Osasuna
COVID-19aren eta hiesaren pandemiak izan ditu mintzagai Berriako testu honetan Ana Galarragak. Gaixotasun oso desberdinak dira baina badituzte antzekotasunak. Zeintzuk dira bakoitzaren ezaugarriak?
Bi bakterio espezie berri identifikatu dituzte Osakidetzako ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, Nocardia gipuzkoensis eta Nocardia barduliensis dira eta pazienteengandik isolatu dituzte.
UPV/EHUk argitaratutako tesi batean ondorioztatu dute unibertsitateko ikasleen %14k gantz gehiegi dutela gorputzean. Seiehun ikasle baino gehiago elkarrizketatu dituzte. Ikerketaren arabera, ikasleen dieta proteina eta gantz askokoa da, eta karbono hidrato eta zuntz gutxikoa. Berriako artikulu honetan aurkituko dituzue xehetasunak.
Arkeologia
Neanderthalek ere hilak lurperatzen zituztela frogatu dute, Berriak azaldu duenez. Zehazki, duela 41.000 urte inguru, 2 urteko haur baten gorpua lurperatu zuten, Asier Gomez UPV/EHUko eta Aranzadiko ikerlariaren taldearen arabera. Radiokarbono bidez ikusi dute hori, eta beraz, datazio zuzenik berriena duen neanderthala da.
Elhuyar aldizkariak eman du honen berri ere. Artikulu honetan azaltzen diren datuen arabera, haurraren eskeletoa mendebalderantz okertuta zegoen. Ikertzaileen esanetan, horrek esan nahi du neandertalek nahita prestatu zutela zuloa. Horretaz gain, ikusi dute hil eta berehala lurperatu zutela.
Koskobilo muinora (Olazti, Nafarroa) iritsi gara artikulu honen bidez. Bertan, azaltzen digutela hainbat arrasto fosil agertu zirela 1940an. Gutxienez 26 ornodun espeziez osatutako zerrenda bat lortu zuten; espezie horien artean, Iberiar Penintsulan aurkitutako lehenengo kastore aztarnak nabarmentzen ziren, baita errinozero eta hipopotamo arrastoak ere. 1984an, Barandiaranek eta Vallespík finkatu zuten aztarnategi horren ikuspegia.
Kimika
Psilozibina konposatu haluzinogenoari buruz hitz egin digu Josu Lopez-Gazpiok. Badirudi pentsatzeko modua alda dezakeela. Artikuluan azaltzen digun moduan, droga psikodeliko sendoa da eta efektu psikoaktibo garrantzitsua du. Bitxia benetan kontatzen diguna hemen. Ez galdu.
Genetika
Edonola blogeko bi artikulu irakurgai dituzue asteon. Lehenengoan, Koldo Garcia ikerketa berri baten inguruan aritu da, zehazki kontatu digu ikerketa talde batek norberaren genoma sekuentziatzerako orduan erabiltzen diren prozedura konputazional ezberdinek duten eragina aztertu duela.
Bigarren artikuluan, hiru dimentsiotako egiturei buruz hausnartu du. Genetikan, azken batean, hiru dimentsiotako egiturak aldatzen dituzten gene-aldaerak ezagutzeak gene-aldaeren ondorioak hobeto ulertzea dakar.
Biologia
Aloe verari eskainitako artikulua dugu hauxe: jatorriaz hitz egiteaz gain, bere erabilerak irakurtzeko aukera dugu. Aitziber Etxeberria farmazialariaren hitzak bildu dituzte Berriako testu honetan, eta landarearen nondik norakoak azaldu dizkigu.
Ingurumena
Aranzadi Zientzia Elkarteak urrian Anfibioen Kontserbaziorako III. Jardunaldia antolatu zuen anfibioen mehatxuak identifikatu eta populazioaren jarraipenak egiteko asmoz. Neurri orokor batzuk proposatu dituzte eta artikulu honetan horiek irakurtzeko aukera izan dugu, adibidez, anfibio-espezie exotikoen salmenta kontrolatzea. Elhuyar aldizkarian irakurgai honen ingurukoak.
2020an, giza jatorriko material artifizialek planetako biomasa osoa gaindituko dute, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Arrazoi nagusiak bi direla aipatu dute: alde batetik, masa antropogenikoa hogei urtetik behin bikoizten ari dela XX. mendearen hasieratik, eta bestetik, lehenengo nekazal-iraultzatik, landareen biomasa erdira murriztu dugula.
Fisika
Grafenoa eta laser izpi bat erabilita, laborategian deskarga elektriko baten ibilbidea bideratzea lortu du ikertzaile talde batek. Artikuluaren arabera, honi esker tximisten norabidea eta jomuga aldez aurretik erabakitzeko baliagarria izan daiteke.
Dibulgazioa
Euskarazko produkzio zientifikoa biltzen duen tresna da Inguma, eta aurten hogei urte bete ditu. Datu base honen inguruan aritu dira Uxune Martinez, Ingumaren arduradun ohia, eta Iñaki Alegria horren sortzailea Berrian, Jakes Goikoetxeak egindako elkarrizketa honetan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.