Asteon zientzia begi-bistan #263

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Paleontologia

Eurasiako sapiens zaharrena identifikatu dute. Grezian, leku berean aurkitutako bi garezur aztertuta, bata duela 210.000 urteko sapiensa, eta bestea 170.000 urteko neandertala direla ondorioztatu dute. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, lehena, Eurasian aurkitu den sapiensik zaharrena litzateke. Horrek adierazten du modu berean gizaki modernoa uste baino askoz lehenago atera zela Afrikatik. Ikerketa honek zalantzak piztu ditu.

Beste aurkikuntza bat ere izan dugu asteon: Europan inoiz aurkitutako hegazti fosilik handienaren berri eman dute. Paleontologo talde batek ostruka bat baino hiru handiz handiagoa zen hegazti bat aurkitu dute; duela 1,5 eta 1,8 milioi urte bitartean kokatu dute fosila, Krimean, eta Europara sartu ziren Homo erectus espezieko lehen hominidoak iritsi zirenean hegazti hori kontinentean zegoela iradoki dute. Aurkitutako fosilean oinarrituta, hegaztia nolakoa izan zen azaldu digute. Juanma Gallego kazetariak eman dizkigu xehetasunak artikulu honetan. Ez galdu!

Astrofisika

Badirudi azken asteotan Jupiterren Orban Gorri Handia materia galtzen eta, ondorioz, tamainaz txikitzen ari dela, hau da, orbana desagertzen ari da. Artikuluan azaltzen denez, Orbana oso gune dinamikoan dago. Jupiterren bandak eta zonak korronte atmosferikoen mugak dira, ia denak ekialderanzkoak. Jupiterrerantz begira jarraitu beharko dugu. Zer gertatuko da etorkizunean?

Artikulu honen bidez egileek azaldu dute nola aplikatzen zaien termodinamikaren legeak zulo beltzei. Hasteko zer da termodinamika? Beroaren dinamika aztertzen duen fisikaren adarra da eta lau lege ditu oinarri, XIX.mendean zehar garatu zirenak. Duela 50 bat urte, Einsteinen erlatibitate orokorraren teoriaren arabera, zulo beltzek termodinamikaren legeen pareko legeak betetzen dituztela ondorioztatu zen.

Osasuna

Frantziako Osasunaren Goi Agintaritzak argitaratutako txosten batean homeopatia diru publikoz ez laguntzea aholkatu zuen agintaritzak, ez dagoelakoan produktu horiek eraginkorrak direla frogatzen duen oinarri sendorik, eta gobernuak kasu egingo dio. Hortaz, 2021etik aurrera, produktu homeopatikoak diru publikoz ordaintzeari utziko diote. Adierazi dutenaren arabera, prozesua progresiboa izango da: 2020an, kostuen %15 ordainduko ditu estatuak. Berrian informazio guztia.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.