Klimaz (I)

Oinarrizko kontzeptuez

Denis Diderot eta Jean D’Alembert ezagunen Encyclopèdie lanak, XVIII. mendearen erdialdean argitaratuak (1751-1772), klimaren hiru definizio ematen zituen. Lehenik, klima Lurraren inguruko latitude tarte bat zen, eta zabalera halakoa zuen non bere muga polarraren zirkuluan zehar egunik luzeenak gehiago irauten zuen –iraupen-neurria bat zelarik beti– bere muga ekuatorialaren zirkuluan zeharreko egunik luzeenak baino. Bigarrenik, klima lurralde bat zen, urtaro, zoruaren kalitate edo are «biztanleen heziketa» jakinak zeuzkana. Azkenik, hirugarren definizioak lurralde bateko klima eta tenperaturak edo «bero-graduak» parekatzen zituen. Klima, beraz, lurraldea zen definizio horien arabera, eta ez eguraldi-patroi tipikoa: geografiaz ari ziren, meteorologiaz baino.

Geografoak Antzinate Klasikotik zebiltzan eztabaidatzen klimaz eta kulturarekin zeukan loturaz. Tradizio horren iturria bilatzeko orduan, Hipokratesen aire, ur eta lekuei buruzko trataturaino egin genezake atzera; bertan, populazioaren izaera haizeari (airea), ur-horniduraren jatorriari (ura) eta lurrari berari zein bere kokapenari (lekuak) egozten zitzaien, baita dietari, higieneari, ohiko zereginei eta bestelakoei ere. Hain zen boteretsua ikuspuntu hipokratikoa, ezen Encyclopèdiearen editoreek Montesquieuri eskatu baitzioten bildumaren artikulu hori idazteko. Izan ere, bere De l’esprit des loix lanean gaiaz aritu eta gero (1748), zaila baitzen ezer eranstea halako gai ezagunez.

Irudia: Shikaribetsu laku izoztua, Japonian. Geografoak Antzinate Klasikoan klima kulturarekin lotura zeukala pentsatzen zuten. (Argazkia: Free-Photos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com).

XVIII. mendearen azken laurdena baino lehen, geografiaren ibilbideak zerikusi gutxi zeukan meteorologiarekin. Geografoen meteorologiari buruzko baieztapenak beti izaten ziren oso orokorrak eta kualitatiboak, eta ez zieten atarramendurik ateratzen gero eta ugariagoak ziren behaketa meteorologiko egokiei. Bestalde, eta egungo irizpideei erreparatuta paradoxa iruditu dakigukeen arren, meteorologoek ez zeukaten inolako interesik kliman. Eguraldia aurreikusteko patroi errepikatuak eta nekazaritzan nahiz osasunean zer eragin zeukaten aurkitzea zen meteorologoen helburu nagusia.

XVIII. mendearen bukaeran, gero eta zehatzagoa zen tresneria, gailu asko sortu ziren elkarte zientifikoen bultzadarekin, eta datu meteorologiko fidagarri andana bildu zen horri esker. Meteorologoak, ordea, ez ziren horregatik hasi klima ulertzen: ez zituzten puntu askotako behaketa meteorologikoak erabili denboraldi- eta espazio-tarteetan zehar eguraldiak duen batasuna ulertzeko. Horri dagokionez, egokia izan daiteke Kant-ek bere garaiko zientzia naturalei egindako kritika aipatzea: «[zientzia naturalek objektuak] bata bestearen atzean pilatuta [jartzen dituzte], besterik gabe, gauzen izaera askotarikoa ondorioztatzeko osotasuna [kontuan izan beharrean]».

Paradoxa bada ere, tradizio hipokratiko handiak ekarri zuen, XVIII. mendearen bukaeran, hurbilketarik onena meteorologia, behaketa zehatzak eta geografia uztartu ahal izateko: medikuntza zen hurbilketa hori, edo, hobeto esanda, topografia medikoa. Frantzian topa dezakegu adibiderik egokiena. Bertan, Medikuntzaren Errege Elkarteak frantziar lurralde osoan zehar zeuden medikuei eskatu zien erresumako leku bakoitzeko ingurumenaren ezaugarriak izpiritu hipokratikoari jarraituz deskribatzeko. Partaideek, beraz, hiru oinarriak uztartzen zituzten: behaketa meteorologikoak, «aire, ur eta lekuen» deskribapenak eta herrietako biztanleriari buruzko informazioa. Horren helburua «Frantziako mapa topografikoa» argitaratzea zen. Ahalegin hura klimatologiaren lehen tratatua bihurtu aurretik, ordea, Iraultzak itxi egin zuen Errege Elkartea.

Edonola dela, benetako klimatologia ager zedin, zientzialariei zaila egiten zaien baldintza behar zen: filosofia-aldaketa, mundu-ikuskera berria. XIX. mendean heldu zen hori.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude