Menopausia duten espezieen klub txikian sartu dira txinpantzeak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ugandako txinpantze talde handi bateko emeak menopausia arora iritsi direla egiaztatu du ikerketa luze batek. Zientzialariek ez dakite horren atzean zein arrazoi egon daitekeen.

“Hilerokoaz asko hitz egiten da, baina gutxi menopausiaz; are gutxiago, andropausiaz”. Kaitin Allenderen hitzak dira, gai oso serioen inguruan umorezko bakarrizketen bidez jarduten duen euskal kazetariarena. Eta isiltasun hori ez da izango, ez, aro laburra izateagatik. Izan ere, eta urteen poderioz gizarte modernoetan bizi esperantzak gora egiten duen heinean, gero eta gehiago dira menopausia garaian dauden emakumeen kopurua.

txinpantze
1. irudia: 14 eta 67 urte arteko 66 txinpantze emeren gernu laginak aztertu dituzte Ugandan. Argazkian, menopausia aroan dagoen Ma Rainey izeneko txinpantze emea. (Argazkia: Kevin Langergraber / Arizona State University)

Gizakietan, 45 eta 55 urte artean gertatu ohi da menopausia. Denbora horretan zehar, ugalketari lotutako hormonak gainbeheran dira, eta une batetik aurrera obulazioa eten egiten da. Animaliengandik zertan desberdintzen garen ikertu dutenen artean, gizakiaren ezaugarrienetakotzat jo izan da menopausia. Kasu honetan, ordea, gizakia ez da bakar-bakarra, beste zenbait animaliatan ere aurkitu izan delako ezaugarri hau. Ez dira asko: orkak, pilotu-izurdeak, belugak, eta narbalak. Ikusten dugunez, gizakiaz gain, guztiak zetazeoak dira. Gainerako primateetan, ez da horren aztarnarik aurkitu.

Horren zio ebolutiboa argudiatzeko, askotan jo izan da amonaren hipotesira. Horren arabera, amonei beren biloben zainketan laguntzea komenigarriagoa zaie, baldintza kaskarretan seme-alaba gehiago izatea baino. Funtsean, beren geneen %50 beharrean, geneen %25 aurrera ateratzen laguntzen dute. Esan beharrik ez dago hipotesi bat baino ez dela, eta ezbaia dagoela horren inguruan. Burgosko Eboluzioaren Museoan emandako hitzaldi batean gaia landu zuen, duela hamarkada bat —azkar igarotzen da denbora!— Juan Luis Arsuaga paleoantropologoak: “egile askok babesten dute elefante eta bizitza luzeko beste espezie batzuen artean ere menopausia dagoela”. Zioenez, amonaren hipotesiaren aurkako argudio bat da gure espeziean batez besteko bizitza luzatu dela, baina ez bizitza ugalkorraren luzera, azken hau txinpantzeenarenean bezala mantentzen baita.

Bada, orain primate horietan ere menopausia izaten dela aurkitu du ikertzaile talde batek. Ugandan egindako azterketa luze baten ondoren posible izan da aurkikuntza: 21 urtez egindako behaketen ondoren, orain emaitzak argitaratu dituzte Science aldizkarian.

Ugandako Ngogo izeneko txinpantzeen taldean oinarritu dute ikerketa, Kibale Parke Nazionalean. Ikertzaileek demografian eta hormonetan oinarritutako ebidentziak aurkeztu dituzte frogatzeko giza txinpantzeetan ere menopausia gertatzen dela.

