Europan inoiz aurkitutako hegazti fosilik handienaren berri eman dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ostruka bat baino hiru handiz handiagoa zen hegazti bat ezagutzera eman du paleontologo talde batek. Duela 1,5 eta 1,8 milioi urte bitartean kokatu dute fosila, Krimean, eta Europara sartu ziren Homo erectus espezieko lehen hominidoak iritsi zirenean hegazti hori kontinentean zegoela iradoki dute.

Europara iritsi zirenean, baliteke lehen hominidoek tona erdiko hegaztiekin topo egin izana. Egia esanda, momentuz ez dago ziurtatzea hala izan zenik, baina aukera hori planteatu du ikertzaile talde batek, Krimean (Ukraina) aurkitu berri duten fosil baten datazioa jakinda. Teorian bederen, eta epe luzeko datazioak nahiko malguak direla kontuan izanda, bai hominidoek zein hegazti erraldoiek denboran eta espazioan bat egiteko aukera bazegoelako. Dena dela, batera agon ziren ala zen gutxienekoa da. Deigarriena da ipar hemisferioan horrelakorik aurkitzen den lehenengo aldia dela honakoa.

1. irudia: Krimeako aztarnategian aurkitutako hegaztiaren berreraikitze artistikoa. (Ilustrazioa: Andrey Atuchin)

Aurkitutakoa ez da edonolako fosila. Zinez, hezur puska bat da: 40 zentimetroko luzera duen izterreko hezurra, hain zuzen. Lehen aldiz fosila eskutan izan zuenean, elefante-hegazti baten fosila zelakoan zegoen Errusiako Zientzien Akademiko ikertzaile Nikita Zelenkov, artean Europako erregistro fosilean tamaina horretako hegaztiren aztarnarik ez zegoelako. Orain arte uste zen horrelako hegazti erraldoiak soilik Madagaskarren, Australian eta Zeelanda Berrian bizi izan zirela, beti ere, uharteei lotuta.

Ez da izan Taurida izeneko leize sare batean aurkitutako fosil bakarra, baina bai esanguratsuena. Ezaguna da paleontologoak ederki moldatzen direla hezur bakar batean abiatuta animalia osoa “eraikitzen”, baina badira hainbat hezur mota bereziki aproposak direnak horretarako. Tamaina kalkulatzeko, bereziki femurra edo humeroa dira oso egokiak. Animalia pisutsuenek hezur indartsuagoak behar dituzte euren gorputzaren pisuari eusteko, eta ia animalia guztietan aurkitu da hezur horien eta pisuaren arteko korrelazioa badagoela.

Hortaz, aurkitutako fosilean oinarrituta, hegaztia nolakoa izan zen irudikatzeko modua izan dute. 3,5 metroko altuera eta 450 kilo inguruko pisua kalkulatu dute; ostruka bat baino hiru aldiz handiagoa, gutxi gorabehera. Pachystruthio dmanisensis espeziekoa dela uste dute, baina bere katalogazioa ez dago guztiz argi oraindik. Ikerketa hau ahalbidetu duen Errusiako Zientzien Fundazioaren txostenaren arabera, aurretik espezie horretako aztarnak aurkituak izan dira Georgian eta Hungarian, baina “ostruka erraldoienak” zirela zehazterik baino ez dute izan, haien tamaina kalkulatu ahal izan gabe. Orain Krimean aurkitutako hezurrarekin tamaina fintzeko modua izan dute. Journal of Vertebrate Paleontology aldizkarian argitaratutako zientzia-artikulu batean egin dute fosilaren deskribapen osoa.

Hezurra luzea eta nahiko mehea izateagatik, uste dute abiadura handia hartzeko gaitasuna zuela, hegal egiteko ahalmena galduta izan arren. Hori izan zen, ikertzaileen arabera, espezieari bizirik irautea ahalbidetu zion estrategia. Beharko zuen, seguruenera, aztarnategi berean aurkitu dituztelako hegazti horren harrapakari izan zitezkeen bestelako animalia beldurgarrien aztarnak: sable horzdun tigrea, gepardo erraldoia edota hiena erraldoia, besteak beste. Horiez gain, mamut baten eta bisoi baten aztarnak aurkitu dituzte. Azaldu dutenez, aztarna hauek erabakigarriak izan dira hegaztiaren datazioa egiteko.

2. irudia: Aurkitu berri duten hegaztiaren hezurrak (ezkerrean, erdian eta eskuman), ostruka baten hezurrekin alderatuta. (Argazkia: Nikita Zelenkov/Society of Vertebrate Paleontology)

Hegazti horren fosila duela 1,5 eta 1,8 milioi urte bitartean bizi izan zela uste dute, eta, Homo erectus hominidoa duela 1,2 milioi urte iritsi izan zela kontuan hartuta, biak aldi berean kontinentean egoteko aukera planteatu dute. Zelenkovek aitortu du ez dakitela ziur noiz desagertu zen hegazti erraldoi hori, eta balitekeela 1,2 baino milioi urte inguru desagerrarazita egotea. Halere, “Homo erectus espezieko kideek horiek ikusteko aukera” izan zezaketela erantsi du, prentsa ohar batean, eta hegazti handi hori haragiaren, hezurren edota arrautzen iturria izan zitekeela planteatu dute. Esan beharrik ez dago, hegazti horiek gure espeziekoak ez ziren baina gizakitzat hartzen ditugun hominido horien alboan irudikatzeak joko gehiago ematen du hedabideetan, eta bide hori jarraitu dute haien ikerketa zabaltzeko. Baina, kasu honetan, ez da hedabideei begira diseinatutako estrategia hutsa izan: zientzia-artikuluaren tituluan bertan ere azaldu dute ideia.

Dena dela, datarena ez da erabili dute argudio bakarra ustezko lotura hori proposatzeko. Georgiako Dmanisi aztarnategian hegazti hori ez baina bai hegaztiarekin batera aurkitu diren antzeko fosilak aurkitu dituzte, eta ezaguna da Dmanisin ere Homo erectus izan zela. Zientzialariek beraiek aitortu dutenez, oraingo erronka da espeziea Europako beste lekuren batean aurkitzea, baina iragarri dute Krimeako aztarnategian bertan beste kanpaina bat aurrera eramateko aukera dutela.

Simferopol eta Kertx hirien artean eraikitzen ari diren autobiderako lanetan aurkitu dute aztarnategia. 2014an Krimea okupatu zuenetik, Errusiar Federakundeak martxan jarri nahi izan dituen azpiegituretako bat da hori, penintsularen erdian dagoen Simferopol hiriburu administratiboa eta Errusiarako sarbidea den Kertx hiriak lotzeko.

Gigantismo mota honen arrazoi ebolutiboa orduko klima-aldaketei egokitzeko beharrarekin lotu dute. Estepa irekietan zailagoa da nutritiboak diren elikagaiak eskuratzea, eta animalia handiek behar metaboliko txikiagoak dituztela azaldu dute egileek. Ez dago argi zein izan den Lurraren historian zehar planetan inoiz izan den hegaztirik handiena, baina ikertzaileek uste dute marka hori Vorombe titan deritzonari eman behar zaiola. Hiru metroko altuera zuela kalkulatu da, eta 800 kilo inguruko pisua.

Erreferentzia bibliografikoa

Zelenkov, Nikita V. et al., (2019). A giant early Pleistocene bird from eastern Europe: unexpected component of terrestrial faunas at the time of early Homo arrival. Journal of Vertebrate Paleontology, e1605521. DOI: 10.1080/02724634.2019.1605521


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.