Aurreko atalean landu genituen giza enbrioien genomak editatzeko dauden mugak. Bertan aztertu genituen CRISPR lanabesaren muga teknikoak eta aipatu genuen horiek gainditzea denbora kontua zela. Atal honetan aztertuko ditugu kontuan hartu behar diren beste alderdi batzuk giza enbrioien genomak editatzeko orduan.
Zein edizio dira seguruak?
Gene-edizioa perfekzionatzen bada eta lortzen bada DNA editatzea nahi den lekuan eta nahi den bezala, inolako nahi gabeko ediziorik gabe, argitu beharko da egindako aldaketa hori segurua den. Giza enbrioietan gene-edizioen segurtasuna bermatzeko, 2017. urtean zehaztu zuten nazioarteko erakundeek zein irizpide bete behar ziren. Horietako irizpide bi izan ziren sortutako DNA sekuentzia populazioan ohikoa izatea eta gaixotasunik ez sortzea.
Esate baterako, PCSK9 genearen aldaera bat lotuta dago kolesterol maila baxuagoekin eta, hortaz, bihotz-gaixotasunen arrisku baxuagoarekin. Ondorioz, gene hori proposatu da editatzeko hautagai moduan. Baina kolesterol maila altuetatik babesten duen aldaera hori ez da batere ohikoa populazioan. Eta, aldaera hori duten pertsonak osasuntsuak badira ere, ezezagunak dira aldaera horrek izan ditzakeen beste eragin batzuk.
Orain arte publikoa egin den enbrioien gene-edizio bakarrean CCR5 genea editatu da. Gene horrek sortzen duen hartzailea da GIB birusak erabiltzen duena zelulak infektatzeko. Haurrak GIBarekiko erresistenteak izan zitezen CCR5 genea editatu zitzaien, europar populazioan ezaguna den GIBarekiko erresistentea den gene-aldaera “idatzita”. Orain dela gutxi ikusi da, ordea, GIBarekiko erresistentzia ematen duen aldaera horrek bizitza labur dezakeela (ikusi egilearen oharra artikuluaren bukaeran). Gainera, aldaera hori ez da batere ohikoa txinatar populazioan; eta, agian, horrek esan nahi du garrantzitsua dela CCR5 genea bere horretan izatea, Asian egon daitezkeen birusei aurre egiteko eraginkorragoa izan daiteke eta.
Izan ere, garrantzitsua da jakitea zein diren populazio bakoitzean agertzen diren gene-aldaerak eta haien funtzioa. Egin diren gene-ikerketa gehienak europar jatorriko populazioetan egin direnez, beste populazio batzuetan ezezaguna da gene-aldaera horiek zein eragin duten edo beste gene-aldaera batzuek eraginik ote duten. Hortaz, ez dago argi funtzionatuko ote duen edo segurua ote den gene-edizio jakin bat populazio ezberdinetan. Horretarako, lehenengo, beharrezkoa da europarrak ez diren populazioetan gene-ikerketak egitea.
Nola aurre egin mosaikoei?
Izatez, gure gorputzeko zelula guztiek gene-sekuentzia berbera dute. Baina hori ez da guztiz horrela. Uste zena baino ohikoagoa da pertsona baten zelulen artean ezberdintasunak egotea gene-sekuentzian. Gertaera horri mosaizismo esaten zaio. Eta gene-edizioa egiteko arazo bat da.
Alde batetik, gaixotasuna sortzen duen mutazioa zelula gutxi batzuetan egon liteke, zelula gehienak osasuntsuak diren bitartean. Biopsia eta gene-testak egiteko hartzen diren zelulak mutazioa dutenak badira, modu okerrean ondoriozta daiteke enbrioi horretan gene-edizioa egin behar dela.
Bestetik, gerta liteke edizio-genomikoa enbrioiaren zelula guztietan ez gertatzea eta horrek editatutako eta editatu gabeko zelulen mosaiko bat sortzea. Ezezaguna da horrek enbrioiaren garapenean izan dezakeen eragina; eta zaila da zehaztea zenbat zelula editatu behar diren gaixotasuna saihesteko. Gainera, lehenago aipatu bezala, biopsiak egiteko enbrioiaren zelula gutxi batzuk hartzen direnez, ezin daiteke ziurtatu gene-edizioa enbrioiaren zenbat zelulatan gertatu den. Arazo hori konpontzeko, ikertzaile batzuek ikusi dute enbrioia zelula bakarra denean editatzeak mosaikoak sortzea saihesten duela. Baina oraindik ziurtatu behar da geroago mosaikorik ez dela sortzen.
Nolakoak izan behar dute saiakuntza klinikoek?
Botika batek, merkaturatu aurretik, prozesu luzea gainditu behar du eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko. Prozesu horren baitan egiten diren azterketa eta saiakuntza multzoari saiakuntza klinikoa esaten zaio. Botiken kasuan prozesu horren nondik norakoak guztiz zehaztuta daude eta erakundeek zorrotz gainbegiratzen dute. Baina oraindik ez da ezarri nolakoa izan behar duen gene-edizioak gainditu beharreko kontrola. Eta egiten den aldaketa betirako denez, atzera bueltarik ez duenez, adituek uste dute oso zorrotza izan behar duela kontrol horrek.
