Hotza iritsi da

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Irudia: Negua omen da guretzako urtarorik hotzena, non elurra eta izotza izaten ditugu maiztasun handiagorekin. (Argazkia: ArtTower / Pixabay.com)

Hotza heltzean gorputzeko tenperaturari konstante eusteko, animalia homeotermoek metabolismoaren bidez birjarri behar dute galtzen duten beroa. Galera eragiten dute, alde batetik, organismoko eta giroko tenperaturen arteko aldeak eta, bestetik, isolamendu mailak. Horregatik, hibernatzaileak alde batera utziz gero, ugaztunek neguko tenperatura beherakadari erantzuteko moduak bi osagai nagusi ditu. Alde batetik, kanpoarekiko isolamendu maila handitzen dute. Bestetik, giro tenperatura asko jaisten bada, jarduera metabolikoa ere areagotzen dute, bero handiagoa ekoizteko eta galera handiagoa konpentsatzeko.

Isolamendua hainbat modutan alda daiteke: jarrera aldatuz, kanpoaldearekiko kontaktuan dagoen gorputzaren zatia aldatzeko; odol-zirkulazioa mugatuz gorputz-adarren periferian eta horiek hozten utziz; edota ilajearen bitartez, gorputzaren gainazala isolatzen duen aire geruzaren lodiera aldatzeko. Hala ere, tenperatura jakin batetik behera, erantzun horiek ez dira nahikoak eta energia kantitate handiagoa erre behar dute, metabolismoa azkartuz. Horregatik, garrantzitsua da hotza iristean elikagai ugari izatea edo, bestela, erreserba gordailuak.

Baina, gizakiak bereziak gara. Homeotermoak izan arren, gure espeziea Afrikan sortu zen eta gure leinu hominidoa afrikarra da. Sabanan garatu ginenez, gure ezaugarrietako askok jatorri hori islatzen dute. Bilakaera horretan, ia biluzik gelditu ginen eta izerditzeko gaitasun bikaina garatu genuen –hozteko oso modu efizientea, larruazalaren gainean izerdia lurrunduz–. Hala, eremu hotzetara joan ginenean, arropa jantzi behar izan genuen toki bakoitzeko tenperaturarekiko isolamendu egokia izateko. Gainera, oso toki hotzetan ahalegin bereziak egin behar izan ditugu bizileku erosoa izateko (berokuntzan gastatu), berokiak jantzi eta gehiago jateko elikagai nahikoak lortu behar izateaz gain.

Gorputzean sakabanatuta ditugun tenperatura sentsoreek beherakada termikoa hautematen dutenean, entzefaloaren barneko nerbio egitura bati, hipotalamoari, jakinarazten diote. Hark beharrezko aginduak emango dizkie sistema endokrinoari eta nerbio sistemari. Zenbait aginduk aldaketak eragiten dituzte odol zirkulazio periferikoan eta ilearen banaketan, isolamendu maila handitzeko. Beste batzuek jarduera metabolikoa areagotzen dute. Doikuntza horietan parte hartuko dute zenbait hormonak, esaterako adrenalinak, noradrenalinak eta tiroidekoek, metabolismoa azkartzen dutenak. Gantz arrea dutenek abantaila bat dute, ehun horren funtzio bakarra beroa ekoiztea delako. Eta behar dugunean, gainera, dar-dar egiten dugu.

Eremu hotzetako ugaztunak inguru izoztuetan bizitzera egokitu dira, logikoa denez. Hartz zurien kumeak metabolismoari konstante eusten diote 0 °C arte eta, estimazioen arabera, -60 °C arte ez lukete hirukoiztuko. Artikoko azeriek, txakur eskimalek eta Artikoko gainerako ugaztun handiek ia ez dute metabolismoa areagotu behar tenperaturak benetan muturrekoak ez badira, -25 °C-koa edo -30 °C-koa kasu. Gizakiek, ordea, oraindik ere Sabanako primateak garenez gero, hori guztia larrutik ordaintzen dugu. Biluzik dauden gizakien metabolismoa azkartu egiten da tenperatura 26 ºC-etatik jaisten denean, eta hirukoitza izango da, 8 °C-tan.

Informazio horrek ondorio triste batera garama. Hotza bereziki krudela da arras pobreak direnekin: ez daukate baliabiderik ez beren bizilekua ez beren barrua berotzeko.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>