Ziurgabetasunaren ziurtasuna IPCCren txostenetan

Dibulgazioa

Lurraren historia modernoko laugarren urterik beroena izan zen 2018. urtea. Gure planetako tenperatura altuak, paradoxikoki, hotzikarak sentiarazten dizkiguten muturretaraino iristen ari dira.

Munduko klimaren bilakaera –kezkaturik– jarraitzen dugunok ikusi dugu nola Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO, ingelesez) azaldu duen batez besteko tenperaturaren hogei errekor hautsi direla azken 22 urteetan. Eta joera hori goraka doala: Lurrak laurehun hilabete jarraian izan ditu batezbesteko historikoa gainditu duten tenperaturak; horrela, XX. mendeko erreferentziaren gainetik egon da 33 urtez jarraian.

1. irudia: 2017. urteak munduko batez besteko tenperaturaren errekorra hautsi zuen; hala, lehenengo postua kendu zion 2016. urteari, zeinak aurreko bi urteetako marka harrigarria gainditu zuen. (Argazkia: Gerd Altmann / Pixabay)

Klima-aldaketa gertatzen ari dela ziurta dezakegu, eta horrek benetako mehatxua ekarriko du ezagutzen dugun munduarentzat. Gainera, mehatxu hori nagusiki gizakiaren industria jardueragatik sortu dela adierazten dute datu guztiek. IPCCren “Global Warming of 1,5 ºC” txosten bereziak, 2018. urte amaieran argitaratua, argi uzten du: jarduera horrek planetaren tenperatura gutxi gorabehera 1 ºC igo duela uste da, industria garaiaren aurreko mailak kontuan hartzen badira. Hamarkada gutxi batzuetan, atmosferako CO2 kontzentrazioa % 30 igo da, 400 ppm gaindituta, eta orain dela hiru milioi urte datatutako errekorra hautsita. Ez da klimaren bilakaera naturala: ikaragarri nabarmena da, eta ia komunitate zientifiko osoa iritzi berekoa da.

Tresna matematikoak etorkizuna iragartzeko

Iraganeko klima-aldaketa azken mendean jasotako datuen historikoari esker ziurta daiteke, baina etorkizuna ezagutzeko ez dago behaketa posiblerik. Gure planetak aurre egin beharko dien egoera posibleak aztertu nahi baditugu, simulazio konplexuko ereduen mendean gaude ia esklusiboki, eta horiek azpiereduz osatuta daude, zeinak NASA, UK Met Office, Beijing Climate Center eta halako taldeek etengabe garatzen dituzten.

2. irudia: NASAren Goddard Earth Observing System (GEOS-5) eredu klimatikoa erabiliz lortutako simulazioak. (Iturria: William Putman/NASA/Goddard)

Simulazio horiek lehenago sartutako corpus teoriko baten arabera egiten dira. Adibidez, atmosferako simulazioen kasuan, corpus hori honela osatuta dago: (i) elementu jariakor finituetan aplikatutako Newtonen higidura legeak; (ii) masaren kontserbazio legea; eta (iii) ekuazio termodinamikoak, aire zati bakoitzean beroaren efektua kalkulatzea ahalbidetzen dutenak eguzki izpien balio parametrizatuen bitartez. Hiru osagai horiek soluzio analitiko askaezineko ekuazio diferentzial partzial ez-lineal bihurtzen dira. Hori dela eta, ekuazio jarraituak diskretizatzen dituzten eta horien ebazpenaren hurbilketa bat zehaztea ahalbidetzen duten zenbakizko metodoak aplikatzen dira, modelizazio eta konputagailu simulazio tekniken bitartez.

Beste azpieredu batzuekin batera, karbonoaren zikloaren simulazioa edo mugimendu tektonikoa, esaterako, simulazio horiek etorkizuneko egoera posibleak eraikitzeko erabiltzen dira, eta horiek ondorioak arintzeko politikan edo ingurumen-egokitzapenerako politikan –ikatzaren monetizazioa edo geoingeniariatza estrategien aplikazioa, adibidez– erabakiak hartzeko tresnak dira. Hala ere, klima-aldaketa antropogenikoa gidatzen duten mekanismoak ondo ulertzen diren arren, proiekzio horiek ziurgabetasuna adierazten dute emaitzen zehaztasunean. Horien kuantifikazioa da, hain zuzen, adituek politikariei (ez)jakintasuna komunikatzeko erreminta nagusia.

