Karlomagnoren ondoregoak gara

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Guztiok dugu aita eta ama biologiko bana. Haiek ere bereak izan zituzten; hau da, guztiok izan ditugu bina aitona eta amona. Hurrenkeran atzera eginez gero, zortzi birraitona-birramona, hamasei heren-aitona eta heren-amona, etab. Belaunaldien arteko tartea 30 urtekoa bada, XVII. mendearen hasieran hamasei bat mila arbaso geneuzkake, 16 milioi inguru XIV. mendearen hasieran, eta 16.000 milioi XI.aren hastapenetan, duela mila urte. Dagoeneko konturatuta egongo zara, erabat ezinezkoa da hala izatea.

Izan ere, hain atzera egin beharrik gabe, gure asaben kopurua eragiketa horien bidez kalkulatu dena baino askoz ere txikiagoa da. Arrazoia argi dago: gure asabetako asko adar genealogiko desberdinetatik ditugu senide. Hori gertatzeko aukera gutxiago dago arbasoak, denboraren aldetik, zenbat eta gertuagokoak izan, eta alderantziz.

Irudia: Akisgraneko (Alemania) katedralean bazaude eta jatorri europarrekoa bazara, entzun nahi duenari esan diezaiokezu bertan daudela hobiratuta zure aitona baten gorpuzkiak. (Aragazkia: Karlsschrein / Wikimedia Commons – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

XIV. mendearen hasieran, 450 milioi pertsona zegoen munduan (70 bat milioi Europan); beraz, baliteke garai hartan gutako bakoitzaren 16 milioi asaba bizi ahal izatea. Baina orain dela mila urte 400 milioi bakarrik zeuden (50 bat Europan). Horrenbestez, ezinezkoa da garai hartan gure 16.000 milioi asaba bizi izatea.

Naturaltasun osoz mintzatzen gara «zuhaitz genealogikoaz», gure arbasoak zuhaitz baten eran irudikatzen baititugu; zenbat eta atzerago, orduan eta adartsuago. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Ez dago zertan oso atzera egin adarretako batzuek bat egiten dutela ikusteko; are gehiago, oso aspaldiko belaunaldiei erreparatzen badiegu, adarrik batere ez dugu ikusiko. Areago irudituko zaigu adar genealogikoen mataza bat, edo, bestela esanda, gurutzatze asko dituen sare bat. Bestalde, belaunaldiz belaunaldi gertatzen da adarretako askok ondorengorik ez izatea. Denboran atzera egin ahala, sarea gero eta estuagoa bihurtzen da: Neolitoaren hastapenetan, orain dela 12.000 urte, munduan 4 milioi pertsona baino gutxiago bizi zirela zenbatesten da, 60 milioi inguru zirela aro homerikoan, eta mila milioi XIX. mendea hasi berritan.

Adam Rutherford genetistak A Brief History of Everyone Who Ever Lived (Bizi izan diren guztien historia laburra) liburuan dioenez, jatorri europarra dugunok, aldez edo moldez, Karlomagnoren ondorengo gara. Guztiak gara, beraz, errege leinu batekoak. Ez da txantxa, baina kontu erabat hutsala da. Asaba europarren bat dugunok, Karlomagnoren ondorengo ez ezik, garai hartan –800. urte inguruan– bizi eta ondorengoak izan zituzten europar guztien ondorengo ere bagara, belaunaldiz belaunaldi XXI. mendera iritsi garenak. Zenbatespenen arabera, haien ondorengoen % 20 ez da iritsi.

Ez da denboran oso atzera egin behar gure adar genealogikoek bat egin zuten unea topatzeko. Europar guztiek dugu arbaso komun bat, duela 600 bat urte bizi izan zena. Kalkulu hori gizateria osoari aplikatuta, esan liteke gizaki guztiek dugula duela 3.400 urte inguru bizi izan zen arbaso komun bat. Izan ere, sinesgaitza dirudien arren, ez da ezagutzen azken mendeetan erabat bakartuta egon den populaziorik bat ere.

Kontu nahasgarria da, baiki. Pentsatu horretan listu lagin bat sartu baduzu tututxo batean, eta esan badizute zure leinuan bat egiten dutela Errusiako estepako tribu borrokalariek, Europara kaosa eta hondamena ekarri zituzten bikingo suharrek eta piramideak eraiki zituzten egiptoarrek. Ziur aski horien ondorengoa zara. Ni ere hala naiz.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko irailaren 1ean: El legado de Carlomagno, eta bigarren bat The Conversation gunean urriaren 10ean: Usted es descendiente de Carlomagno; su vecino también.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.