Hiri-hondakin solidoen (HHSn) kudeaketa kezka handiko gaia bihurtu da azken urteotan. Europa mailan, indarrean dagoen zuzentarauan finkatutako helburuak zorroztea berriki proposatu da; horren arabera, 2035rako HHSen %65a birziklatu, ontzien %75a birziklatu, eta hondakin guztien hondakindegiko ezabatzea %10eko gehienekora murriztu beharko dira.
Modu ez selektiboan biltzen diren HHSen (errefusa, zabor nahasia) konposizioa ezagutzea da gaur egun egiten den kudeaketa hobetzeko lehenengo pausua. Ildo horretan, Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatzen duen errefusa karakterizatu da, horren konposizio zehatza ezagutu ahal izateko (ze masa-portzentaje dagokio frakzio bakoitzari?). Modu horretan bakarrik diseinatu ahal izango dira legez ezarritako birziklatze-tasak lortzea ahalbidetuko duten ekintzak.
Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak Urkabustaiz, Zuia, Zigoitia, Legutio, Otxandio eta Oletako kontzejuko errefusa kudeatzen du, besteak beste. Udalerri horiek Gorbeialdeko Koadrilan kokatzen dira (Otxandio ezik), eta ikerketa-eremua osatu dute. Ikerketa lan honetan HHSen errefusaren konposizioan eragina duten bi aldagai aztertu dira: etxebizitza-egitura eta urtaroa. Etxebizitza-egiturari dagokionez, ikerketa-eremuan hiru multzo nagusi identifikatu dira: baserrialdea (baserriak), herrialdea (biztanle nukleo handiak), eta txaleten-ingurunea (lorategia duten bigarren etxebizitzak). Urtaroaren eragina ere aztertu da, eta horretarako laginak udan eta neguan hartu dira. Guztira, beraz, sei karakterizazio egin dira: hiru neguan, bat eremu bakoitzeko, eta beste hiru udan.
Laginketa bakoitzean, etxebizitza-egitura eta urtaro bakoitzari dagokion errefusa bildu, eta 250 kg-ko lagina karakterizatu da. Horretarako, hondakin-mota ezberdinak (beira, papera eta kartoia, ontzi arinak, materia organikoa, eta bestelako hondakinak) begi bistaz identifikatu, eta eskuz bereiztu dira. Azkenik, frakzio bakoitzaren masa determinatu eta masa totalaren konposizioa kalkulatu da, masa-portzentajean.
Karakterizatutako HHSen batez besteko konposizioari dagokionez, materia organiko biodegradagarriak osatu du masa-portzentajerik handiena (% 49a), ez da harritzekoa, izan ere frakzio honen bereizketa selektiboa ez da ematen eskualdean. Nahiz eta eremutik eremura desbiderapen txikiak antzeman, laginketa guztietan frakzio horrek masa totalaren erdia izan du (% 43-53), gutxi gorabehera. Beirari (% 2,1), ontzi birziklagarriei (% 7,2) eta papera eta kartoiari (% 6,8) dagozkion batez besteko portzentajeak baxuak izan dira. Datu hauek, frakzio hauen bereizketa selektiboa egokia dela mahai gaineratu du; beraz, hobekuntza tartea frakzio horietan txikia da. Beste hondakinen frakzioak (birziklatu eta konpostatu ezin diren horiek, alegia) masa totalaren % 35a osatu du (batez beste), hau da, benetan sortzen den errefus masa dagokion kontenedorean jasotzen dena baino askoz txikiagoa da (HHSen masa osoaren %65.6 izatetik %23.1ra izatera pasako litzateke bereizketa egokia izango balitz).
Urtaroak eta etxebizitza motak eragina izan dute azterturiko HHSen errefusaren konposizioan. Udan materia organiko biodegradagarriaren, beiraren, paper eta kartoiaren, eta ontzi birziklagarrien frakzioek gora egin dute aztertu diren hiru eremuetan. Etxebizitza motari dagokionez, txaleten-inguruneko HHSetan materia organiko biodegradagarriaren masa-portzentajerik handiena antzeman da (batez beste: txaleten-ingurunean % 53; herrialdean % 50, baserrialdean % 43), eta baserrialdean, aldiz, bestelako hondakinen frakzioren portzentajerik handiena (batez beste: baserrialdean % 43, herrialdean % 33, txaleten-ingurunean: % 30).
Azkenik, adierazi deigarria suertatu dela, baserrialdean eta txaleten-ingurunean, aztertutako bi urtaroetan, jasotako plastiko handien (normalean nekazaritzan erabiltzen direnak) masa-portzentajea, baita hildako animalien presentzia ere. Bi zona horietako materia organiko biodegradagarrian, janari-hondarrez gain, inausketa-hondakinen, lurraren, eta soropilaren presentzia nabaria izan da. Azken hondakin horiek udako laginketan negukoan baino ugariagoak izan dira.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatutako hiri-hondakin solidoen errefusaren karakterizazioa
- Laburpena: Ikerketa-lan honetan Arabako Gorbeialdeako Hondakinen Partzuergoak kudeatzen dituen hiri-hondakin solidoen (HHSen) errefusa frakzioa karakterizatzeko proposaturiko metodologia eta lorturiko emaitza nagusiak jaso dira. Aztertu diren laginak osatzeko, bilketa kamioiek egin beharreko ibilbideak diseinatu dira, eta horretarako aldagai orokor bi kontuan hartu dira: sasoia (negua eta uda) eta etxebizitza-mota (herrialdea, baserrialdea eta txaletak). Egindako analisiek adierazi dute bi aldagai horiek eragina dutela errefusa frakzioaren konposizioan, eta batez ere errefusa osatzen duten bi frakzio nagusietan: materia organikoa eta bestelako hondakinak. Nabarmentzekoa da errefus masa totalaren %65 (gutxi gorabehera) birzikla edota berrerabil daitezkeen materialek osatzen dutela. Oro har, aztertutako lagin guztiek hobetzeko hein zabala dute materia organikoaren bilketa selektiboan.
- Egileak: Daniel Zuazagoitia, Naiara Rojo, Arrate Santaolalla, Iñigo Zuazagoitia.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 225-242
- DOI: 10.1387/ekaia.19068
Egileez
Daniel Zuazagoitia UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultateko Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailean dabil; Naiara Rojo eta Arrate Santaolalla UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailean; Iñigo Zuazagoitia UPV/EHUko Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegian dabil.