Ziurgabetasunaren iturriak

Literatura espezializatuak ziurgabetasun maila zehazten duten ziurgabetasun epistemikoaren zazpi iturri ere ezartzen ditu:

  • Osagaien eta dauden interakzioen azpimultzo bat deskribatzea bakarrik ahalbidetzen duten ereduen egitura.
  • Zenbakizko hurbilketak.
  • Ebazpen mugatua, mikroeskalako prozesuak parametrizatuak izatea eta, ondorioz, beren efektua –prozesua benetan konpondu gabe– eskala handiko kuantifikazio eskuragarrien arabera deskribatu behar izatea eragiten duena.
  • Barne aldakortasun naturala.
  • Datuen behaketa.
  • Hasierako eta inguruko baldintzak.
  • Etorkizuneko egoera ekonomikoa.

Ziurgabetasunaren iturri horiek guztiak eredu bakoitzerako dauden klimaren hainbat irudikapenetatik datoz. Ziurgabetasun horrek oro har jendearengan sortzen duen lehenengo inpresioa da klima-aldaketaren hipotesia, nolabait, zalantzazkoa dela. IPCCren I Taldearen ondorengo txostenetan aurkeztutako ziurgabetasun ereduak ez dira, ordea, klima-aldaketa zalantzazkoa den ala ez argitzeko aurkezten, baizik eta lortutako ereduen kalitatea jakinarazteko eta milaka eta milaka zientzialarik eskuratutako emaitzen prozesutik kanpo hartutako erabaki politikoak helarazteko.

3. irudia: Lurreko gainazal-tenperaturaren proiekzioak. (Iturria: Policymaker Summary of The Phisical Science Basis – 4th IPCC Report).

Badirudi argi dagoela ezin dugula etorkizuna ziurtasun osoz ezagutu eta, Zygmunt Baumanek esango lukeen moduan, daukagun ziurtasun bakarra ziurgabetasuna dela. Hala ere, horrek ez du galarazten modu nahiko sendoan aurreikustea izango dugun etorkizun gertagarria. Horregatik, simulazioen emaitzak ziurgabetasunaren eredu gertagarriekin aurkeztea ez da ahultasun zeinua, baizik eta balioespen horiek modu garden batean azaltzeko tresna, ikerketa zientifikoa politika, gizarte eta etika kontuekin nahastu gabe. Jarduera hori zorroztasun eredutzat hartzen dute zientzialariek eta IPCCk, nahiz eta badiren zalantzaren merkatariak ahultasuntzat jotzen dutenak. Izan ere, IPCCko txostenetako ziurgabetasunaren ziurtasuna, paradoxikoki, eskuragarri dagoen modu bakarra da etortzekoa den klimaren proiekzio ahalik eta ziurrenak egiteko.

Gehiago jakiteko

Winsberg, Eric (2018), Philosophy and Climate Science, New York: Cambridge University Press.


Egileaz: José Luis Granados Mateo UPV/EHUko Historia eta Filosofiako doktorego aurreko ikertzailea da.


Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko uztailaren 15ean: La certeza de la incertidumbre en los informes del IPCC. Eta bigarren bertsio bat The Conversation gunean abuztuaren 13an: La incertidumbre en los informes sobre el cambio climático: ¿un motivo para dudar?

1 iruzkina

  • […] Lurraren historia modernoko laugarren urterik beroena izan zen 2018. urtea. Klima-aldaketa gertatzen ari dela argi dugu jada eta egoera hori nagusiki gizakiaren industria jardueragatik sortu dela ere bai. IPCCren “Global Warming of 1,5ºC txosten bereziak argi uzten du: jarduera […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.