Elizabeth Fulhame: Kimika modernoan mugarria izan zen ‘espektro bat’

Emakumeak zientzian

Izen bat, Elizabeth Fulhame (senarraren abizena da), eta 1794an argitaratu zuen An Essay On Combustion with a View to a New Art of Dying and Painting liburua dira berari buruz dauzkagun datu bakarrak. Ez dago bere irudirik, ezta jaiotze- eta heriotza-datarik ere. Non hazi zen? Nolakoa zen haren familia? Zerk liluratu zuen zientziaren arloan? Ikasi ote zuen? Ezagutzen ez dena izan ohi da erakargarria; eta bizitza jakin bat asmatzeko aukerak txunditzen gaitu erabat.

Halere, ezkutuan dagoena argitzeko ahaleginetan, “espektro” izateari utz diezaion alegia –zientziaren historian emakumeen kasuan usu gertatu den bezala–, ez dezagun ahaztu bidean egin zuena. Liburu bakarra argitaratu zuen arren, mugarria izan zen: katalisia kontzeptua asmatu zuen (Jöns Jacob Berzelius kimikariak baino 40 urte lehenago), fotoerredukzioaren mekanismoak aurkitu, eta argazkigintzan aurrerapausoak eman zituen, argiaren ekintzak sortutako irudiei buruzko behaketei esker.

An Essay On Combustion (1794) lanari esker, Elizabethek egin zituen aurkikuntzak ezagutzeko aukera dugu. Izan ere, hamar kapitulutan kasik 150 esperimentu azaldu zituen, baita bizitzea egokitu zitzaion garaiari buruzko pasadizoak kontatu ere; gizonezkoei zegokien diziplina batean aritzean izan zituen zailtasunak, kasu. Esaterako, azterlan honetan, katalisia zer den deskribatzen du. Saiakera ugariren ostean, oxidazio erreakzio gehienak urarekin gertatzen zirela ikusi zuen; urak horietan parte hartzen zuela eta erreakzioaren amaieran birsortzen zela ondorioztatu zuen. Teoria hori frogatzeko zehatz-mehatz deskribatu zuen prozesu hori guztia eta era berean, kritikatu zituen Flogistoaren teoria eta Antoine-Laurent Lavoisierren ideiak.

Elizabeth Fulhame
Irudia: “An Essay On Combustion”liburuaren orrialde batzuekin eta Elizabeth Fulhame irudi posible batekin egindako muntaketa. (Iturria: Mujeres con Ciencia bloga)

Elizabethek ez zituen kontuan hartzen bere garaikideen iritziak. Izan ere, lan horri esker aurrerapausoak eman ziren kimikaren arloan, errekuntzaren inguruko bere teoria garatu baitzuen; Berzeliusek eta Eduard Buchnerrek aurkeztutakoa baino lehenago, gainera.

Beldurrik ez bere iritzia emateko

Urrezko, zilarrezko eta beste hainbat metalen oihalak egin nahi zituen prozesu kimikoen bitartez, eta hori izan zen katalisiaren aurkikuntzaren abiapuntua. Aipaturiko liburuan azaltzen du ideia hori 1780an bururatu zitzaiola. Ildo horri jarraiki, haren senarrak eta adiskide batzuek Elizabethek aurreikusitakoa sinesgaitza zela uste zutenez, teoria horrekin ez jarraitzeko konbentzitu nahi zuten. Alabaina, zientzialariak ez zien jaramonik egin, ezta indarrean zegoen eszeptizismoari ere. Ideia horri dagokionez, bere liburuko hitzaurrean honako hau idatzi zuen:

“Konturatu nintzenean esperimentuok ezin zirela azaldu ordura arteko teoriak erabiliz, aldatu zen M. Lavoisier eta beste izen handien inguruan nuen iritzia. Sinetsita nago inongo autoritatek, garrantzitsua izanagatik ere, ez ligukeela kendu behar egia bera ikertzeko asmoa; eta iritzi bakoitza defendatu edo deuseztatzeko meritu propioek baino ez dutela balio. Hala, menturatuko naiz nire iritzia munduari eskaintzera, eta prest nago hari uko egiteko beste arrazionalago bat aurkezten den bezain laster”.

Jakina denez, liburua argitaratu ostean, askotariko iritziak jaso zituen Elizabethek: batzuek goraipatu zuten haren lana, beste batzuek kritikatu. Iritziak iritzi, lorpen handia izan zela ezin da zalantzan jarri; izan ere, 1798an Augustin Gottfried Ludwig Lentinek itzuli zuen alemanera. Geroago, 1810ean, Estatu Batuetan argitaratu zen; esan gabe doa arrakasta handia izan zuela. Urte horretan bertan Filadelfiako Kimika Elkarteko ohorezko kide izendatu zuten.

Ez zuen erraza izan behar haren ideiak plazaratzeak, batez ere emakumeei debekatzen zietelako zientzian jardutea. Arlo horretan lan egiteak arrisku bat zekarren berarekin, baina horrek ez zion axola, beti haren kideekin talka egiten zuen arren. “Apika, zentsura saihestezina da”, idatzi zuen liburuan, “batzuk hain ezjakinak dira ezen zakarrak eta isilak bilakatzen diren, eta ikaratu egiten dira ikaskuntza dirudien edozer gauzaren aurrean, edozein formatan dela ere; eta ‘emakume’ gisa agertzen bada ‘espektroa’, jasaten dituzten minak zinez kaltegarriak dira”.

Elizabethen arabera, kimika “entretenigarria” zen, dibertsio moduko bat, alegia. Berari buruz dakigun guztia idatzitako saiakera hartan dago irakurgai, gogora dezagun, zientziaren historian argitaratu den lanik garrantzitsuenetako bat. Obra horretan ez dago irudirik, ezta haren datu biografikorik ere. Eta, hala ere, dena dago hor, Elizabeth Fulhame izan zen guztia. Beti dago guri buruzko zehaztasunen bat idazten dugun horretan, lerroen artean gordeta aurkitu nahi duenarentzat.

Iturriak:


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude