Aitorpen batekin abiatuko naiz: Darwin viene a la ciudad. La evolución de las especies urbanas porliburua irakurtzen hasi naizen arte ez nituen hiriak ekosistema gisa identifikatzen.
Natura, ingurumena, eta biodibertsitatea gisako kontzeptuetan pentsatzen nuenean, kolore berdea zetorkidan burura, eta hausnarketa oker samar honetan, soilik berdeak ziren inguruetan bizi eta eboluzionatzen zuten espeziak zeuden.
Bada, liburuak begiak ireki dizkit: gizakiak, Homo sapiensak, asfaltozko eta burdinazko ekosistema bat sortu du (“fenomeno ekologiko liluragarria eta berritzailea”, Menno Schilthuizen autorearen esanetan) eta hori dugu bizigiro bai guk, bai beste espezieek. Begi aurrean gertatzen ari zen eboluzioa eta ni konturatu gabe!
Eskerrak liburu hau daukagun. Hiri-oihan moduko hau berria, desberdina eta aldakorra da oso. Eta ingurune honetan, gainontzeko espezieek ikasi, modu berrietara egokitu eta eboluzionatu behar izan dute. Gainera, pentsatzen duguna baino izaki gehiago bizi dira hirietan. Ildo honi jarraiki, galdera batzuk erantzuten saiatuko da autorea: nola egokitzen dira inguru berrira eta zeintzuk izan dira garatu behar izan dituzten estrategiak bizirauteko? Nolakoa da (aurre)egokitzapen prozesua? Eta zerk eragiten du espezieen desagerpena?
Schilthuizenek espezie ugariren adibideen bitartez, orain arte egin diren arloko ikerketak agertuz eta bere esperientziak tartekatuz, istorio bat kontatu digu: hirietan gertatzen ari den eboluzioarena, alegia. Bidaia liluragarria da hiriko naturaren mundua aztertzeko. Hala, beste aitorpen batekin bukatu nahi dut: ez ezazu lan hau irakurtzeko aukera galdu.
Argitalpenaren fitxa:
- Izenburua: Darwin comes to town: How the urban jungle drives evolution
- Egilea: Menno Schilthuizen
- Itzultzailea: Eduardo Jordá
- Argitaletxea: Turner
- Orrialdeak: 296
- ISBNa: 978-84-17141-75-2
Egileaz:
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.