Zoonosia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Beste animalia batzuk kutsatzen dituzten birus eta bakterio gehienak ez dira gizakientzat mehatxu. Baina gutxi batzuk, bai. Oso gutxi dira, baina arriskutsuak; izan ere, zoonosi izenez ezagutzen ditugun gaixotasunak kutsatu eta eragin ditzakete, eta horietako batzuk larriak izan daitezke.

zoonosia
Irudia: Gizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien (eta batez ere ornodunen) gaitzei deitzen zaie zoonosia. (Irudia: Kiran kichu / Unsplash)

Zoonosiak mota guztietako agente patogenoek sor ditzakete, hala nola prioiek, protozoo parasitoek, birusek, bakterioek eta onddoek. Transmisioa askotariko testuinguruetan gerta daiteke. Transmisio hori gerta liteke maskota batetik, kontsumitzeko hazten edo hiltzen diren animalietatik edo ehizatzen diren animalietatik. Eta gaixotasunaren larritasuna ere aldakorra da. Zoonosi batzuek ez dute hildakorik eragiten, eta beste batzuek –ebolak adibidez– kutsatzen diren gehienak hiltzen dituzte. Gaur egun, bi mila eta bostehun milioi pertsona inguru gaixotzen dira urtero, eta horietatik bi milioi zazpiehun mila inguru hiltzen dira.

SARS-CoV-2 da orain arte ezagutu dugun azken birus zoonotikoa. Koronabirus bat da (birus mota zehatz bat, zeinaren estalkiak, mikroskopio elektronikoarekin begiratuta, eguzki koroa baten antza baitu). Haren jatorria ez da oraindik ezagutzen, baina baliteke zuzenean edo zeharka saguzarrengandik etortzea; era berean, litekeena da gizakietara iristeko trantsizioan pangolina ere tartean egotea. Beste koronabirus batzuk gizakietara pasatu dira duela gutxi. SARS-CoV-1 birusa saguzarretatik palmondoetako zibetetara igaro zen, eta hortik, 2002an, gizakietara. Zortzi mila eta laurehun pertsona hil zituen. Beste koronabirus bat, MERS-CoV izenekoa, ziur asko saguzarretatik dator, baina pertsonei transmititzen zaie dromedarioen bidez. 2012an lehen agerraldia gertatu zenetik, 2.500 kasu erregistratu dira, eta horietatik % 35etan heriotza izan zen emaitza.

Berriki gertatutako gripearen birus batzuek ere jatorri zoonotikoa izan dute, hala nola 2009an eta 2010ean laurehun mila heriotza eragin zituenak. Gripe horren birusak txerrietan zuen jatorria, eta, aldi berean, 1918ko pandemia eragin zuen birusaren ondorengoa zela uste da. 1918ko pandemiari gripe espainiar izena eman zitzaion baina ez da egokia, birus hark hegaztietan baitzuen jatorria. Berrogeita hamar milioi pertsona inguru hil zituen. Izan ere, pandemia larriren bat sortzeko hautagaitzat hartzen dira gripearen birusak, eta hori gertatuko litzateke anduiren batek birulentzia bereziki handia hartuko balu. Arriskutsuak izan daitezkeen beste zoonosi biriko batzuk dira Lassa sukarra, Rift haraneko sukarra eta Marburgoko birusaren gaixotasuna.

Jatorri zoonotikoko gaixotasun biriko askok izaera hori galdu eta giza gaixotasun bilakatzen dira. Hori gertatu zen, ziur asko, katarro edo hotzeria batzuk eragiten dituzten koronabirusekin, duela milaka urte gizakietara igaro zirela uste baita. Giza immunoeskasiaren birusak (GIB) ere txinpantzeetatik egin zuen jauzi gizakietara, baina trantsizio hori duela askoz denbora gutxiago gertatu zen –laurogeita hamar urte inguru–, eta gaur egun giza birustzat jotzen da.

Birus zoonotikoak oso arriskutsuak izan daitezke; izan ere, gure espeziera iritsi berriak direnez, ez dugu haiei aurre egiteko immunitate egokirik izaten. Bestalde, ongi egokitutako birus batek ez dio heriotza eragingo ostalariari, horrek birusaren hedapena geldiarazten baitu. Neurri batean, horrek mugatzen du, adibidez, ebolaren birusak hedatzeko duen gaitasuna; hain hilgarria denez, ez die denborarik ematen haren ostalariei jende asko kutsatzeko. Hala ere, gurekin milaka urte daramatzaten birusak, katarroak bezalakoak, egokituta daude, ez ditugu guztiz akabatzen eta, trukean, haiek bizirik uzten gaituzte.

Iturriak:

Le Page, Michael (2020). Coronavirus: Why infections from animals are such a deadly problem. New Scientist.

López-Goñi, Ignacio (2015). Virus y pandemias. Glyphos-Naukas. Madril.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.