Noaingo oilategi konpostagailua: etxeko soberakin organikoak aprobetxatzeko ikerkuntza parte-hartzailea

Ania Ibarguren, Joseba Arizmendiarrieta, Francesco Storino, Monica Usanoz eta Inazio Irigoien

Biohondakinak lekuan bertan aprobetxatzea ahalbidetzen duen konpostatze-sistema berritzaile bat aurkezten da hurrengo artikuluan: Oilategi konpostagailua.

Oilategi baten egitura du, eta konpostagailu bat edo gehiago eduki ditzake barnean, parte-hartzaileek etxean sortzen duten biohondakina konpostatzeko. Noaingo Zentzumenen Parkean, Noain (Nafarroan), aurkitzen den 3 konpostagailu edo modulu dituen oilategi konpostagailuaren 30 hilabetetako jarraipen-emaitzak aurkezten dira dokumentu honetan. Bertan bizi diren oiloak materia organiko honetatik elikatu ahal izan dira eta haien moko eta atzaparren akzioa dela eta, konposta irauli edo aireztatu eta biohondakina txikitzen dutenez konpostatze prozesua azkartzen lagundu dute.

30 familia boluntarioek haien soberakinak eraman dituzte eta hilean behin horietako familia batek bizilagun guztiek egun horretan utzitako biohondakin-poltsen ekarpena gauzatu eta datuak jaso ditu. Trukean, arrautzak eta egun batez oiloen zaintzaile izatearen esperientzia jaso du. Ikerkuntza parte-hartzaile honetan datu gehienak familiek beraiek neurtu eta bildu dituzte.

Soberakin organikoen ekarpena 1. konpostagailuan egiten da (irekita aurkitzen den bakarra) eta dagokion egituratzaile kantitatearekin nahasten da prozesua baldintza oxidatiboetan eman dadin. Prozesuaren antolamenduari dagokionez, loteka antolatu da eta 1. moduluaren edukiera betetzean, dagokion lekualdaketak egin dira prozesua berriz hasteko lote berri batekin. Konpostagailura bota diren bio-hondakinen izaerari dagokionez oso desberdina izan da, etxean sor daitezkeen hondakin organiko oroz osatua izan delarik: fruitu eta barazki gordinak edota prestatutakoak, haragi eta arrain hondarrak, arrautza azalak, sukaldeko papera, hezurrak, etab.

Egituratzaile motari dagokionez, material ezberdinak erabili izan dira (txirbila, ezpal txikitua eta birzirkulatutako ezpal txikitua). Materia organikoa ez diren gaien edota inpropioen presentzia oso baxua izan da. Beraz, partaideek beren etxeetan biohondakina beste frakzioetatik modu egokian bereizi dutela ondorioztatzen da.

Agerikoa da esperientzia arrakastatsua izan dela. Eskala txikiko instalazio deszentralizatua denez, garraioaren eta tratamenduaren kostu ekonomiko eta energetikoak murrizteaz gain, inbertsio ekonomiko garrantzitsurik gabe biohondakin-kantitate nabarmenak kudeatzea lortu da (100 bat pertsona) eta erabiltzaileen inplikazioa sustatzeko pizgarri eraginkorra izan da. Konpostatze prozesuan eman diren tenperaturek nahasketa higienizatu dute eta prozesu amaieran lortzen den konposta higienizatua, egonkorra eta heldua izateaz gain, elikagaietan aberatsa da eta metal astunen kontzentrazio oso baxuak ditu. Marroi ilun kolorekoa da, lur-usain atseginekoa eta gai ezegokien presentziarik gabekoa, biltegiratu edota baratzeetan, zein lorategietan erabiltzeko egokia.

Orokorrean, konposizio kimiko aberatsa izateaz gain, eroankortasun elektriko altua ere baduenez, ez da lur edo substratu bezala bera bakarrik erabiltzeko aproposa, baina lurra ongarritzeko edota substratu-osagai bezala erabiltzeko (turba edo hondarrarekin nahastuta) oso gomendagarria da. Konpostaz gain, parte-hartzaileen artean banatu diren arrautza errun berriak ere lortzea ahalbidetu du. Gainera, nahiz eta oiloak partzialki biohondakin hauetaz elikatu eta oso pentsu gutxi kontsumitu, ez dute nutrizio-eskasiaren sintomarik erakutsi. Gainera, partaideen iritzia jaso asmoz egindako bi inkestetan balorazio oso positiboak bildu dira eta bertaratutako bisitari gehienek ez zekiten oilategian bertan 100 biztanleren biohondakinak konpostatzen ari zirenik. Esperientzia arrakastatsu hau beste lekuetan edota beste tamainatara guztiz moldagarria da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Noaingo oilategi konpostagailua: etxeko soberakin organikoak aprobetxatzeko ikerkuntza parte-hartzailea.
  • Laburpena: Bio-hondakinak lekuan bertan tratatzea ahalbidetzen duen konpostatze sistema berritzaile bat aurkezten da: Oilategi-Konpostagailua. Oilategi baten egitura du, eta konpostagailu bat edo gehiago eduki ditzake barnean, parte-hartzaileek etxean sortzen duten bio-hondakina konpostatzeko. Oiloek, moko eta atzaparren akzioa dela eta, konpostatze prozesua azkartzen dute. Noaingo Zentzumenen Parkean Noain (Nafarroan) aurkitzen den oilategi-konpostagailuaren 30 hilabetetako jarraipen emaitzak aurkezten dira. 30 familiak haien soberakinak eraman dituzte, datuak jaso dituzte eta trukean arrautzak, konposta eta egun batez oiloen zaintzaile izatearen esperientzia jaso dute. Ikerkuntza parte-hartzaile honetan datu gehienak familiek beraiek neurtu dituzte.
  • Egilea: Ania Ibarguren, Joseba Arizmendiarrieta, Francesco Storino, Monica Usanoz eta Inazio Irigoien
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 163-172
  • DOI: 10.1387/ekaia.17996

————————————————–
Egileaz:

Ania Ibarguren, Joseba Arizmendiarrieta, Francesco Storino eta Inazio Irigoien Nafarroako Unibertsitate Publikoan dabiltza. Monica Usanoz, bere aldetik, Noaingo udaleko Agenda 21en.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #226 - Zientzia Kaiera

[…] Oilategi konpostagailua aukertzen da lan honetan, hau da, biohondakinak lekuan bertan aprobetxatzea ahalbidetzen duen konpostatze-sistema berritzaile bat. Oilategi baten egitura du, eta konpostagailu bat edo gehiago eduki ditzake barnean, parte-hartzaileek etxean sortzen duten bio-hondakina konpostatzeko. Esperientzia arrakastatsua izan da: garraioaren eta tratamenduaren kostu ekonomiko eta energetikoak murrizteaz gain, inbertsio ekonomiko garrantzitsurik gabe biohondakin-kantitate nabarmenak kudeatzea lortu da. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>