Zientziaren historia poltsikoan

Argitalpenak

Ia denaren historia labur bat liburua esku artean hartzen duzunean eta lehenengo orrialdeak irakurtzen dituzunean, konturatzen zara ezer gutxi dakizula inguratzen zaituen guztiaz –zientzia edonon dago, baita gugan ere–. Eta hori da gerta dakizukeen gauzarik ederrena.”

zientziaren historia

Unibertsoari neurria hartzea bezain zaila da zientziaren historia laburbiltzea. Biak ala biak lorpen gogoangarriak dira, zalantzarik gabe. Bada, bereziki bigarren ideiak meritua baduela uste dut. Bill Bryson idazleak hori erdietsi du; zientzia(k) Ia denaren historia labur bat liburuan sartzea, alegia.

Iraganean murgildu gaitu, unibertsoa eraiki zen istant hartan. Eta hortik aurrera dena. Edo ia dena. Besteak beste, astronomia, fisika, geologia, paleontologia, kimika eta genetika bezalako alorrak jorratu ditu honetan, eta oso fin, gainera. Lan zaila dirudien arren, historia ez baita egun batetik bestera eraikitzen (eta unibertsoa?), erraztasun handiz egiten du jauzi diziplina batetik bestera. Aurkikuntzak, eureka momentuak, eta horien inguruan orbitatu zuten zientzialarien biografia laburrak aurkituko ditu irakurleak. Eta anekdotak zein bitxikeriak ez dira faltako liburuan zehar, jakina; horrelako ugari tartekatzen baititu azalpenari arintasuna emateko asmoz. Alde horretatik, oso irakurketa atsegina da.

Esaterako, Robert Evans artzainaren begietatik izarren iragana ezagutuko dugu, Newtonen legeak behingoz argitzeko aukera izango dugu, baita Dimitri Ivanovich Mendeleyev kimikako elementuak nola ordenatzen hasi zen jakingo dugu ere. Era berean, oso garrantzitsuak diren kontzeptuak azalduko dizkigute: erlatibitatearen teoria, atomoak, plaken tektonika, eta genomak kasu. Etenik ez duen haria sortu du Brysonek.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Ia denaren historia labur bat
  • Egilea: Bill Bryson
  • Itzultzailea: Ixiar Iza Agirre
  • Argitaletxea: Elhuyar edizioak
  • Orrialdeak: 454
  • ISBNa: 978-84-92457-08-3

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.