Haur batzuk frustrazioetatik erabat babestuta daudenez, haurtzaroan edozein oztopo topatzea eragozteko ahalegin betea egin denez, porrotari ikara diote eta edozein arrisku saihesten dute. Hezkuntzaren esparruan, horrek esan nahi du, benetan ikasteaz baino gehiago arduratzen direla zerbait badakitela adierazteaz edo jakitearen itxurak egiteaz.
Ikasketa berriak, lan ibilbide bat edo zeregin profesional bat abiatu behar dutenean, depresioak, antsietateak eta estresak erraz eragiten diete. Jessica Lahey irakasleak El regalo del fracaso liburuan dioenez, seme-alabek nahigaberik izan ez dezaten, gurasoek txikitatik bizitza deuseztatzen diete, babestuz eta hazkuntza aro bakoitzean landu ditzaketen erronkei aurre egitea eragotziz. Gainera, erronka saihetsezin horietako bat agertzen denean, beste norbaitek babak eltzetik ateratzeko zain egon ohi dira seme-alabak edo, bidea zapaldu baino lehen, hartxintxarrak kenduta egotearen zain geratzen dira. Beti amaren eta aitaren babesa beharko dute.
Gure umeengan eragin kaltegarria izateaz gain, mendekotasun horrek gurasoengan ezinbestekoak izatearen sentimendua sortzen du eta, batzuetan, seme-alaben lorpenen meritua beretzat hartzeko tentazioa izaten dute.
Laheyk adierazi duenez, gure seme-alaben porrota kosta ahala kosta saihesteak “ezgaiak izatearen eta gure konfiantza merezi ez izatearen” mezua helarazten die.
Hainbat azterlanek bat egiten dute Laheyren iritziarekin. Baina, gainera, ebidentziak iradokitzen duenez, gehiegizko babesak neskengan eragin handiagoa du. Garrantzitsua da konturatzea neskak erronketatik babesteak mutilengan ez bezalako eragina izango duela. Neskek akatsak egiten dituztenean, probableagoa da haiek porrota dohainen bat falta zaien seinale gisa interpretatzea -distira, bikaintasuna, jenialtasuna edo adimena bezalako ezaugarriren bat, adibidez. Hau da, nekez aldatu daitekeen ezaugarriren bat falta izatearekin lotzen dute. Mutilek, aldiz, porrota inguruabar edo egoera kontrolagarriagoei egozteko joera dute.
Fenomeno hori, neurri batean, hezitzaileek mutilekin eta neskekin hitz egiteko moduarekin lotu da. Irakasleen jokabideak aztertu zituzten azterlanetan, irakasleek neskei gaitasunarekin lotutako akatsak egin zituztenean eskatzen zieten zuzentzeko; mutilekin, berriz, batez ere jokabidearekin lotutako esku-hartzeak egiten zituzten (“Isildu!”, “Utzi paperezko hegazkinak botatzeari”, etab.). Beste azterlan batzuetan jaso denez, egoera akademiko estresagarri baten aurrean probableagoa da neskek amore ematea. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasle batzuekin egindako ikerketa batean, nahita zeregin anbiguo bat emanda (Dweck, 2006), neskek bukaerara iritsi baino lehen utzi zuten, nahasmena sortzen zielako. Mutilek enuntziatua askatzen jarraitu zuten, ez zitzaielako axola lehenengo minutuetan nahasita sentitzea. Bereziki, adimen koziente handieneko neskak izan ziren amore ematen lehenengoak. Unibertsitarioen artean gauza bera gertatzen da: beti nota altuak atera dituzten neskek irakasgairen batean bikain ateratzea lortzen ez badute utzi egiten dute. Hala, hasieran aipatu dugun jokabide bat areagotzen da: arrakasta itxurari eustea, ikasteari uko egiteko prezioa ordainduta ere, norbere buruaren balioa defendatzea eta ahultasunik edo zalantzarik ez erakustea inoiz.
2000ko hamarkadaren hasieran, haurrek porrota bizitzeko moduan generoarekin lotutako beste ezberdintasun bat identifikatu zen. Estereotipoaren mehatxua, neskek matematikan eta zientzietan txarrak izatearen estereotipoari aurre egiten diotenean jasaten duten zama. Hori haien zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiketako (STEM) errendimendu maila txikiarekin lotu da. Estereotipoaren mehatxuaren eraginez, neskentzat porrot egitea mingarriagoa da. Autobetetako profezia gisa funtzionatzen du. Neskek matematikan txarrak izatearen estereotipoa onartzen dutenean, ilusioa eta denbora eskaintzen jarraitzeko moduko erronka gaindigarritzat hartzeari uzten diote, eta, hala, mundu osoak ezagutzen duen egitatea bihurtzen da: neskak direnez gaitasun txikiagoa dute. Esperientzia horiek, ikertzaileek diotenez, “estresa eta zalantzak gehitzen dizkiete nesken hezkuntza esperientziei eta esparru akademikoko kide izatearen sentimendua murrizten dute”.
Kontuan hartu beharreko beste alderdietako bat da neskei porrotetik babesteak motibazioa galarazten diela, mutilei baino gehiago. Barne motibazioa dugunean hobeto ikasten dugu, hau da, zerbait berria probatzen dugunean, esperientzia horretaz gozatze hutsagatik. Barne motibazioa ikasteko bitarteko baliotsuenetako bat da. Erronka bateko une zailak eramaten eta maite duguna egiten jarraitzera animatzen gaitu. Garunari erronkak gustatzen zaizkio, gauza berriak, eta helburu bat lortzen dugun bakoitzean saritze zirkuitu neuronal bat aktibatzen da.
Autonomia barne motibazioaren funtsezko faktore bat da. Hau da, libreki eta geure borondatez egin dezakegunean ikasi nahi izateko joera handiagoa daukagu. Beste batzuk tartean sartzen edo guk zeregin bat egiteko modua kontrolatzen saiatzen ari direla sumatzen dugunean, nahiz eta modu sotilean izan –sariak eskainiz, zigortzeko mehatxuak eginez edo gehiegizko laudorioak eginez–, gure motibazioak lur jotzen du.
Edward L. Deci eta Richard M. Ryan irakasleek, motibazioa aztertzen aitzindariek, diote beren autonomia eta motibazioa mehatxatuta egoteak neskengan eragin handiagoa duela (Deci eta Ryan, 1985). Gainontzekoen aurrean neskatoak atseginak izateko hezten direnez, irakasleen eta gurasoen iruzkinez gehiago kezkatzeko joera dute eta, beraz, kontrolatuta sentitzearekiko sentikorragoak dira. Decik eta Ryanek adierazi dutenez, emakumeek “ebaluatzaile batek zoriontzen dituenean, hari atsegin eman izanaren ebidentzian arreta handia jartzen dute”. Beren joera zientifikoa definituta zirudienean STEMen emaitza negatiboak izatearen gakoa honako hau izan daiteke: ikasketa horiek egitera animatzeko jasotako laudorioek sortutako presioa eta kale egin nahi ez izateak, irakasleak, familiak edo beste talde batzuek zoriontzea lortu nahi izateak, sortutako antsietatea. Kasu horietan, atsegina izateko ahaleginak ez die nahikoa konpentsazio ekartzen, ez die merezi eta ikasketak uzten dituzte.
Orduan, zerk funtzionatzen du neskentzat? Dirudienez, zeregin bat ondo egin dutela deskribatzeko laudorio informatiboak erabiltzeak (“Proba hori oso ondo egin zenuen”), interpretazio bat egin beharrean (“Oso azkarra zara”), haurren barne motibazioa areagotzen du. Sendo frogatuta dago gaitasuna baino gehiago ahalegina goraipatzeak (“Horretan lan handia egin zenuen”) bai mutilak bai neskak motibatzen dituela.
Hala ere, ondo legoke haurrei eta geure buruari akatsak egiten uzteko aukera aztertzea. Jarrera hori ikasi egiten da eta ez legoke gaizki, hezitzaile gisa, haiei bidea errazteko tentaziotik aldentzea. Honela, beren buruarengan konfiantza izateko aukera emango diegu, bai mutilei bai neskei. Tresnak, estrategiak eta erreferenteak eman behar dizkiegu eta haien ondoan egon, gogoraraziz gutako bakoitzak ez daramala inolako etiketarik josita gainean. Ona litzateke haiek noizbait entzutea beren ametsak lortu dituzten gizon eta emakumeek akatsak egin zituztela eta aurre egin zietela; problema baten enuntziatua berriz irakurri zutela edo hurrengo azterketari animatuta eta gogoz egin ziotela aurre, baina orduak emanez.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Deci, E.L., Ryan, R.M. (1985). Intrinsic motivation and self-determination in human behavior. New York, US: Plenum
- Dweck, C.S. (2006). Is Math a Gift? Beliefs That Put Females at Risk. En Ceci SJ, Williams W (eds.) Why aren’t more women in science? Top researchers debate the evidence. Washington DC, US: American Psychological Association
- Lahey, J. (2016). The Gift of Failure. New York, US: Harper Paperbacks
Egileaz:
Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2020ko abenduaren 20an: “La oportunidad de tropezar“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
2 iruzkinak
[…] eragin handiagoa duten ideia hori. Aldagai askok esku hartzen dute jarrera konformistan, tartean, nork bere buruaz iritzi ona ez izatea eta ingurumen baldintzak; esaterako, taldearen osaera, aginpidea, onartua izatearen garrantzia, […]
[…] Ikasturtea zaila bada, guraso asko izutzen dira eta seme-alabek bidean aurkitzen dituzten erronkak konpontzen saiatzen dira, batez ere neskatoenak. Hau ez egitea gomendatzen dute adituek eta seme-alabak uztea arazoari aurre […]