Norena izango da adimen artifizialak sortutako artea?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Teknologia aurkezteko erabiltzen den hizkerak zeresan handia izan dezake adimen artifizialari buruz dugun pertzepzioan. Aurkezteko moduaren arabera, algoritmoa gizatiartzeko joera indartzen da.

Auto autonomo batek istripua eragin du, eta epaile batek programazio akats bati leporatu dio. Azken minutuetan sare sozialetan zabaldutako deepfake batek hauteskunde baten emaitzak hankaz gora jarri ditu, gobernua aldatuz. Alerta goiztiarreko sistema automatizatu batek ebaluazio okerra egin du, kontraeraso nuklear bat abiatuz. X herrialdearena den drone bat Y herrialdetik hackeatua izan bide da, eta Z herrialdeko biztanleen aurka oldartu da.

androidea algoritmoa
1. irudia: ordenagailu bidezko prozesuak eta gizakiarenak parekotzat jotzeko joera dugu gizakiok; adituek ELIZA efektu gisa ezagutzen dute. (Argazkia: Artur Tumasjan / Unsplash).

Zorionez, momentuz ez dira gauzatu diren arriskuak, baina dagoeneko gerta daitezke. Halako egoeretan, gauzak okertzen direnean, gizakiok iaioak gara erruak banatzen. Garaiaren edo norberaren gustuen arabera, errudunen katalogo oparoa dugu eskura. Errua izan daiteke gizartearena, sistemarena, kapitalismoarena, sozialismoarena, heteropatriarkatuarena, alboko herrialdeko biztanleena, aita-amaginarrebena edo Olentzerorena. Azken urteetan, gainera, petxeroen katalogo zabalean algoritmoak ere sartu dira.

Txantxak alde batera utzita, egia da teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintzatik abiatzen diren galdera mordoa sortzen ari direla. Askotan esaten da fenomenoak ezustean harrapatuko gaituela, teknologia filosofia baino askoz azkarrago doalako. Ez da egia. Teknologiak gure gizarteetan duen eta izango duen eraginaz buru-belarri hausnartzen ari diren pentsalari asko badira munduan, kolore eta mota guztietakoak. Eta proposamen zehatzak dituzte, informazio teknologien iraultzan ahalik eta hoberen murgildu ahal izateko. Arazoa da horiei normalean ez zaiela kasurik egiten, eta sakelakoen notifikazioen tintin-hotsek eta Youtuberen atzean dauden algoritmo madarikatuek liluratuta bizi garela.

Dena dela, zalantzarik ez dago adimen artifizialaren erantzukizunen inguruan erantzunak eta adostasunak beharko ditugula. Baina hori, hein handi batean, kontua aurkezten den moduaren araberakoa izan daiteke. Gaurkoan dakargun kontakizuna horren aurrekari txikia da.

Istorioa 2018ko urriaren 25ean abiatzen da. Egun horretan Christie’s enkante areto ospetsuan Edmond de Belamy izeneko erretratua saldu zuten, 432.500 dolarren truke. Salmentaren prezioa hain handia izan zen ezen enkanteak ezusteko galanta sortu baitzuen artearen munduan. Areto etxeak 10.000 dolarreko salneurria espero zuen, baina azkenean dirutza baten truke saldu zuten.

Seguruenera erosleak mugarritzat joko zuen artelana, eta etorkizunean horren balioa biderkatuko zela uste izango zuen. Zergatik ba, mugarri? Enkante horretan adimen artifizialak sortutako lehen artelantzat jo zelako, eta, hein handi batean espekulazio erraldoian oinarritzen den merkatu batean aurreneko edo lehenengo adjektiboek lan baten balioa izugarri handitu dezaketelako.

Edmond de Belamyren erretratuaren kasuan, beheko aldean, sinadura egon ohi den lekuan, erabilitako algoritmoaren zati bat idatzita agertzen da. Mezu inplizitua da: gizakia ez den norbaitek sortu du lana. Baina modu esplizituagoan ere aurkeztu zuten lanaren egiletza, prentsari aurkeztutako oharretan. Horren arabera, adimen artifizialak sortutako lehenengo artea litzateke.

algoritmoa berak egindako margolana
2. irudia: Edmond de Belamy artelana dirutza baten truke saldu zuten 2018an, adimen artifizialaren emaitza gisa aurkeztuta. Baina adituek uste dute artelana aurkezteko moduak eragina izan zuela salmentan. (Argazkia: iScience)

Gauzak, noski, ez dira hain sinpleak. Izan ere, aurretik antzeko ekoizpenak egon dira, eta ez dago batere garbi egiletza hori nori egotzi ahal zaion. Etorkizunean, agian, gauzak bestelakoak izango dira; baina, gaur egungo egoeran oinarrituta, noraino egotzi ahal diogu adimen artifizial bati egintza baten erantzukizuna? Benetan hain funtsezkoa al da adimen horren laguntza? Erantzuna, aurrean aipatu bezala, adimen artifizialari buruzko informazioa aurkezten den moduaren araberakoa izan daiteke.

Kasu honetan, Obvious izeneko talde artistiko batek ekoitzi eta saldu zuen margolana; hori sortzeko kodea Robbie Barrat artistak idatzitako kode askean abiatu zuten. Baina hau guztia Sare Sortzaile Antagonikoei zor zaie (GAN gisa ezagutuak, ingelesezko akronimoa erabilita). Artelanak daraman Belamy abizena Ian Goodfellow GAN sareen asmatzaileari egindako omenaldia da, hurrenez hurren Bel ami eta Good fellow hitzek frantsesez eta ingelesez lagun ona adierazten dutelako. Are gehiago, beste garatzaile batzuek GAN sareak hobetu dituzte, eta DCGAN izenekoak sortu dituzte. Prozesuan jende hori guztia sartuta egon arren, azkenean, Obvious taldekoek eraman dute dirutza guztia.

Sareen arteko lehia

Artelana sortzeko, Errenazimendu garaiko maisuetan abiatuta trebatu zuten algoritmoa, horiek kopiatzen ahalegindu zitezen. Funtsean, hau da GAN sareen funtzionamenduaren oinarria: bi sare neuronal elkarren arteko lehian ari dira; jasotako datuetan abiatuta, lehen sarea patroiak aurkitzen eta antzeko emaitza bat lortzen ahalegintzen da, baina bigarrena lan hori epaitu eta akatsak ateratzen saiatuko da. Prozesua etengabean errepikatzen da, harik eta lehen sareak bigarrenari ziria sartzen dion arte.

Artelan horren salmentan abiatuz, nazioarteko ikertzaile talde batek jakin nahi izan du halakoetan erabilitako hizkerak norainoko eragina duen adimen artifizialak duen rola ebaztean. iScience aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean aurkeztu dituzte ondorioak.

Egileek argi dute abiapuntua zein den: Obvious kolektiboak margolana sortzeko prozesuan adimen artifizialak izan zuen garrantzia nahita puztu zuen. Hedabide batzuetan egindako adierazpenetan argi ikusten da kolektiboak berak onartzen duela horixe egin zutela. “Sormena ez da bakarrik gizakientzat” izan zen erabilitako lelo nagusia. Zientzia artikuluan ikertzaileek argudiatu dutenez, “lanaren inguruko hypea handitu aldera, hizkera antropomorfikoa erabili zuten”, eta narratiba horrek, noski, berehalako arrakasta izan zuen hedabide askotan.

Baina argi utzi dute gauzak ez direla horrela. “Adimen artifizialak artelana sortzeko prozesuan rol bat izan zuen arren, Edmond de Belamy ezin zitekeen sortua izan gizakien laguntzarik gabe”, ohartarazi dute zientzia artikuluan. Are gehiago, “adimen artifiziala termino lausoa da, eta modu konplexuan elkarrekintzan ari diren gizaki zein prozesu informatikoen sare bati dagokio”. Egileen ustez, horrek nahasmena sortzen du, eta prozesuan parte hartzen duten aktore nabarmenak zein haien arteko harremanak ulertzeko ezintasuna eragiten du.

Erabilitako hizkeraren eragina aztertu aldera, bi galdetegi osatu dituzte, 127 eta 320 parte hartzailerekin. Horiei bi istorio aurkeztu dizkiete, eta eskatu diete aktore bakoitzari erantzukizuna egotzi diezaietela, haien ustetan bakoitzari dagokion diru kopurua banatuz. Datu basea prestatu dutenak, informatikaria, artista, arte kuradorea eta adimen artifiziala bera daude tartean. Istorio bakoitzak, gainera, bi aldaera izan ditu: batean irabaziak daude, artelana saltzen delako, eta bestean isun bat, irudikatutako prozesuan iruzurra egon omen delako.

Istorio bakoitzean, erabilitako hizkera aldatu dute. Lehen testuan, adibidez, softwareak ImageBrush du izena, eta “gizakiek artea egiteko erabiltzen duten softwarea” dela esaten da; ImageBrushek komando sinpleak exekutatzen ditu, artistak esandakoaren arabera. Bigarrenean, berriz, SARA izendatu dute softwarea, “sortzeko ahalmenarekin artelan berriak planifikatzen eta irudikatzen” dituen sare neuronal sakona, alegia. Erantzunetan sakontzeko, adimen artifizialari buruzko hainbat galdera egin dizkiete parte hartzaileei.

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, ondorio argia atera dute: hizkera aldatuta, posible da modu aktiboan jendea manipulatzea, modu horretan gizakienak diren hainbat balore adimen artifizialari egozteko.

Oro har, adimen artifiziala gizatiartu dutenek adierazi dute algoritmoari aitortu behar zaiola egindako lana. Pertsonei buruz galdetuta, prozesuan aritutako teknikariei eta algoritmoa elikatzeko datuak sortu dituztenei aitortu diete balioa, eta ez horrenbeste artistei. Emaitza negatiboa izan denean, eta saria beharrean isuna jarri behar izan denean, orokorrean adimen artifizialari ere bota diete errua.

“Adimen artifiziala gizartean txertatuz doan heinean, gero eta arreta gehiago jarri beharko dugu honetan: nor ote da adimen artifizialak sortutako lanen erantzule? Finean, gizakiak daude adimen artifizial bakoitzaren atzean”, gaineratu dute. “Eta hau bereziki garrantzitsua da funtzionamendu okerren ondorioz kalteak sortzen direnean; adibidez, istripu batean auto autonomo bat tartean sartuta dagoenean”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Epstein, Z., Levine, S., Rand, D. G., & Rahwan, I. (2020). Who gets credit for AI-generated art? iScience, 23(9), Article 101515. DOI: https://doi.org/10.1016/j.isci.2020.101515


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.