Kontsumo berdearen ahulguneak eta indarguneak

Laura Marcaidak, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko ikasleak egindako gradu amaierako lanak emaitza esanguratsuak eman ditu. Laura Marcaidak produktu ekologikoen marketina eta hauen prezioa aztertzen dituen ikerlana burutu du eta bertan ondorioztatu du produktu ekologikoak erosteko oztopo nagusia ez dela prezioa, produktuok dendetan aurkitzeko zailtasuna baizik.
kontsumo berdea

Irudia: Produktu ekologikoak garestiagoak dira, baina behar bezala banatzen badira, elikagaiekin egiten den bezala, gehiago saltzen dira.

Zenbait ondorio nabarmentzen dira Laura Marcaidaren lanean: hasteko, jakiak ez diren produktu ekologikoen gainean dagoen ezjakintasuna. “Aztertutako kontsumitzaile gehien-gehienek –inkesta bat egin genien etxerako erosketa egin ohi duten 63 pertsonari– elikagaiekin lotzen dituzte produktu ekologikoak, eta ez dakite bestelako produktuak ere badaudela; hortaz, gutxiago kontsumitzen dituzte” esan du Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleak. Horrez gain nabarmentzen du kontsumoaren gakoa ez dagoela prezioan, “Seguru asko, halako produktu gehiago kontsumitzeko irtenbidea ez da prezioak txikitzea, baizik eta kontsumitzaileei informazio gehiago ematea eta produktuok ohiko banaketa kanaletan eskuragarriago jartzea”.

Komunikazioan inbertitu behar da

Azterlanaren arabera, bestalde, produktu ekologiko horien kasuan, kontsumitzaileen ustez “kontsumitzeko oztopo nagusia ez da garestiago direla, lehen uste genuen bezala, baizik eta aurkitzen zailak direla”. “Gure ustez, gai hau oso interesgarria da; izan ere, horrelako produktu gehiago kontsumitzeko irtenbidea ez da prezioak txikitzea, baizik eta kontsumitzaileei informazio gehiago ematea eta produktuok ohiko banaketa kanaletan eskuragarriago jartzea” azaldu du, produktu ekologikoak ohiko produktuak baino zertxobait garestiago direla egiaztatu ostean. Aztertutako 50 produktuen batez besteko gainprezioa % 66,18koa da; “produkturen bat edo beste, gainera, % 420 garestiagoa da”. Produktu ekologikoak garestiagoak dira, baina behar bezala banatzen badira, elikagaiekin egiten den bezala, gehiago saltzen dira, “baita izan duguna bezalako krisialdietan ere”.

“Ondasun horiek ekoizten dituzten enpresek behar-beharrezkoa dute komunikazioan inbertitzea. Alde batetik, jakinarazi behar dute elikagaiez gain badirela beste produktu ekologiko batzuk ere, ingurumena zaintzen dutenak, eta horiek kontsumitzeak mesede egiten diola planetari. Bestetik, kontzientzia sortu behar dute produktuok aintzat har daitezen, eta jendeari ikusarazi behar diote horiek kontsumitzeak planeta kontserbatzen laguntzen duela” gomendatu du Marcaidak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Jakiez besteko produktu ekologikoak erosteko oztopo nagusia ez da prezioa.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>