Hautespen naturalak norbanakoen ugalketa arrakastaren bidez jarduten du. Oinordeko gehien uzten dutenen ezaugarri hereditarioak izango dira ugarienak denborak aurrera egin ahala. Eta horren arrazoiak ez dira inola ere agerikoak.
Nekazaritza eta abeltzaintzari ekin ondorengo eraldaketek, esaterako, elikadura aldatzeak eta biztanle gero eta gehiagoko kokagune egonkorretan bizitzeak, eragina izan dute gure espeziearen bilakaeran. Alegia, giza populazioen aldaera genetiko batzuk ugaritu egin dira, eta beste batzuk, bakandu. Bestalde, funtzio biologikoetako batzuk genetikoki aberatsagoak dira orain –horietan eragiten duten aldaera gehiago daude biztanleen artean–, eta beste batzuk, aldiz, pobreagoak.
Orain dela gutxiko ikerketa batean, duela 5.500 eta 3.000 urte artean Europan bizi ziren gizabanakoen genomak eta egungo europarrenak konparatu dira. Ikerketa horretan, oinarri genetikoan aldaketa (mutazio) gehien eta gutxien izan duten funtzioak identifikatu dira, alegia, aldaera gehien eta gutxien ekarri dutenak. Gehitu egin dira honako funtzio hauetan parte hartzen duten aldaera genetikoak: karbohidratoen metabolismoan, desintoxikazio mekanismoetan, mintz bidezko substantzien eroapenean, immunitate defentsarako sisteman, zelulen seinaleztapenean, ariketa fisikoan eta usaimenean. Eta murriztu, berriz, obuluen sorkuntzarekin –beraz, emakumeen ugalketa fisiologiarekin– eta epe luzeko potentziazioa deritzon mekanismo neurologikoan. Ikus ditzagun, adibide modura, funtzioetako batzuk euren testuinguruan.
Karbohidratoen metabolismoari loturiko aldaerak genetikoki aberatsagoak izatea, ziur aski, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hedapenari zor zaio. Zerealen ekoizpenak dietan karbohidratoen proportzioa handitzea ekarri zuen, eta abeltzaintzak, berriz, helduek esnea kontsumitzea, laktosa (funtsean, azukre mota bat) digeritzeko gaitasunari bide eman zion mutazioari esker.
Antzera gertatu da immunitate sistemaren funtzionamenduan eragina duten aldaerekin. Biztanle dentsitate handiak eta, batik bat, animaliak etxekotzeak baldintza egokiak sortu zituen parasito patogenoak ugaritzeko. Ez da harritzekoa, beraz, nekazari eta abeltzain herriek ehiztari-biltzaileek ez zituzten gaitasunak eskuratzea, edo funtzionamenduaren alderdi batzuk indartzea, baldintza horiek zirela medio.
Epe luzeko potentziazioaren mekanismoak biziagotu egiten du neuronen arteko seinale transmisioa, eta hori lotuta egon daiteke ikasteko gaitasunarekin eta oroimenarekin. Mekanismo horretan oinarri genetikoaren aldaerak gutxitu izanaren kausa ikaskuntzaren eta kultura transmisioaren garrantzi gero eta handiagoa izan daiteke, herriguneak sortzearen eta zibilizazio esaten diogun horren agerpenaren ondorioz. Dena dela, ez dakigu lotura hori nolakoa den.
Lehen –eta orain ere bada horrela pentsatzen duenik– uste zen zibilizazioak, bere erosotasunekin eta egurats gorriak giza organismoan izan ditzakeen ondorioak arintzeko duen gaitasunarekin, giza leinuaren bilakaera geldiarazi duela eta, historiaurreko hautespen presioak desagertuta, gero eta izaki akastunagoak bihurtu garela, gaitasun gutxien dutenak gehiago bizi direlako eta, gainera, ondorengoak izan ditzaketelako. Gauzak ez direla horrela, ordea, askoz ere konplexuagoak baizik, ohi den bezala. Izan ere, hautespen presioak ez dira desagertu, aldatu baino. Eta horiek aldatuta, gure zerizana ere bai.
Erreferentzia bibliografikoa:
Chekalin, Evgeny, et al. (2019). Changes in Biological Pathways During 6,000 Years of Civilization in Europe. Molecular Biology and Evolution, 36 (1), 127–140. DOI: https://doi.org/10.1093/molbev/msy201.
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
3 iruzkinak
[…] dira. Halaber, funtzio hauetan parte hartzen duten aldaera genetikoak hartu dira kontuan. Testu honetan funtzioetako batzuk azaltzen dira adibide gisa, gure giza espeziaren bilakaera […]
[…] zehar bizitza soziala antolatzeko erabili diren egiturak. Horrez gain, Neolitoaren hasieratik, nekazaritzaren agerpenarekin, eta bilakaera kulturalaren prozesu baten bidez, zabaldu eta indartu egin ziren ahaidetasun […]
[…] hipotesia egiaztatzeko, ehiztari-biltzaileen herriak aztertzea proposatu zuten egileek; izan ere, talde horiek dira historian zehar giza taldeek […]