Amonaren hipotesia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ikuspegi ebolutibotik begiratuta, menopausia anomalia bat dela pentsa liteke hasiera batean. Izatez, gainera, animalien artean oso ezohiko fenomenoa da. Espezie ia guztietan, emeak bizitza guztian dira ugaltzeko gai. Are gehiago, gure espeziea ugaltzeko gaitasuna gainbehera organiko orokorrarekin batera nabarmen galtzen duen ugaztunen talde oso txikiko kidea dela ere esan daiteke. Talde hori, gizakioz gain, Globicephala macrorhynchus izurde tropikalak, belugak, narbalak eta orkak osatzen dute, guztiak ere odontozeto zetazeoak. Espezie horietako emeak obulatzeari eta, beraz, ugaltzeari utzi ondoren, zenbait hamarkadaz bizi daitezke.

Irudia: Orkak, jauzika. Emeak 30 edo 40 urterekin uzten dio ugaltzeari, baina luze bizi da gero ere. (Argazkia: Robert Pittman – NOAA / Domeinu publikoko argazkia)

George C. Williams biologo estatubatuarrak 1957an egindako planteamenduaren arabera, baina, menopausia, berez, egokitzapen bat izango litzateke. Williamsen teoriaren arabera, ebolutiboki komenigarriagoa izango litzateke emeek euren ondorengoei laguntza eskaintzea seme-alabak izaten jarraitzea baino. Zahartuz goazen heinean, nabarmen areagotzen da hiltzeko probabilitatea, eta, beraz, emakume batek ondorengoak jada adinean oso aurrera egin eta gero izanez gero, ez litzateke harritzekoa azken seme-alabak bizirik irauteko gai ez izatea behin ama hil ondoren. Horrenbestez, emakume horrek azken seme-alabak aurrera ateratzen erabilitako ahalegina alferrikakoa litzateke, bere geneak ez bailirateke azken ondorengo horien bitartez erreplikatuko eta hurrengo belaunaldietara iritsiko. Bestalde, populazio batean ugaltzen ez diren indibiduoak izateak ez du inolako zentzurik ikuspegi ebolutibo hutsetik aztertuta, banako horiek beste batzuek euren ondorengoen mesedetan erabil zitzaketen baliabideak kontsumitzen baitituzte.

Arrazoi horiek oinarri hartuta, Williamsek proposatu zuen adineko emakumeek era eraginkorragoan laguntzen dutela beren geneak hurrengo belaunaldietara helarazten jada taldeko parte diren ondorengoei eskaintzen badizkiete beren ahaleginak, hau da, beren bilobei, jada zaharrak direnean seme-alaba gehiago izanda baino.

Williamsek egindako proposamena, zeina “amonaren hipotesia” bezala ezagutzen den, babesten duten froga enpirikoak aurki daitezke gure espeziean. Izan ere, bai gizatalde ehiztari-biltzaileetan bai industriaurreko gizarteetan frogatuta dago behin adinean aurrera egindakoan seme-alaba gehiago izaten ez dituzten amonek areagotu egiten dutela euren bilobek bizirik irauteko duten probabilitatea. Beste hitz batzuekin esanda, amonok taldeko kide izateak erraztu egiten du beren geneak –bilobengan daudenak– beren heriotzaren ondoren irautea, edota, Darwinen hizkera erabilita, beren egokitzapen edo arrakasta ebolutiboa (fitness) hobetu egiten da biloben zaintzan egindako ekarpenaren eskutik.

Izan badira adinean aurrera egindakoan ugaltzen jarraituagatik biloben biziraupena hobetzen laguntzen duten espezieak ere; Asiako elefantea, adibidez –ziurrenik baita Afrikakoa ere–. Baina, gizakia kenduta, orain artean ez zen “amonaren hipotesia” babesten zuten froga eztabaidaezinak ageri zituen beste animaliarik. Egoera, baina, orain dela aste batzuk aldatu da, orkekin –era desegokian “balea hiltzaile” deituak– egindako azterketa bat kaleratu denean. Izan ere, azterketan jasotako informazioaren arabera, behin adinean aurrera egindakoan ondorengo gehiago izaten ez duten amonek eragin onuragarria izaten dute biloben biziraupenean. Argitaratu berri den azterketa horrek ez du soilik efektu hori baieztatzen, beste zerbait ere erakusten du: ondorengoak izaten jarraitzen duten amonek ez dute orka menopausikoen laguntza bera eskaintzen.

Espezialisten arabera, gizakien eta orken artean izaten den menopausiaren osteko aro luzearen garrantziak bi espezieon bizitza luzatuko zuen ziur aski, urte gehigarri horietan biloben biziraupena areagotzeak argiki konpentsatuko baitzuen, termino ebolutiboetan, amonek ugaltzeari uztea.

Erreferentzia bibliografikoa

Nattrass, Stuart et al. (2019). Postreproductive killer whale grandmothers improve the survival of their grandoffspring.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.