Eltxoen, eskoziarren, esklaboen eta nazien inguruko historia

Dibulgazioa

Gutako gehienoi eltxoetan pentsatzean azkura eta ziztadak datozkigu burura. Udarekin lotzen dugun anekdota gogaikarria dira. Baina ia mundu osoan, historiaren zati handi batean, eltxoak hori baino gehiago izan dira; gizakientzako mehatxu handienetako bat dira, malaria, dengea, zika eta beste gaixotasun kutsakor batzuk transmititzen dituzte eta.

Hain zuzen ere, esan daiteke gizakientzako eltxoak animaliarik arriskutsuena direla, baita lur edo itsas harrapari handiak baino arriskutsuagoa ere.

1. irudia: Anopheles gambiae familia osatzen duen sei espezietako eltxo bat. Eltxo hauek ziztada baten bitartez odola xurgatzeaz gain, listua sartzen dio gizakiari. Horrela, malaria sortzen duten protozooak gorputzean sartzen dira. Eltxo hauek malariaren bektore biologikok dira. (Argazkia: Domeinu publikoko argazkia – Wikipedia)

Beraz, horrek esan nahi du udako izerdi edo txosnako musika nekagarriak baino inpaktu handiagoa dutela. Izan ere, eltxoek, mendez mende, eragin handia izan dute biztanleriaren mugimenduetan eta gerrako emaitzetan. Horixe bera azaltzen du Timothy Winegard historialariaren The Mosquito: A Human History of Our Deadliest Predator liburuak. Hain zuzen, giza historia moldatu duen naturaren indar gisa deskribatzen ditu intsektu horiek.

Panamako eltxoak eta Eskoziaren independentzia

Winegardek, adibidez, The New Yorker aldizkariko artikulu honetan, historiako gertaera bat kontatzen du. 1698an, bost itsasontzi abiatu ziren Eskoziatik Mundu Berrira, kargamentu komertzial oso mamitsuarekin: ileordeak, artilezko galtzerdiak eta tapakiak, nakarrez egindako orraziak, bibliak eta larruzko zapatak. Horrez gain, inprimatzeko makina bat zeramaten itsasontzian, kolonoek, helmugara iristean, kontratuak, itunak eta hitzarmenak inprimatzeko asmoa baitzuten. Kargamentua sartu ahal izateko, janari errazioen erdia bakarrik eraman zuten.

Helmuga Panamako Darién eskualdea zen. Eskoziako Konpainiak merkataritza gune bat sortu nahi zuen, istmoaren bitartez harremanetarako bide bat egiteko eta, hala, Ozeano Pazifikoa eta Atlantikoa lotzeko. Horren bidez, beren herrialdeko ekonomia bultzatu nahi zuten; izan ere, hainbat urte zeramatzaten gerran Ingalaterraren aurka, eta defendatzen zuten independentzia arriskuan zegoen, gosete luze baten ondorioz. Ekimen hori ez zen bakarra izan: uste da garai hartan Eskozian mugitzen zen diruaren laurdena edo ia erdia Panamako merkataritzarekin lotuta zegoela.

Espedizioa erabateko porrota izan zen. Kolonoak gaixotu egin ziren, sukar horiak eta malariak jota, eta ez zutenez gaixotasun horien aurkako defentsarik, egun bakar batean hamar lagun hiltzera ere iritsi ziren. Kolonoen egunerokoetan askotan aipatzen dira eltxoak. Sei hilabete igaro ondoren, bizirik atera zirenak iparralderantz abiatu ziren, baina bidean ere hil egiten ziren, eta itsasora botatzen zituzten gorpuak.

2. irudia: 1690. urtearen bueltan Afrika eta Indiekin komertzioa gauzatzen zuen Eskoziako Merkataritza-etxearen banderaren erreprodukzioa. (Argazkia: Domeinu publikoko argazkia – Shadowxfox / Wikipedia)

Egin zuten ahalegin handi horren emaitza komertzialak benetan etsigarriak izan ziren. Eraman zituzten gauza guztietatik (orraziak, zapatak, etab.), inprimatzeko makina bakarrik iritsi zen helmugara. Baina, Winegardek bere liburuan kontatzen duen bezala, misioaren porrotak ezusteko emaitza izan zuen: bidaiak sortu zuen zorraren ondorioz –beste arrazoi batzuen artean–, eskoziarrek Ingalaterrarekin bateratzeko eskaintza onartu behar izan zuten. Eta horrela lagundu zuten Panamako eltxoek Britainia Handia sortzen.

Jakina, eltxoek (haien infekzioekin) eta gizakiek denbora luzez izan dute harreman estua, eta batzuentzat tamalgarria izan zen arren, beste batzuentzat, askoz lehenago, lagungarria izan zen. Eskoziarrak Panama konkistatzen saiatu baino hamabost mende lehenago, Erromako armadak Eskozia bereganatzeko egin zuen saiakera. Uste da, garai hartan, herrialde hori konkistatzeko helburuarekin joan ziren zortzi mila soldadu erromatarren erdiak hil zituela malariaren andui endemiko batek. Tokiko beste andui batzuek hildako asko eragin zituzten Hanibalen armada Italiatik igaro zenean; Gengis Khanen gudu taldeak Europako hegoaldera iritsi baino lehen geldiarazi zituzten, eta Europako gurutzatuei Lur Santua konkistatzea eragotzi zieten historiako beste une garrantzitsu batzuetan.

