Zenbat denbora iraun du zure sakelako telefonoak martxan? Zure aiton-amonen hozkailua oraindik ba al dabil, eta zurea jada pare bat aldiz aldatu behar izan duzu azkeneko urteetan? Ez kezkatu, normala da. Zaharkitze programatua gurean dugu eta!
Wikipedian begiratzen badugu, zaharkitze programatua produktu baten bizitza erabilgarriari aldez aurretik bukaera zehatza ezartzea dela irakurriko dugu. Hau da, produktu ekoizleak artifizialki eta bere interesen arabera erabakitzen du noiz arte izango den erabilgarria produktua. Diseinu eta material jakin batzuk erabiliz, sortzen diren produktuen bizitza moztea du helburu. Helburu xelebrea dirudi, ezta? Ba horixe da gaur egungo industria eta ekonomiaren zati handi baten xedea.
Historia argitzen
Phoebus kartela zaharkitze programatua adostu zeneko lehenengo ituna dugu. 1924ko abenduaren 23an Genevan bildu ziren garai hartako munduko bonbilla ekoizle nagusiak, bertan zeudelarik Alemaniako Osram, Herbeheretako Philips, Frantziako France’s Compagnie des Lampes eta EEBB General Electric. Dokumentu bat sinatu zuten denek, produktuen bizitza erabilgarria 1.000 ordura mugatzeko konpromisoa biltzen zuena, ordura arte iristen ziren 2.500 orduen ordez. Bizitza laburragoa zuen bonbilla diseinatzeak etekin handiagoak ekarriko zizkiela aurreikusi zuten, eta kartel horrek gaur egun zaharkitze planifikatu gisa ezagutzen den estrategia industriala hasi zuen.
Urte batzuk geroago,1932an, mundua Depresio Handian murgildurik zebilenean, Bernard Londonek idatzia argitaratu zuen; eta bertan azaldu zuen ikuspegiaren arabera, zaharkitze programatua erabili beharreko tresna zen munduko ekonomiak bizi zuen estualdia gainditzeko. Hori arautzeko, gobernuaren, industriaren eta gizartearen arteko sare artikulatu bat eratzea aurreikusten zuen, produktuak suntsitzeko konpromisoa hartuko zuena, denbora jakin baterako sortu eta behin iraungita.
1950eko hamarkadan, AEBn auto industrian ere hasi ziren kalitatearen inguruko kritikak egiten; autoak gero eta material eskasagoaz eginak zeudela eta haien “Higadura kontrolagarria” ikertzen ari zirela ere argitaratuz (Packard, 1960).
Ordutik gaur arte, ezaguna da zaharkitze programatua gero eta arlo gehiagotan erabiltzen dela. Europar PROMPT proiektu independentearen arabera, gailuek dituzten arazoen % 42 lehen 2 urteetan sortzen dira, produktua oraindik bermean dagoenean, eta jakinarazitako akatsen %24 erosi eta 2 eta 3 urte bitartean gertatzen dira, bermealdia amaitu eta berehala. Prozesu hau barneratua dago ekonomia eta industrian, eta zaharkitze estrategia mota bat baino gehiago aurki dezakegu (Poppe, 2019):
- Atzeratutako zaharkitzea: estrategia honen bidez, merkaturatzen den produktuak kalitate baxuagoa du enpresak ikertutako teknologiak baino hori eginda, merkaturatzen den lehen produktua segituan zahar bihurtzen zaigu, eta berria berriz saltzeko aukera du enpresak. Noski, erosleak jakin gabe! Honen adibide bat estereo sistemetan aurki dezakegu. 1931an jada bazegoen patentea eginik, baina ez zen 1950 arte merkaturatu, saldutako fonografo guztiak berritzeko kanpaina egin arte, alegia.
- Zaharkitze sistemikoa: sistema eguneratu edo aldatzera behartzen du eroslea, funtzio berriak edo aldaketak eginez. Horrek sistema edo gailuaren erabilera zailtzen du, eta askotan erabilezin bihurtu. Ordenagailu eta sakelakoen softwarean ditugu adibide argiak.
- Zaharkitze teknikoa estrategia teknikoa dela esan genezake, nahita egina diseinu edo zati fisikoa zaharkitzeko edo urte gutxi batzuk soilik irauteko programatuz.
- Psikologikoa: desioarekin erlazionatzen den estrategia. Produktu bat bere itxuragatik, diseinuagatik, zaharkituta dagoela ikusarazteko estrategia da. Produktua erabilgarria da, baina jada ez da punta-puntakoa, eta ez da hain desiragarria. Hau gertatzea ohikoa da, baina estrategia bezala erabiltzea, hots, produktua hau gertatzeko diseinatzen badugu, zaharkitze psikologikoarekin jolasten ibiliko ginateke. Eta ez pentsa gauza arraroa denik, asko erabiltzen den estrategia da, auto industrian ezarri zen lehen aldiz baina beste hainbat arlotara ere hedatu da. Guide Slade-k bere “Made to Break: Technology and Obsolescence in America” liburuan argi azaltzen du nola depresio handiaren ondoren, Ameriketako industria ingeniarien eskuetatik diseinatzaileen eskuetara pasa zen, eta etekin askoz ere handiagoak lortu zituen horrelako estrategiak erabiliz.
