Berotegi efektuko gasen isuriei buruzko aurreikuspen ezkorrenean abiatuta, 2070. urterako, gizateriaren heren bat Saharako basamortuko zenbait eremutan dagoen tenperatura berdinaren menpe egon daitekeela ohartarazi dute.
Zalantzarik ez dago: gizakiaren arrakasta ikaragarria izan da. Hainbat irteeretan Afrikatik atera zenetik, gizakia gai izan da inguru guztietara egokitzeko: basamortutik latzenetan zein hotz ikaragarria egiten duen lekuetan, horietan guztietan loratu da gizadia. Arrakasta honen abiapuntua seguruenera aurrenekoz haitzulo batean norbaitek su bat piztea lortu zuen unea izan zen, eta baita ehiza baten ondoren norberaren azala hotzetik babesteko ehizatutako animalia baten larrua erabili izan zen lehen unea ere.
Hau hala izanik ere, argi dago badirela hainbat eskualde non bereziki bizitza errazagoa den. Beste leku batzuetan, berriz, bizitza sufrikarioa izan daiteke. Izan ere, eta hau esatea politikoki zuzena ez den arren, ez du zentzu askorik basamortu batean edo Artikoaren erdian bizitzeak. Inguru horietara eta, batez ere, bertako baliabideetara ondo egokituta zeuden tribu txikien garaian hau ulertu zitekeen arren, gaur egungo gizarte garatuen kasuan, muturreko egoera horiek ez dira jasangarriak. Petrolio merkea, aire girotua eta gatzgabetutako ura barra-barra izan ditzakete bakar batzuek Dohan edo Abu Dhabin, baina, ezinbestean, halako egoerek pobreziaren mantentzea eta baliabideei lotutako gatazkak baino ez dakartzate.
Bada, orain inguru horietan dagoen egoera are gehiago zailduko da. Izan ere, klima-aldaketari buruz hitz egitean, ohikoa da mugituko diren espezieen inguruan jardutea, indartuko den muturreko eguraldiari buruz ohartaraztea edota mahastiek izango duten garapenari erreparatzea. Baina, agian zuzentasun politiko berdinagatik, gutxitan heltzen zaio benetan erabakigarria izan daitekeen kontu bati: krisi klimatikoak sustatuko dituen gatazken areagotzeari. Eta hau, zinez, zibilizazioaren beraren jarraipena kolokan jar dezakeen faktore garrantzitsua izan daiteke: mundu mailako gobernantzarik ez duen planeta batean, gero eta estatu gehiagok dituzte mundu mailako ondorioak izan ditzaketen suntsipen masiborako tresnak. Horri gehitzen badiogu milioika lagunen biziraupena eta segurtasuna, hein handi batean, klima egoerari lotuta egon daitezkeela, abian da ekaitz perfektua.
Egoera zehatza zein izango den aurreikustea ezinezkoa den arren, gero eta gehiago dira etorkizun hori marrazten saiatzen diren ikerketak. PNAS aldizkarian argitaratu dute azkena. Eta bertan azaldutakoa ez da ez batere lasaigarria.
Biogeografiaren ikuspuntutik, gizakiak azken milurtekoetan izan duen klima nitxoari erreparatu diote, eta etorkizunerako joerak igartzen saiatu dira. Giza populazioa, tenperaturak eta lurraren erabilera dira kontuan hartu dituzten faktore nagusiak. Duela 6.000 urte hasita eta 2015era arteko datuak baliatu dituzte. Funtsean, animaliekin egin ohi dena egin dute, baina gizakiei aplikatuta. Zientzia artikuluan azaldu dutenez, “espezie orok du ingurumen nitxoa, eta aurrerapen teknologikoa gertatu arren, ez dirudi gizakia salbuespena denik”.
Mapa baten gainean ondo ikusten dira nitxo horren nondik-norakoak: bai Ipar zein Hego hemisferioan, batez ere bi zerrendatan aurki daitezke tenperaturarik hoberenak, eta eskualde horietan biltzen da bereziki gizateria. Neolitoarekin batera nekazaritza eta abeltzaintza hasi zirenetik, berrikuntzak eta migrazioak izan arren, funtsean nitxo hori bere horretan mantendu da milurteko hauetan guztietan zehar.
Zibilizazioa erraz egokitu da euri egoera zein lur emankortasun maila desberdinetara, baina gehiegizko beroa izan da beti faktore mugatzaile nagusiena. Horregatik, batez bestean 11-15 gradu zentigrado arteko tenperatura goxoa izan ohi duen tarte estu horretan biltzen dira gizaki gehienak. Gizaki kopuru txikiago bat, berriz, 20-25 gradu arteko batez besteko tartean bizi da, eta 20 milioi bat lagun besterik ez dira batez bestean 29 gradu baino gehiagoko tenperaturak dituzten eskualdeetan. Muturreko egoera horiek Sahara eta Saudi Arabia moduko tokietan gertatzen dira.
“Etengabean mantendu den klima nitxo harrigarri honek erakusten du zeintzuk izan diren gizakiak bizirik irauteko eta aurrera egiteko izan dituen funtsezko hertsadurak”, laburbildu du Wageningengo Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaile Marten Scheffer-ek, prentsa ohar batean.
Baina laster egoera hori aldatzear egon daiteke. Modu dramatikoan, gainera. Klima-aldaketa dela eta, tenperatura epelen zerrenda horiek azken 6.000 urteetan mugitu direna baino gehiago mugituko direla aurreikusi dute. Hainbat eskualdetako egoerak dezente txarrera joko du, beste batzuetan bizi baldintzek onera joko duten bitartean.
Mahai gainean jarri dituzten zenbakiak izutzeko modukoak dira. 2070. urtearen bueltan, 3.500 milioi lagun inguru bizitzeko egokiak ez diren eremuetan egongo direla aurreikusi dute. Portzentajean, aurreikusitako populazioaren %30 da hori. Gutxi gorabehera, tenperaturek gora egingo duten gradu zentigradu bakoitzeko mila milioi lagun inguru biziko dira bizitzarako egokiak ez diren eremuetan, 29 ºC-ko tenperatura baino handiagokoetan, hain justu. Lurren %19 hartuko dute eremu horiek. Gaur egun 13 graduren bueltan dauden eskualdeek, berriz, 20 graduko tenperatura izango dute batez bestean.
Egoera are larriagoa da kontuan hartzen badugu berotze gehien izango duten eskualde gehienak gaur egun txiroenen eta populatuenen artean daudela. Hori dela eta, “tentsio sozial erraldoiak” sortuko direlakoan daude ikertzaileak, eta agertoki berriak ezinbestean migrazio mugimendu handiak ekarriko dituela uste dute. Lagun horietatik guztietatik, batzuek migratzeko hautua hartuko dute, baina beste batzuek klima berrira egokitu beharko dira, eta horrek ere erronka handia ekarriko die.
Zientzialariek adierazi dutenez, ez zuten espero ondorioak hain muturrekoak izatea. “Guztiz harrituta geratu ginen hasierako emaitzekin. Hain deigarriak izan ziren ezen urte oso bat eman baikenuen tentu handiz gure susmoak eta datuen tratamendua aztertzen”. Horrez gain, datu guztiak zein erabilitako kode informatikoa askatzea erabaki zuten, gardentasuna sustatu eta beste ikertzaileen ekarpenak jaso ahal izateko.
Kontuan izan behar da, ordea, IPCC taldearen RCP8.5 agertokia erabili dutela modelizazioa egiteko; hau da, agertokirik ezkorrena. Baina agertoki samurragoetan ere egoera ez da batere lasaigarria. Tartean dauden milioika eta milioika lagunen kopuruak kontuan izanda, gauzak antzekoak izan daitezke. 3.500 milioi lagun jartzen den lekuan 1.500 milioi lagun jarrita ere, arazo sakona izango du gizateriak. Horixe da, hain zuzen, baikorragoa den RCP2.6 agertokia kontuan izanda ateratzen den kopurua: populazioaren %13. Egileek nabarmendu dutenez, berotegi efektuko gasen murrizketa azkar batek erdira jaitsi lezake halako egoeran bizitzera kondenatuta egongo den populazioaren kopurua.
Erreferentzia bibliografikoa
Xu, Chi et al. (2020). Future of the human climate niche. Proceedings of the National Academy of Sciences, 201910114. DOI: 10.1073/pnas.1910114117.
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.