Gurasoen zaintza ez da erraz fosilizatzen den horietakoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Animaliek bi estrategia darabiltzate ondorengoa ziurtatzeko: kumeak barra-barra izatea ala gutxi batzuk izan baina horiek ondo zaintzea. Azken portaera honen adierazlerik zaharrentzat hartzen dena aurkeztu dute, duela 309 milioi urteko fosil batean.

Umeak zaindu. Guraso gehienek hori egingo dute, eta kausa horren alde bizitza ere emango lukete. Finean, zaintza eboluzioaren amarru bat da, norberaren geneak ondorengo belaunaldien bitartez nolabait ‘bizirik’ irautea ahalbidetuko dutena. Zoragarria da pentsatzea etenik gabeko kate horrek LUCA edo azken arbaso komun unibertsalarengana garamatzala. Gure arbasoek lagatako ondareari buruz hitz egiterakoan, ordea, gutxitan oroitzen gara duela milioika urte bizi izan zen bakterio hori multzoan sartzeaz.

Geneen transmisioen kate hori sendo mantentzeko, animaliek estrategia desberdinak erabiltzen dituzte; baina, oro har, bi multzo handitan bereiz daitezke: kantitatearen ala kalitatearen araberakoa.

1. irudia: Duela 309 milioi urte bizi zen Dendromaia unamakiensis espeziea, fosilaren datazioaren arabera, eta sugandila handi baten itxura zuen. (Irudia: Henry Sharpe)

Lehen estrategia bereziki arrainek eta intsektuek erabiltzen dute. Arrautzak barra-barra sortzen dituzte, horietako batzuk bederen heldutasunera iritsiko diren esperantzan. Ordainean, gehienak behin betiko galduko dira, beste animalientzako bazka bihurtuta.

Bigarren estrategian kalitatea lehenesten da: kume edo arrautza gutxiago sortzen dira, baina horiek ondo zaintzen dira, haien kabuz moldatzeko gai izan arte. Ornodun askok estrategia hori erabiltzen dute, baina bereziki ugaztunen artean dago zabalduen, animalia-klase hau, hain justu, kumeei titia emateko estrategian espezializatuta dagoelako.

Hauek, esan bezala, estrategia nagusiak dira, baina horien arteko nahasketak eta ñabardurak ere izaten dira, noski. Ohi bezala, zaila da gizakiok asmatutako kategorien arabera mundu naturala sailkatzea. Adibidez, itsas izar askok arrautzak eta hazia uretan botatzen dituzte, eta, hor konpon, etor dadila etorri beharrekoa; baina hori ez da sei besoko itsas izarraren (Leptasterias hexactis) hautua. Itsas izar honek arrautzak eta ondorengo enbrioiak babesten ditu, eta horretarako jarrera bitxia hartzen du, besoen gainean zatituta. Ez dira gutxi: gehienez 1.500 arrautza jartzen ditu. 40 egun ematen ditu horrela, jateko aukerarik izan gabe, besapean dituen kumeak haien kabuz mugitzen diren arte. Hala izanik ere, ohiko jarrera zapala berreskuratzen du, baina beste hilabete inguru ematen ditu izartxo berriak zaintzen.

Gonatus onyx espezieko txibiaren zama are handiagoa da: emeak 6-9 hilabetez 2.000-3.000 arrautzez osatutako pilota beltz bat eskegita eramaten du, amaren tamaina bikoizten duena, gainera. Beste espezie batzuetan, hala nola itsas zaldietan (Hippocampus), Opistognathidae generoko arrainetan edota zenbait zimitz espezietan, arrak dira arrautzen ardura hartzen dutenak. Ipar Ozeano Barean bizi den olagarro erraldoiaren (Enteroctopus dofleini) kasuan, bi gurasoak hiltzen dira ugalketa abiatu eta gutxira. Arrak hazi-poltsa antzeko bat uzten dio emeari, eta handik gutxira hiltzen da. Emeak hainbat hilabetez babestuko du poltsa hori, eta, prest dagoenean, arrautzak jarriko ditu (100.000 izan daitezke), aspaldi utzitako hazi horrekin ernaltzen. Zazpi hilabete inguru emango ditu arrautza horiek zaintzen, garbitzen eta aireztatzen, jan gabe, kumeak jaio arte. Handik gutxira ama hilko da.