Ikusi dutenez, behatutako txinpantze emeek emankortasun sexuala izan ondoren hainbat urtez bizitzeko aukera dute. Ikertzaileek kalkulatu dute batez bestean zenbat denboraz luzatzen den denbora hori. Ugalkortasunaren Ondorengo Adierazpen izeneko metrikan oinarritu dira eskuratutako datuak beste animalienekin alderatu ahal izateko. Egileek argitu dutenez, ugaztun gehienek zerotik gertu daude adierazle honetan, baita txinpantze populazio gehienak ere. Baina Ngogoko txinpantzeek 0,2 dute adierazlean. Urteetara eramanda, horrek esan nahi du emeek helduaroko urteen %20 ematen dutela menopausian.

txinpantze
2. irudia: Ugandako Kibale Parke Nazionalean dago munduko txinpantze populazio handienetakoa. Bi hamarkada baino gehiago eman dituzte bertako txinpantzeak ikertzen. (Argazkia: Ivan Sabayuki / Unplash)

Etologiaren alorreko behaketak egiteaz gain, 14 eta 67 urte arteko 66 txinpantze emeren 560 gernu lagin aztertu dituzte, ugalkortasunari lotutako hormonak analizatzeko. Horri esker egiaztatu dute aldeak zeudela zenbait hormonatan, hala nola gonadotropinetan, estrogenoetan eta progesteronetan.

Ikusi dutenez, gutxi gorabehera 30 urtetik aurrera jaisten da ikertutako txinpantze emeen ugalkortasuna, eta inoiz ez dute behatu 50 urte baino gehiagoko eme bat kumea izaten.

Halere, menopausian zeuden eme horiek ez zeukaten bere semeen semeak zaintzeko ardura. Alaben semeekin ere berdina gertatzen zen, baina kasu honetan beste arrazoi fisiko bat gehitzen zaio ekuazioari: heldutasunera iristean alabek alde egiten dute beste populazio batera. Modu batean edo bestean, kontua da txinpantze amonek ez dituztela bilobak zaintzen. Ikertzaileen iritzian, horrek esan nahi du urte luzez argudiatu izan den amonaren hipotesia ez dela baliokoa menopausiaren arrazoi ebolutiboa justifikatzeko.

Amonaren hipotesiaz gain, zientzia artikuluan beste hipotesi bat aintzat hartu dute ere: ugalketa gatazkaren hipotesia. Horren arabera, zenbait testuingurutan eme zaharrenak lehian aritzen dira eme gazteekin ugalketa aukera mugatuengatik, eta horrek kostu bat du beraientzat. Bada, menopausiara iristen diren emeak lehia horretatik kanpo geratuko lirateke, eta horrek erraztu egingo luke eme horiek taldean onartuak izatea, beren biziraupena faboratuz.

Arrazoia edozein dela ere, agerikoa da aurkikuntza honen atzean dagoen oinarrizko galdera bat. Zergatik Ngogon eta ez beste ezein taldetan? Batetik, aintzat hartu behar da bertako munduko txinpantze populazio handienetakoa dela; beraz, ikerketa ugari egin dira animalia basati hauen inguruan. Jatorrizko taldea zenbait taldetan banatu izan dela ezagutu ahal izan da horrela, eta talde horien arteko gerrak ere behatu dituzte zientzialariek. Horren famatu egin dira ezen telesail propioa baitute.

SINC hedabidean Brian M. Wood zientzialariak azaldu du beste txinpantze populazioetan gutxitan behatu izan direla 50 urte baino gehiagoko bizitza duten txinpantze emeak, eta, gainera, ez zaizkiela lagin hormonalik hartu. Bestetik, ikertzaileak proposatu du ugalkortasunik gabeko bizitza aldi luze hau inguruko baldintza ekologiko mesedegarrien ondorioa izan daitekeela: harrapakari gutxi, janari asko eskura eta taldeen arteko konpetentzia dago bertan, hain zuzen. Baina, Woodek aipatu bezala, ikertzaileek onartu dute balitekeela hau beste txinpantzeen artean ere gertatzea, eta, harrigarria bada ere, gizakiok horretaz jakitun ez izatea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Wood, Brian M.; Negrey, Jacob D.; Brown, Janine L.; Deschner, Tobias; Thompson, Melissa Emery; Gunter, Sholly; Mitani, John C.; Watts, David P. eta Langergraber, Kevin E. (2023). Demographic and hormonal evidence for menopause in wild chimpanzees. Science, 382, 6669. DOI: 10.1126/science.add5473


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.