Hondamendi ekologikoa 12.000 urtetan

Antonio Cantó

Aurrera doa oraindik ere gizakiak Lurrean eragin dituen hondamendi handienetako bat. Planeta mailan eragiten ari den basogabetzeaz ari naiz. Lehenago nekazaritzak, eta gero industriak eragin dute eta eragiten ari dira hau. Fores Trends erakundeak berriki egin duen ikerketan [1], agerian utzi zaigu oihan tropikalen %71aren suntsipena ekarri duela nekazaritza-lur berriak lortzeko egin izan den zuhaitz-mozketak. Eta legez kanpo egin da horietatik %49a gutxienez. 2000-2002 tartean, Bielorrusiaren azaleraren antzerako zerbaiten suntsipena ekarri du legez kanpoko jarduera honek. Gutxi gorabehera, bost futbol-zelairen parekoa desagertzen da minutuko.

2014_10_21_ISS029-E-008032_Fires_along_the_Rio_Xingu_Brazil

Esan bezala, oso zaharra da jarduera hau. Izatez nekazaritza eta abeltzaintza bezain zaharra dugu, eta azken bi hauek duela 12.000 urte [2] asmatu genituen. Mozketa eta erreketa-nekazaritza deritzo honi, eta ia gure hasieratik aritu gara horretan. Erraza da zergatia ulertzen: gertu dugun basoa erretzea da nekazaritza-lurrak lortzeko era errazena. Aizkora, zuzia eta kito. Gutxienez sedentariotzen hasi zirenetik hasiko ziren gizakiak zeregin honetan. Neolitiko edo Mesolitikoan izango zen [3], gizaki-populazioak gorantza hasiko ziren…eta ordutik ez gara gelditu.

Baina ez da berdin gertatu zonalde guztietan. Esate baterako, Mendebaldeko Europako basoa, ia erabat suntsitua gertatu zen, baina egun suspertzen hasia da, nekazaritza beheraka doalako, eta “lehenengo munduan” abian jarri direlako hainbat basoberritze-egitasmo. Beste toki batzuetan ordea, hondamendia arrapaladan hedatzen ari da. Adibidez Brasilen edo Indonesian, espaziotik ere ikus daitezke azalera handiko erreketak, eskala handiko meteorologia-fenomenoak ere sor ditzaketenak. Horra hor 2006 edo 2013ko Hego Ekialdeko Asiako gandu handiak. Hauek, arnas arazoak eragin zituzten eta hainbat herrialdetan, aire eta ur-nabigazioa debekatu egin behar izan zen denboraldi batean. Hala ere, nekazariak ez zeuden kezkatuta. “Basoa erretzen ez badugu, non lortuko dugu ba janaria?[4] zioen batek. Horrela aritu gara ba, azken hamabi milioi urteotan.

Historian zehar, premiazko nekazaritza eta abeltzaintza ahalbidetzeko egin dira basogabetze hauek, baina ez pentsa horregatik gutxi basogabetzen zenik. Izan ere, gizakiek, oso azalera handiko bazkaleku eta nekazaritza-aldeak behar dituzte, populazioa gora egiten doan heinean. Baina azken bolada honetan, merkatuko nekazaritza sortu da. Alegia, elikatzeko ez ezik, industriarako eta esportaziorako ekoizten diren eremu landatuak ari dira sortzen. %71ko suntsipen hori merkatuko nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen ekoizpenera bideratu da azken urteotan, eta %29a baizik ez da erabili besterik gabe bizirauteko, urbanizatzeko, edota azpiegiturak egiteko.

Eta zein ote dira honelako produktuak? Ba adibidez, soja, palma-olioa eta abelgorriak. Forest Trendeseko txostenaren arabera, zonalde tropikal hauetatik dator merkatuetan salgai dauden abelgorrien hiruren bat, sojaren %70a eta palma-olio guztia. Bioerregaiek ere badute eragina, baina era apalago batean. Ez da inola ere negozio txikia. Nahiko diru ematen du, eta ohi bezala, dirua tartean dauden tokietan, diruzalekeria eta ustelkeria dira nagusi. Hori dela eta, basogabetzearen erdia legez kanpokoa da, edo legearen alde ilunetan geratzen da, denetariko azpijokoak daudelarik tartean.