Halako adibideak ikusita, zaila dirudi finkatzea historia ebolutiboan kumeak zaintzeko estrategia noiz agertu zen, zaintza askotarikoa eta ñabarduraz beterikoa izan daitekeelako. Argi dago duela 200 milioi inguru lehen ugaztunak agertu zirenean estrategia hori garatu zela, baina paleontologoek data hori baino atzerago jotzeko aukera izan dute, ugaztun ez ziren animalietara iritsita.

Orain arte, Hegoafrikan aurkitutako Heleosaurus scholtzi espezieko fosil bat hartu da zaintza horren adibide zaharrentzat, duela 270 milioi inguru urtean datatua. Orain, Nature Ecology & Evolution aldizkarian zabaldutako zientzia artikulu batean 40 milioi urtez atzeratu dute zaintzaren agerpena. Gainera, aurkitu berri den espezie bati antzeman diote portaera hori.

2. irudia: Aurkitutako fosilean, animalia helduaren pelbisaren eta femurraren artean kokatuta dago animalia txikiaren burua. (Argazkia: Carlentongo Unibertsitatea)

Dendromaia unamakiensis du izena espezie berriak, eta Cape Breton uhartean aurkitu dute, Kanadako ekialdeko kostaldean. Hegoafrikako fosilaren kasuan bezala, hau ere sinapsidoen motako animalia izan zen, Varanopidae familiakoa. Kalkulatu dutenez, duela 309 milioi urte gertatutako eszena da fosil horren bitartez denboran izoztuta kontserbatu dena. Aurkikuntza oso berezia da. Musker itxurako bi animaliak azaltzen dira fosilean, bata txikia, eta handiagoa bestea. Helduak 20-30 zentimetroko tamaina zuela kalkulatu dute, buztana kontuan hartu gabe. Haren burua, baina, ez da kontserbatu.

Bada, txikia handiaren babespean dagoela ematen du, handiaren buztanarekin bilduta. Ez da zantzu bakarra. Biak daudelako motzondo batean kokatuta, gaur egungo animalia askok habia edo bizileku bezala erabili ohi duten elementu baten barruan, alegia. Ikertzaileek uste dute duela 309 milioi urteko ekaitza batek uraz eta sedimentuez zulo hori bete zuela, eta gertaera hori izan zela hil baino lehenagoko azken “besarkada” hori denboran izoztu zuena.

Askotan arras zaila da fosil baten testuingurua interpretatzea, eta are zailagoa da fosil baten atzean zaintza ote dagoen argitzea. Dinosauroen artean, adibidez, habien eta arrautzen fosilak aurkitu dira, eta logikak agintzen du gurasoek kumeen zaintza egiten zutela, arrautzen arabera, kumeak oso tamaina txikikoak zirelako. Baina, momentuz, horren froga argirik ez da aurkitu; zantzuak baizik. Alabaina, orain aurkeztu duten fosilaren kasua nahiko argia da, adituen arabera.

Filogenia, ezbaian

Eboluzioaren historian, berez arrautzak idorrean jartzen zituzten animaliek bi adarretan bereizi ziren: lehena, narrastietara eta dinosauroetara eraman zuena; eta, bigarrena, ugaztunetara eraman zuena. Itxuraz muskerra ematen duten arren (Varanopidae familiak baranoetatik hartzen du izena) zientzialariek uste dute baranopidoak ugaztunetara eraman zuen bigarren adar horretan egon zirela.

Baina hau ere agian aldatzear egon daiteke. Izan ere, hain urruneko filogeniak askotan ezbaian daude. Horren adibide, aldizkari berean argitaratu duten beste artikulu batean proposatu dute berez baranopidoak ez zirela izan ugaztunen arbasoak, eta bai ordea krokodiloak, sugandilak, sugeak, dortokak eta hegaztiak ahalbidetu zituen beste lerro batekoak. Hala izan ala ez, ikusi ahal izan dugunez, badirudi guraso arduratsuak izan zirela.

Erreferentzia bibliografikoa

Maddin, H.C., Mann, A., & Hebert, B., (2020). Varanopid from the Carboniferous of Nova Scotia reveals evidence of parental care in amniotes. Nature Ecology & Evolution, 4, 50–56. DOI: 10.1038/s41559-019-1030-z.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.