Ohikoa ez den meatzaritzaren ondorio ikusezinak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Hiru hamarkada urte pasata, itsaspeko meatzaritza simulatzen duen proiektu baten emaitzak aurkeztu dituzte. Eragindako erreien ondorioz, mikroorganismoen herena desagertu dira, eta euren jarduna lau aldiz gutxitu da.

1974ko udan itsasontzi zeharo berezia atera zen Kaliforniako kostaldetik. Hughes Glomar Explorer izeneko itsasontzia zen, eta Howard Hughes enpresari ezagunaren azken proiektu bitxia zen. Ontziak zulatze dorre handi bat zuen, eta helburu argia zuen: Ozeano Barearen erdian manganeso noduluak biltzea. Nodulu horiek mundu osoko itsas hondoetan barreiatuta daude, eta industrian erabiltzeko moduko mineralez osatuta daude. Arazoa, noski, horiek eskuratzea da, mineral horiek jasotzeko egin behar diren gastuak oso handiak direlako. Baina Hughesek argi zeukan hori egiteko modua bazegoela, eta bera prest zegoen artean irekitzeke zegoen altxor kutxa hori eskuratzeko.

1. irudia: GEOMAR institutu ozeanografikoak gidatutako SO242/1 espedizioaren baitan arakatu dute DISCOL esperimentuan zehaztutako eremua. (Argazkia: Emanuel Wenzlaff / GEOMAR – CC BY 4.0 lizentziapean)

Hilabete batzuk lehenagotik ere, gaiaren bueltan ibilitakoak ziren ere hainbat aditu, itsaspeko meatzaritzari buruzko mintegi eta hitzaldietan aukera berri horri buruzko azalpenak ematen. Aditu horiek, baina, ez ziren meatzaritzan adituak, inteligentzian baizik. Izan ere, dena CIAren amarrua izan zen. Espedizioaren benetako helburua bestelakoa zen: sei urte lehenago Ozeano Barean hondoratutako K-129 sobietar itsaspekoren arrastoak eskuratzea. Hughesen oniritziarekin, AZORIAN proiektua abiatu zuen CIAk, sobietarren misil nuklearren eta komunikazio sistemen inguruko informazioa eskuratzeko. Ahalegin erraldoia izan zen, baina, antza, arrakasta mugatukoa. Izan ere, itsaspekoaren zati bat baino ez zuten berreskuratu, barruan sei gorpu zeudela. Misio sekretua izanik, gorpu horiek ez zizkieten bueltatu Sobietar Batasunari, baina ingelesez eta errusiarrez marinelei egin zieten hileta bideo batean grabatu zuten, eta 1992an Boris Jeltsini eman zioten grabazioa. Gaiaren inguruko informazioa partzialki desklasifikatu den arren, oraindik ere badira argitu ez diren puntu ugari, eta ez dago guztiz argi norainokoa izan zen operazio horri esker estatubatuarrek eskuratu ahal izan zuten inteligentzia.

Hortaz, maila teorikoan itsaspeko meatzaritza aspalditik aukera bat izan den arren, oraindik ez da garatu maila industrialean, eta horretara bideratutako ahaleginik handiena Gerra Hotzaren logikari lotutako azpijoko bat izan zen. Norabide horretan izan den saiakerarik sonatuena Nautilus Minerals izeneko enpresak duela hainbat urte egindako iragarpena izan zen: Papua Ginea Berriko uretan halako meatzaritza mota bat martxan jartzeko baimenak eskatu zituen, Bismarck Itsasoan dauden tximinia hidrotermalen inguruetan urrea eta kobrea eskuratzeko. 2019an, ordea, enpresak porrot egin zuen. Antzeko jarduna asteroideetan egitea helburu zuen Planetary Resources enpresak ere patu bera izan du. Argi dago, momentuz merkeagoa dela lurrazalean mineralak eskuratzen jarraitzea, itsaspean edo espazioan baino.