Ados al gaude estrategia hauekin?
Zaharkitzearen ondorio kaltegarriak argiak dira: gero eta konpondu ezineko eta iraupen gutxiagoko tresna gehiago sortuz hondakin arriskutsuak ugaritzen ditugu, eta garraio beharrak ere bai. Azken finean ingurumen arazoak, hala nola klima larrialdia, areagotzen ari da etekinak ateratzeko jokabide hau.
Eurobarometroaren inkesta baten arabera, Europan herritarren % 77 prest egongo litzateke bere produktuak konpontzeko, baina ia inoiz ez du egiten, garestiegia delako haientzat. %73 bere kabuz konpontzen saiatu zen, baina % 32k bakarrik izan zuen arrakasta. Konponketaren arrakasta, hori bai, desberdina da produktu multzo batetik bestera: inprimagailu akastunen % 21 baino ezin izan ziren konpondu, eta lehorgailuetan, berriz, arrakasta-tasa % 64koa izan zen.
Bateriek berebiziko garrantzia dute: bateriekin lotutako akatsen proportzioa % 51koa izan zen telefono mugikorren kasuan, % 36koa tableten kasuan eta % 33koa ordenagailu eramangarrien kasuan. “Erabili eta botatzeko” kontsumoa ezarri eta normalizatu egin da gure gizartean, baliabide naturalak agortzen ari diren bitartean eta munduko zabortegiak baso edo elikagai produkzioari lekua irabazten ari diren bitartean.
Bestalde, 2020ko azaroaren 25ean, Europako Parlamentuak “konpontzeko eskubideari” buruzko ebazpena onartu zuen. Ekimen horrek oraingoz ez du derrigorrezko betebeharrik, Europako Batzordea baita legeak proposatu behar dituena, baina etorkizuna bideratzen du zaharkitze programatuari aurre egiteko.
Zer egin honen aurrean?
Hementxe dituzue aholku batzuk kontuan izan ditzazuen:
- Konpontzeko ahalmenean jarri zuen arreta; hau da, erosi edo erabiltzen dituzuen gailuak apurtuz gero konpondu ote daitezkeen galdetu zuen buruei. Erosteko orduan galdetu saltzaileari, zuen buruei, zer gertatuko litzatekeen atal edo osagai bat apurtuz gero.
- Gailu modularrak sortzea litzateke egoera honetatik ateratzeko beste modu bat, Dabid Martinez informatikari eta aktibistak Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz artikuluan azpimarratzen duen bezala. Denbora luzeko osagai elektronikoak sortu, diseinatu, erosi, zaharkitzearen aurka prestaturikoak. Zaharkitze programatua duten produktu eta softwareak ekidin. Informa zaitez produktuak erosi baino lehen ea zer nolako garantia duten, birziklatzeko errazak ote diren, nondik datozen materialak, etab. Saiatu erosle kontzientea eta kontzientziaduna izaten.”
- Ekonomia soziala eta ahalik eta hondakin gutxien sortzen duena sustatu; berrerabiltzea, konpontzea eta bizitza luzea eta ingurumenarekin arduratsuak diren ekimenak sustatu.
- Behin zaharkitzea zer den badakizula, zure lagunei azaldu, eta saiatu jartzen dizkiguten amarruetan ez erortzen!
Koopera Electro proiektuak etxean erabiltzen ez diren aparatuak ahalik eta gehien berreskuratzea du helburu. Bertan lanean dabilen eta zaharkitzearen aurkako esperientzia handia duen lagunaren hitzak partekatu nahi nituzke bukatzeko: “Ez esan niri 2016an ez garela gai bizitza osoa iraungo duen garbigailu bat egiteko!”
Informazio gehigarria:
- Poppe, Erik & Longmuß, Jörg (2019). Geplante Obsoleszenz. Düsseldorf, Deutschland: Hans Böckler Stiftung.
- Pope, Kamila (2017). Understanding Planned Obsolescence. Unsustainability Through Production, Consumption and Waste Generation. London, U.K.: Kogan Page.
- Cooper, Tim (2010). Longer Lasting Products. Alternatives to the Throwaway. London, U.K.: Routledge.
- Slade, Giles (2007). Made to Break.Technology and Obsolescence in America. Cambridge, USA: Harvard University Press.
- Packard, Vance (1960). The Waste Makers. London, U.K.: LongMans.
- London, Bernard (1932). Ending the Depression through Planned Obsolescence. Wikimediaren bidez.
Egileaz:
Izaro Basurko Pérez de Arenaza UPV/EHUko Ekopol ikertaldeko ikertzailea da.
1 iruzkina
[…] Izaro Basurko Pérez de Arenazak, UPV/EHUko Ekopol ikertaldeko ikertzaileak, Zientzia Kaieran. […]