosferikoen mugak dira, ia denak ekialderanzkoak. Bada ordea bat mendebalderanzkoa, ekuatoretik hegoaldera 20º-ra dagoen korronte estu baina indartsu bat. Orban Gorri Handiaren goi muga ezartzen du korronte honek. Izatez, orbana bi korronteen artean kokatuta dago, goitik (iparraldetik) mendebalderanzko korronte indartsua du eta behetik (hegoaldetik) ekialderanzko korronte bat.
Konfigurazio honek eragiten du orbanak erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan biziki biratzea (430km/h abiadurako haizeak izan ditzakeelarik), baina tarteka ezegonkortasunak ere eragiten ditu. Hauen ondorioz, orbana eta bere ingurunearekin materia-trukaketak gerta daitezke. Zurrunbilo txikiak (zikloiak eta antizikloiak) orbanera hurbiltzean, orbanak irentsi egin ohi ditu, eta materia berria barrura sartzen da. 2017ko maiatzean ordea, aurkako fenomenoa gertatu zen, orbanak materia galdu zuen kanporanzko beso espiral baten ondorioz. Beso honek egun batzuk iraun zituen ikusgai, azkenean inguruko atmosferarekin nahastu eta desagertu zen arte.
Beraz, duela aste pare bat ikusitako besoa ez da fenomeno berria. Izan ere, urtarriletik hona behin baino gehiagotan ikusi da. Azken beso horrek orbanean eragin duena ordea, ezberdina da; izan ere, orbana mugatzen duen elipsea nabarmen txikitu da. Horrela dirudi baina baliteke beste zerbait izatea: orbana uzkurtu ez baina kanpoaldeak kolorez aldatu izana.
Bestalde, badirudi inguruko atmosferak orbana “erasotzen” jarraitzen duela, eta materia zatiak behin eta berriz kanporatzen direla (ikus 2. irudia). Oraindik ez dago erabat argi orban inguruko korronteak edota korronteei esker orbanera hurbiltzen diren zurrunbiloak diren materia kanporatze honen erantzule, baina egoerak honela jarraituz gero, Jupiterren Orban Gorri Handia desagertu egin daiteke.
Edo agian ez. Orbanaren nukleoak indartsu darrai eta ez dirudi ahuldu egin denik. Agian orbanak nukleo inguruko materia guztia gal lezake, baina bihotza tinko mantenduz. Beharbada, ondoren, berriz indartu eta hazi liteke.
Ekaitzak etengabe sortzen eta desagertzen dira Lurrean, bai eta Jupiterren ere. Izatez, ezin dugu baieztatu egun ikusten dugun Orban Gorri Handia 1665ean ikusitakoaren berdina denik. Hooke eta Cassiniren lehen behaketa haien ondoren, 1713. urtera arte, orbanaren erregistro gehiago egin ziren. Ondoren ordea, 1830. urtera arte ez dago datu gehiagorik. 115 urteko hutsunea dago behaketetan. Beraz, baliteke hasierako orban gorri hura desegin eta birsortzea, guk berriz behatu aurretik.
Edozein kasutan, egungo orbana ahuldu eta indartuz gero, edota guztiz desagertuz gero, edota desegin eta berriz sortuz gero, zientziaren une garrantzitsu baten aurrean gaude, eta adi adi jarraituko dugu Jupiterrerantz begira.
Izatez, aspaldi gaude erne: iaz The Astronomial Journal aldizkariko artikulu batean orbana hurrengo 20 urteetan desager zitekeela azaldu zutenetik. Egia da bere tamaina (XIX. mendean) lehenengo aldiz neurtu zenetik asko txikitu dela. Garai hartan orbanaren diametroa Lurrarenaren hirukoitza zen, eta iaz 1.3 aldiz handiagoa soilik. Artikulu horretan esaten zen, txikitze erritmo horri eutsiz gero 20 urte beharko zirela orbana guztiz desegiteko. Edonola, zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta ahulagoak izaten dira ekaitzak, eta beraz, hauskorragoak. Agian, ez ditugu 20 urte beharko orbanaren amaiera ikusteko. Apika, 20 egunean gerta daiteke.
Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) eta Itziar Garate Lopez (@galoitz) UPV/EHUko Fisika Aplikatua I Saileko irakasleak dira eta Zientzia Planetarioen Taldeko kideak, Peio Iñurrigarro fisikaria da eta Zientzia Planetarioen Taldeko
kidea.
1 iruzkina
[…] materia galtzen eta, ondorioz, tamainaz txikitzen ari dela, hau da, orbana desagertzen ari da. Artikuluan azaltzen denez, Orbana oso gune dinamikoan dago. Jupiterren bandak eta zonak korronte atmosferikoen mugak dira, ia […]