Lera-txakur zaharrenak

Kolaborazioak

Txakurrak, beste animalia etxekotu batzuk bezala, segur aski komentsalismo harremanen bidez elkartu ziren gizakiekin. Ez dakigu zehazki noiz gertatu zen elkarketa hori, baina gutxienez duela hamabost mila urte izan zen. Txakur horietako batzuekin, gainera, gure arbasoek komentsalismotik haratagoko harremanak sortu zituzten. Hainbat txakur barietate ehiza, artzaintza edo zaintzarako entrenatu eta hautatu ditugu, adibidez.

Zhokov uhartean (Siberiako itsasoa) aurkitutako duela 12.500 urte inguruko aztarna arkeologikoek iradokitzen dutenez, ehiztari biltzaile talde batzuek lerei tira egiteko etxekotu zituzten txakurrak.

lera-txakur
Irudia: Azterketa baten arabera, lera-txakurrek gutxienez duela 9.500 urteko leinu zahar batetik datoz. (Argazkia: Violetta – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zhokoveko txakurra genetikoki gaur egungo lera-txakurrekin senidetuta dago, eta neurri handiagoan, Groenlandiakoekin. Prozesu luze baten bitartez, duela milaka urtetik, baita inuitak iritsi baino lehenagotik ere (duela 850 urte iritsi ziren), Groenlandiako biztanleen garraio beharrei erantzuteko hautatutako arraza bat da. Ez dago, beraz, horren erregistro genealogikorik, askoz ere geroagoko hautespen batetik datozen beste lera-txakur arraza batzuen kasuan gertatzen den bezala.

Berriki argitaratutako azterketa batean, Zhokoveko duela 9.500 urteko txakur baten genoma, Siberiako duela 33.000 urteko otso batenarekin eta Groenlandiako gaur egungo hamar lera-txakurrenarekin alderatu dute. Zhokoveko txakurra ez da gaur egungo lera-txakurren arbaso zuzena, baina arbaso komun bat daukate, duela 12.000 urtekoa. Hori bai, esan daiteke duela 9.500 urte jada lera-txakurrak zeudela, gaur egungoen antzekoak, eta antzeko funtzioak betetzen zituztela.

Bitxia bada ere, ez dirudi ez gaur egungo txakur groenlandiarrak, ez duela 9.500 urtekoak otsoekin hibridatu direnik. Harrigarria da, txakurren etxekotzearen historian zehar hibridazio horiek etengabe gertatu direla jakina delako. Hibrido horiek, segur aski, ez dute eskatutako errendimendua ematen edo ez dira ondo egokitzen lerara.

Txakur groenlandiarren eta beste arraza eta latitude batzuetakoen arteko ezberdintasun genetikoetako batzuk lehenago ikusi ziren, mamuten eta elefanteen genomak alderatzean, beraz, hotzarekiko egokitzapenarekin lotuta egotea egozten zaie. Txakur groenlandiarren beste aldaera genetiko bat oxigeno gutxiko baldintzetako jarduera metabolikoarekin lotuta dago; bitxia bada ere, gizakien artean, gene horren aldaera bati esker, Asiako hego-ekialdeko bajauak –itsasoko nomada deiturikoak– apnean murgildu daitezke ohikoak baino tarte luzeagoetan. Txakurren kasuan, kontua ez litzateke izango oxigeno kontzentrazio txikiko giroei aurre egitea, etengabe muturreko ahaleginak egiteko eskakizun metaboliko handiari baizik. Horrez gain, ia koipe kopuru handiko eta karbohidrato txikiko dieten bidez bakarrik elikatzea ahalbidetzen dieten aldaerak dituzte, hartz polarren eta gizakien kasuan dagoeneko deskribatutako egokitzapenak.

Txakur groenlandiarren iraupena paradoxikoa da, hala ere. Gaur egungo lera-txakurrak eta haiekin lotutako teknologia, neurri handi batean, duela 2.000-3.000 urteko Thule kulturatik datoz. Txakurrak desagertzeko zorian egon ziren duela 850 urte, inuitak Groenlandiara iritsi zirenean. Baina ez ziren desagertu; horren froga da gaur egun oraindik irauten dutela. Beraz, Groenlandian hainbat giza kultura izan diren arren, lera-txakur groenlandiarrek Paleolitikotik bizirik iraun dute, herri horien guztien bizimoduaren funtsezko zatia izan direlako.

Erreferentzia bibliografikoa:

S. Sinding, Mikkel-Holger et al. (2020). Arctic-adapted dogs emerged at the Pleistocene-Holocene transition. Science, 368 (6498), 1495-1499. DOI: 10.1126/science.aaz8599


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.