Menopausia ez da gizakiaren berezko ezaugarria

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Menopausia paradoxa bat da bere horretan. Eboluzioaren ikuspuntutik, ugaltzeko gai ez diren izakiek bizirautea ez du zentzurik, ez begi-bistakorik behintzat. Baina gertatzen da, eta ez gizakian bakarrik. Orain arte uste zen gizakiaz gain itsas ugaztun gutxi batzuek baino ez zutela izaten menopausia. Ikerketa berri batek, ordea, ikusi du menopausia duten txinpantzeak daudela Ugandako komunitate basati batean. Aurkikuntza horrek, beste behin, hankaz gora jarri du orain arte ugaztunen eta menopausiaren inguruan ziurtzat jotzen zena.

Lehenik eta behin, argibide pare bat artikulu honetan erabiliko den “menopausia” hitzaren inguruan. Zientifikoki erabat zuzenak izateko, menopausia hitza gizakiarentzat sortu zen terminoa da, eta bi hitz grekotatik dator: “meno” terminoak hilabeteari egiten dio erreferentzia (hau da, hilekoari), eta “pausis”-ek etenaldiari edo amaierari. Hau da, menopausia hitzak literalki hilekoaren amaiera esan nahi du. Definizio hori ez da baliozkoa gizakia ez diren gainerako animalia gehienentzat, ez baitute gizakiak bezalako hilekorik (saguzar espezie batzuek badute ziklo oso antzekoa). Alabaina, hitz hori erabiliko da heldutasunean ugaltzeko gaitasunaren galera adierazteko.

Menopausia
Irudia: Gaur egunera arte egin diren ikerketen arabera, ugaztun oso gutxik uzten diote ugaltzeari hil baino lehenago. (Argazkia: Andre Estevez – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Gaur egunera arte egin diren ikerketen arabera, ugaztun oso gutxik uzten diote ugaltzeari hil baino lehenago. Zehazki, bost espezietan soilik ikusi da egoera berezi hori: orketan (Orcinus orca), pseudorketan (Pseudorca crassidens), pilotu izurde hegalaburretan (Globicephala macrorhynchus), narbaletan (Monodon monoceros), eta belugetan (Delphinapterus leucas). Orain dela gutxi txinpantzea gehitu zaie, Pan troglodytes, zerrenda honetako primate bakarra, gizakia alde batera utzita.

Lehenago aipatu bezala, lehen begiradan badirudi menopausia eboluzioaren legeetatik irteten dela. Izan ere, zein abantaila izan ditzake populazio batean ugaltzeko gaitasunik ez duten kideak mantentzeak? Hor dago koxka, hain zuzen ere: abantailan. Eta sakonago begiratuta, zientzialariek aurkitu egin dituzte menopausia duten animaliek eskaini ditzaketen abantailak, bai gizakietan eta baita gizakitik kanpo ere.

Abantaila horietako bat azaldu nahi duen hipotesia nahiko argitzailea da bere horretan, “amonaren hipotesia” izena baitu. Hipotesi horren arabera, ugaltzeko gaitasuna galdu duten emeek (amonek) beren ondare genetikoa indartzen dute amona-lanak eginez. Hau da, haien biloben zaintzan laguntzen dute. Gainera, amonak jada ugaltzen ez direnez, bilobei baliabide eta elikagai gehiago eskaini diezazkiekete.

Txinpantzeek ere menopausia izan zezaketela argitu aurretik, amonaren hipotesiaren bidez azaltzen zen menopausiaren jatorri ebolutiboa. Izan ere, aurrez aipatutako itsas ugaztunetan “amona-jarrera” zuten kideak ikusi dira, eta frogatu da amonek laguntzen zutela hezten beren kumeak ez zirenak. Hipotesi hori ere egokitzen zaio gizakiari, kasu askotan. Txinpantzeetan, ordea, ez da inoiz halako jarrerarik ikusi. Txinpantze emeek beren jaiotzako komunitatea uzten dute nerabezaroan, eta arrak gelditu egiten dira. Beraz, txinpantze eme helduek ezin diete beren alabei lagundu biloben hazieran, ez baitaude haiekin. Semeei bai ahalko liekete lagundu, baina badirudi ez dutela egiten. Froga horiek amonaren hipotesia sendotzen zuten, txinpantzeek ez baitzuten amona jarrerarik, eta (uste zenez) ezta menopausiarik ere.

Baina zientziak egunero egiten du aurrera, eta iritsi da azalpen horren kontra-argudioa, Ugandako txinpantze populazio baten eskutik. Ngogo izeneko txinpantze komunitatea Kibale Parke Nazionalean bizi da, eta ikerketa talde batek komunitate horretako kideak monitorizatu 21 urtez. Txinpantze horien jarrera urteetan zehar aztertu ostean, ikertzaileek ondorioztatu dute komunitate horretako txinpantze emeek badutela menopausia. Azaldu dutenez, Ngogo emeek 45 urterekin izaten dute azken kumea, urte batzuk gorabehera, eta 50 eta 60 urte arteko bizi-itxaropena dute. Hala, kalkulatu zuten beren helduaroaren %20 bizi dutela ugalketa osteko fasean. Baina agian frogatu duten harrigarriena zera da: ugaltzeko gaitasuna galdu duten eme horien gernuan hormonen aldaketa bat gertatzen dela, menopausian sartzen diren gizakietan bezalaxe. Txinpantze horien gernuan hormona folikulu-estimulatzaileak eta hormona luteinizatzaileak gora egiten zuten, eta kontrara, estrogenoak eta progestinak behera.

Aurrez menopausiaz pentsatzen zena berridazteko beharra eragin du aurkikuntza horrek, eta hainbat galdera sortu ditu komunitate zientifikoan. Lehenengo galdera: Zergatik ez da orain arte egoera hori aztertu txinpantzeetan? Ngogo komunitatea alde batera utzita, txinpantzeen populazio basatietan aurrez egindako ikerketek zioten oso txinpantze gutxi iristen zirela 50 urte bizitzera, eta, beraz, ugaltzeko gaitasuna ia hil arte zutela. Ngogo komunitatea, ordea, gehiago bizi da. Ikertzaileek argudiatu dute komunitate hori oso babestuta dagoela beste komunitate batzuekin alderatuta, gehienbat gizakiaren eraginetik. Zein da orduan txinpantzeen bizi-itxaropen “naturala”? Baliteke orain arte txinpantzeen bizi-itxaropena gutxietsi izana, eta menopausia orokorra izatea. Baina, bestalde, baliteke Ngogo komunitatea ez izatea txinpantzeek egoera basatian duten bizimoduaren adierazgarri.

Zalantza horrez gain, beste bat ere sortu du Ngogo komunitateak: Txinpantzeetan menopausia egoera arrunt bat bada, zein da haren jatorri ebolutiboa? Amonaren hipotesiak ez baitu balio espezie horrentzat. Auzi horri erantzuteko, ikertzaileak beste hipotesi batean babestu dira: kasu honetan, “ugalketa-gatazkaren hipotesian”. Premisa horrek dio menopausia duten eme helduek ekidin egiten dutela eme gazteagoekin lehiatzea ugaltzeko, eta horrek taldearen kohesioa sustatzen duela. Gainera, menopausiadun emeek esperientzia eta jakinduria eskainiko liekete komunitateko kideei.

Zalantzak zalantza, argi dagoena da oraindik ezer ez dagoela oso argi. Baina zerbait ondorioztatzekotan, esan dezakegu berriz ere harritu gaituela naturak. Urte askoan pentsatu izan da menopausia gizakiaren berezko ezaugarria zela, eta beste behin ikusi dugu baietz, bagarela bereziak, baina ez horrenbeste.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Cant, Michael. (2023). Menopause in chimpanzees. Science, 282(6669), 368–369. DOI: 10.1126/science.adk7119
  • Winkler, Ivana; Goncalves, Angela (2023). Do mammals have menopause? Cell, 186(22), 4729–4733. DOI: 10.1016/j.cell.2023.09.026
  • Wood, Brian M.; Negrey, Jacob D.; Brown, Janine L.; Deschner, Tobias; Thompson, Melissa Emery; Gunter, Sholly; Mitani, John C.; Watts, David P.; Langergraber, Kevin E. (2023). Demographic and hormonal evidence for menopause in wild chimpanzees. Science, 382(6669), eadd5473. DOI: 10.1126/science.add5473

Iturria:

Lewis, Dyani (2023ko urriaren 26a). Menopausal chimpanzees deepen the mystery of why women stop reproducing. Nature News. https://www.nature.com/articles/d41586-023-03308-8#ref-CR2


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.