Gaixotasun zaharrak eta kontinente berriak

Eltxoek egiteko garrantzitsua izan zuten historiako gertakari horietan; bereziki, gaixotasun zaharrak kontinente berrietara iristen zirenetan. Kolon Amerikan lehorreratu zenean, kolonoek berekin eraman zituzten eltxoek ere gaixotasun berriak eraman zituzten. Baztangaz eta gripeaz gain, intsektu horrek eragindako gaixotasunen ondorioz, 55 milioi indigena hil ziren; hau da, europarrak bertara iritsi baino lehen zeuden biztanleen % 90 baino gehiago. Hortaz, inpaktu zuzena izan zuen bai lurraldearen konkistan bai biztanle taldeek orduan hasi eta mendeetan eta mendeetan izan zituzten harremanetan. Gehienbat balio izan zuen ia biztanlerik ez zuen lurralde zabal eta emankor baten ideiari forma emateko; lurraldea kolonoen zain zegoen, hari probetxu ateratzeko, jainkoaren deiera izango balitz bezala.

Dirudienez, gizakiek aitzakiak sobera dituzte haien kidekoekin krudel jokatzeko, eta, gainera, eltxoek, euren ziztadek eta euren gaixotasunek eragina izan zuten Atlantikoan zeharreko esklaboen merkatuaren garapenean eta bilakaeran. Afrikar jatorriko lehen esklaboak Amerikara iritsi zirenean, malariaren bertsio oso gogor bat iritsi zen, Plasmodium falciparum parasitoak eragindakoa eta eltxoek transmititutakoa.

Orduan, XVII. eta XVIII. mendeetan, esklaboek inportatutako gaixotasunekiko zuten kaltegarritasunak eragina zuen euren prezioetan: indigena batek gaixotasun horien ondorioz hiltzeko arrisku handia bazuen, ez zuen balio gaixotasunak jasan zitzakeela erakutsi zuen europar batek bezain beste, eta hark ere Afrikatik zuzenean eramandako pertsona batek baino gutxiago balio zuen. Garestienak afrikarrak ziren, Mundu Berrian denbora nahikoa eman baitzuten frogatzeko gai zirela lurralde bateko eta besteko gaixotasunak jasateko.

Eltxoak, nazien arma biologikoak

Beste garai batzuetan, intsektu hilgarri hori beren alde menderatzen eta baliatzen saiatu izan dira. Adibidez, Hitlerren Alemania nazian. 1942. urtean, SSetako komandante Heinrich Himmlerrek Entomologia Institutua sortu zuen Dachauko kontzentrazio esparruan. Institutuaren helburua eltxoen erabilera belikoa ikertzea zen, Hirugarren Reicheko etsaien aurka gerra kimiko eta bakteriologiko baten elementu gisa. Ideia hori ez zen ezerezetik sortu: hilabete batzuk lehenago, 1941. urteko Eguberrietan, Himmlerrek Ekialdeko Fronteko tropak bisitatu zituen, eta ikusi zuen soldaduak zorriek janda zeudela. Ongi zekien Lehen Mundu Gerran zorriek transmititutako tifusak hildako asko eragin zituela alemaniar tropetan, eta hierarka naziak berak ere fobia zien eltxoei. Horrela piztu zen intsektuak bere alde erabiltzeko ideia.

3. irudia: Himmlerren inspekzio bat Dachaun 1936ko maiatzean. (Argazkia: CC BY-SA 3.0 DE lizentziapean – Wikipedia)

Historialariek urte luzez pentsatu izan dute Himmlerren Entomologia Institutuko jarduerak intsektuen, haien bizi zikloen eta transmititzen zituzten gaixotasunen inguruan gehiago ikasteko eta Alemaniako tropak babesteko nola immunizatu ikertzeko zirela. Baina, 2014an, Klaus Reindhart entomologoak eskuragarri zegoen dokumentazioa berrikusi eta beste ondorio bat atera zuen; zirudienez, beste arrazoi bat edo behintzat beste arrazoi bat gehiago zegoen Himmlerrek intsektuekiko zuen interesaren atzean: etsaien aurka gerrako arma bezala erabiltzea.

Esperimentazioa Dachaun egin zen, SSek guztiz kontrolatzen zuten esparruan, hain zuzen. Bertan, gainera, presoekin esperimentu krudelenak egin ziren, eta horietako batzuk malariarekin lotuta zeuden. Horrez gain, institutua zuzentzeko Alemaniako beste aditu batzuk baztertu eta Eduard May aukeratu zuen, hala moduzko entomologoa baina guztiz antisemita. Horregatik guztiagatik, Reindhartek susmoa zuen Himmlerri interesatzen zitzaion bakarra ez zela eltxoen bizi zikloa. Mayren txosten batean (1944. urtekoa), iruzkin hau aurkitu zen Reindhartek: «malariaren parasitoak infekzio masibo artifizial bat eragitea posible zen argitzeko».

Giza historia hainbat faktoreren baldintzapean egon da beti, eta faktore horietako batzuk gure espeziearen kontroletik kanpo egon dira gainera. Horietako bat da, hain zuzen, espezie hau, orain baino ez baikara hasi hari aurre egiten ikasten, eta hala moduan bakarrik. Azken finean, gure onetik ateratzen gaituzte udako gauetan belarri ondoan haien burrunba entzuten dugunean. Pentsa ziztada bat dela eltxoek eragin dezaketen ondoriorik arinena. Bestela, esan diezaietela Eskoziako kolonoei…

Iturriak

  • How Mosquitoes Helped Shape the Course of Human History – The Smithsonian Magazine
  • How mosquitos changed everything – The New Yorker
  • Los nazis investigaron con mosquitos infectados de malaria como armas biológicas – Materia
  • The Entomological Institute of the Waffen-SS: evidence for offensive biological warfare research in the third Reich – Endeavour

Egileaz: Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko abuztuaren 19an: Una historia de mosquitos, escoceses, esclavos y nazis.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.