Dena dela, itsaspeko meatzaritzak izan dezakeen inpaktua aspaldiko kezka iturri izan da zientzialarien artean. Eragin horri jarraipena egiten dion proiektu bat 1989an martxan jarri zuten, eta, zailtasunak zailtasun, oraindik jarraipena egiten diote. DISCOL izeneko esperimentua da (Disturbance and Recolonization, hau da, Asaldura eta Birkolonizazioa), eta Hegoaldeko Ozeano Bareko Peru arroan kokatuta dago.

Bertan duela hiru hamarkada manganeso noduluen meatzaritza egiten zutela simulatu zuten, itsas hondotik 11 kilometro koadroko eremu batean golde bat itsas hondotik pasata. Prozesuan, sedimentuak nahasi zituzten, 10-15 zentimetroko sakontasuneraino. Area zirkular baten inguruan 78 errai marraztu zituzten, gutxi gorabehera, modu zentrokidean. Horrela, inpaktu maila desberdinak lortzen zituzten: zirkuluaren erdiko eremuan inpaktu handia egina zuten, inguruetako triskantza txikiagoa zelarik.

2. irudia: Manganeso noduluak mundu osoko itsas hondoetan barreiatuta daude, baina horiek eskuratzea oso zaila da, sakontasun handian daudelako. (Argazkia: ROV Team / GEOMAR)

Urte hauetan zehar ozeanografoak behin baino gehiagotan bueltatu dira eremu horretara, inguruko itsaspeko ekosisteman berreskurapena nola zihoan ikertzeko. Aurreko batean makrofaunari erreparatu zioten, baina orain mikroorganismoetan izandako eragina aztertu dute. Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa batean aurkeztu dituzte emaitzak.

2015eko espedizio batean bildutako datuak dira orain aztertu eta aurkeztu dituztenak. Bertaratu zirenean, olagarroak, arrainak edota itsas luzokerrak ikusi zituzten inguruetan, baina 26 urte lehenago egindako erraietan bilduta zeuden mikroorganismoak aztertu dituztenean jabetu dira begi hutsez ikusten ez diren kalteez. Bi hamarkada eta erdi igarota ere, urpeko mikroorganismoak artean ez ziren berreskuratu.

Zehazki, eta orain emandako datuen argitara, 1989an egin zituzten erraietan mikrobioen oraingo jarduna lau aldiz txikiagoa da, eta horien masa %30 gutxitu da. 2015ean errai berriak egin zituzten, eta, horietan, bost egunetara mikroorganismoak %50 gutxitu ziren. Horrez gain, materia organikoaren errotazio txikiagoa, nitrogenoaren zikloaren gutxitzea eta mikrobioen hazkunde tasa txikiagoak egiaztatu dituzte. Modu beran, ikusi dute karbonoa finkatzeko ahalmena mantsotu egin dela.Eta hau guztia begi hutsez ikusten ez diren gizaki ñimiño batzuen populazioetan golde batekin egindako eraldaketaren ondorioa izan da. Ez da arraroa. Hain txikiak izan arren, mikroorganismoek funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte ekosistema guztietan, eta hau berdin gertatzen da itsas hondoan ere. Horien artean, garrantzitsuena da nutrienteen birziklatzea.

Kalte gehien jaso duten eremuetan jasotako datuetatik ondorioztatu dute ekosistema horiek gutxienez 50 urte beharko dituztela zenbait funtzio berreskuratzeko, baina erabateko berreskurapena are luzeago joko duela uste dute.Dituzten berezko ezaugarriengatik, ekosistema bentonikoek berreskurapenerako zailtasun bereziak dituzte. Izan ere, berreskurapen hori hein handi batean sedimentu berrien sortzearen ondorioa izango da, eta jakina da sedimentazioa oso prozesu mantsoa dela.

Erreferentzia bibliografikoa

Vonnahme, T.R. et al. (2020). Effects of a deep-sea mining experiment on seafloor microbial communities and functions after 26 years. Science Advances, 6 (18), eaaz5922. DOI: 10.1126/sciadv.eaaz5922.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.