Gehien hurbiltzen den aurrekaria mitokondrioen donazioa da. Teknika horren bidez, mitokondrioetan gaixotasunak sortzen dituen mutazioak ekiditeko, emaile osasuntsu baten mitokondrioak txertatzen dira enbrioian. Erresuma Batuko Giza-Ernalketa eta Enbriologia Agintaritzak 14 urte eman zituen datuak biltzen eta aztertzen baimen baldintzatua eman aurretik. Teknika hau debekatuta dago herrialde askotan, oraindik zalantzan dagoelako nahiko segurua ote den. CRISPR bidezko gene-edizioren inguruan ez dago hainbeste informaziorik oraindik eta, hortaz, itxaron beharko da informazio nahikoa lortu arte.
Gainera, zenbat denboraz aztertu behar dira editatutako haurrak teknika segurua dela ziurtatu arte? Editatutako haurren ondorengoak ere aztertu behar dira? Eztabaida korapilatsua da hau. Adituak oraindik eztabaidatzen ari dira irizpide argiak ezarri nahian. Agian, teknologiaren garapena baino motelago doan eztabaida da.
Mundua prest al dago?
Zientziaz eta genetikaz haratago, nola kudeatu arazo etiko eta sozialak? Adituek ondorioztatu dute oraindik goiz dela gene-edizioa erabiltzeko eta arduragabekeria izan daitekeela gene-edizioa erabiltzea; mundu-mailako itxaronaldi bat eskatu dute gene-edizioa erabiltzen hasi aurretik eta hainbat zientzia-elkartek esan dute beharrezkoak direla adostasun zabalak edozein erabaki hartu baino lehenago. Gogoan izatea komeni da, bestalde, gene-edizioaren inguruan egindako gogoetak batez ere Mendebaldeko herrialdetan egin direla.
Tokian tokiko gizartearen arabera eta haurrak izateko presioa dela eta, etorkizunean gene-edizioaren eskaerak gora egin dezake. Momentuz gene-gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonen artean ez dago aldarri handirik gene-edizioa gauzatzearen alde. Hasierako beroaldia baretu ostean, balizko tratamenduak eskuragarri egoteak luze joko duela ikustean, gene-gaixotasunak transmiti ditzaketen gurasoak askietsi beste irtenbiderik ez dute enbrioietan mutazioak modu eraginkorrean detektatze hutsa.
Gene-edizioak gizartean duen onarpenaren inguruan, Erresuma Batuan egindako inkesta baten arabera, %83 gene-edizioaren alde agertu zen sendaezinak diren gene-gaixotasunei aurre egiteko; baina %60 gene-edizioa ezaugarriak “areagotzeko” erabiltzearen aurka agertu zen; adibidez, adimena handitzeko. Bereizketa hau argi badago ere, geneen eragina hain argia ez den gaixotasunetan adostasunera heltzea zailagoa izan daiteke. Hortaz, aditu batzuek proposatzen dute erregistro bat sortzea gene-ediziorako aproposak izan daitezkeen gaixotasunak bilduko dituena.
Laburbilduz, behin arazo teknikoak gaindituta, ziurtatu behar da egindako edizioak seguruak direla eta enbrioiaren zelula guztietan gertatu direla, horiek frogatzeko prozedura oraindik zehaztu ez bada ere; eta oraindik arazo etiko guztiak konpondu ez badira ere. Gene-edizioa hobetzen joango da, eztabaidak jarraituko du eta ez dago argi noizbait mundua prest egongo ote den gene-ediziorako. Edonola delarik, ezin daiteke aurreikusi aldaketa handietara ohitzeko dugun gaitasuna noraino iritsiko den.
Erreferentzia bibliografikoa
Ledford, H. (2019). CRISPR babies: when will the world be ready? Nature, 570(7761), 293-296. DOI: 10.1038/d41586-019-01906-z
Egilearen oharra (2019-10-15)
Egindako gene-edizioak seguruak direla azaltzen dudan parrafoan “Orain dela gutxi ikusi da, ordea, GIBarekiko erresistentzia ematen duen aldaera horrek bizitza labur dezakeela” diot. Baina jada ez da zuzena emaitza hori. Lan horren egileek beren behaketa zuzendu dute eta emaitza horretan, hots CCR5 genearen aldaera horrek bizitza labur dezakeela, atzera egin dute. Barkamena eskatu nahi diet Zientzia Kaierako irakurleei sortutako nahasketa honegatik.
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
Enbrioien genomak editatzeari buruzko artikuluak
- Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (eta 2)
2 iruzkinak
[…] gai izango dela dirudi. Edo zirudien. Lanabes honek oraindik muga tekniko batzuk ditu eta baita bestelako muga batzuk ere. Hori dela eta ikertzaileek izen panpoxoak dituzten lanabes berriak garatzen dituzte, […]
[…] 2019/10/15 Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (eta 2) […]