Areago, isileko aizkolariek eta enpresek bortitz jokatzen dute maiz, aurre egin nahi dietenekin. Erailketak ere gertatu dira, kasurik nabarmenetan. Horrela jazo zen, besteak beste Edwin Chota, Leoncio Quincima, Jorge Ríos eta Francisco Pinedo lider perutarren kasuan [5]. Eta ez dira bakarrak, krimenak gertatzen ari direlako eten gabe, legez kanpoko jardueretan dabiltzanei aurre egin nahi dietenen aurka. Jipoiak eta torturak ere gertatu dira.

Ingurumenari kalte larriak eragiten zaizkio eta bioaniztasuna nabarmen ari da beherantz [6]. Besteak beste, ziklo hidrologikoa eraldatzen da, eta erreketek 1.470 tona karbono jaurtitzen dituzte atmosferara urteko. Europar Batasun osoak erregai fosilak erabilita jaurtitzen duenaren laurdena da hori. Horrela, planetako birika hauek gainbehera doaz txikitzen. Gainera, silbikulturan ari diren komunitateak erbesteratuta edo baztertuta geratzen ari dira. Eta gainera, laster bukatuko da gaizkile hauen pagotxa: ingurumenari egiten zaizkion kalte hauek %7ko murrizketa eragin liezaiokete munduko produktu gordinari, eta hala gertatuta, ohi bezala txiroenak eta ahulenak izango lirateke astinduenak.[7]

Zer esanik ez, gizakiok ez gara hondamendi ekologikoak eragin ditzakeen espezie bakarra. Espezie guztiak izan daitezke kaltegarriak neurri batean edo bestean, eta espezie askok tokian tokiko kalte handiak eragin dituzte jadanik. Lurrean egon den hondamendi lazgarriena ez genuen guk eragin, oraindik 2.300 urte falta zirelako gu agertzeko: Zianobakterioek fotosintesi bidez oxigenoa sortzen jardun zuten, eta horrela Oxidazio Handi gertatu zen, Oxigenoaren Hondamendia alegia. Hondamendi honetan, Lurraren bigarren atmosfera suntsitu zen, eta geroago sortu zen hirugarren geruza, gaur arnasten duguna. Ziur aski, honek desagerrarazi zituen munduan nagusi ziren halabeharrezko anaerobio guztiak, eta agian gertaera hau izan zen Glaziazio Huronianoa eragin zuena, hots, Lurrean gertatu den hondamendirik handienetakoa eragin duena. Hori hondamendi ekologiko larria izan zen, baina gertatu izan ez balitz, aerobiook ez ginen inoiz sortuko.

Baina gizakiak gara hau guztia ulertzeko gauza diren bizidun bakarrak, alegia geu ohartu behar gara kaltegarria izango dela gure ekosistema hain muturreko mugetara eramatea. Izan ere, ez dakigu zer gertatuko den, ez epe ertainera, ez epe luzera ere. Gure erantzukizuna da planeta zaintzea, gutaz gain inor ez baita arriskuaz jabetuko, eta inork ez baitu prozesua geldiaraziko. Hori egiten gai gara…hainbatetan gezurra badirudi ere.

Erreferentziak:

[1] Lawson, S. et al: Consumer goods and deforestation: an analysis of the extent and nature of illegality in forest conversion for agriculture and timber plantations.Forest Trends Report Series, Forest Trade and Finance, 2014ko iraila.

[2] Barker, G.: The Agricultural Revolution in Prehistory: Why did Foragers become Farmers? Oxford University Press, 2009ko martxoa. ISBN 978-0-19-955995-4.

[3] Brown, T.: Clearances and Clearings: Deforestation in Mesolithic/Neolithic Britain.Oxford Journal of Archaeology 16 (2): 133 (1997). doi:10.1111/1468-0092.00030.

[4] Madian, A: Haze creates regional human-environment Crisis.Malaysian National News Agency, 2006ko urriaren 20.

[6] Young, E.: Biodiversity wipeout facing South East Asia.New Scientist, 2003ko uztailaren 23.

[7] Black, R.: Nature loss ‘to hurt global poor.BBC News, 2008ko maiatzaren 29.

——————————————–

Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuriblogaren egilea da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>