Ez naiz behar bezain ona

Dibulgazioa · Kolaborazioak

8 urtera arte, ez dago alderik nesken eta mutilen arteko konfiantza mailetan; hala ere, adin horretatik aurrera, % 30 murrizten da neskek beren gaitasunetan duten ziurtasuna. Ondorio esanguratsu hori atera zuten Katty Kay eta Claire Shipman kazetariek 8 eta 18 urte bitarteko 1 400 neska-mutil elkarrizketatu ostean. Lagineko 800 neskatoen gurasoek zer gertatu ote zen galdetzen zioten beren buruari, beren alabek beren buruaz orain lehen baino zalantza gehiago izateko.

Kattyren eta Claireren ikerketak argi eta garbi erakusten du, neskak azken urteetan asko murrizten ari direla beren buruengan duten konfiantza eta erronkei aurre egiteko segurtasunak behera egiten duela nerabezarora hurbiltzean.

Prozesu horretan, norberarengan konfiantza izateak dakarren arriskuarekiko irekitasuna seinale biologiko eta kultural pilo baten azpian ezerezten da, eta seinale horiek esaten diete kontuz ibiltzeko, perfekzioa baloratzeko eta kosta ahala kosta porrot egitea ekiditeko. Gurasoek eta gizarteak mezu eta jokabide horietako asko indartzen dituzte, eta, aldi berean, nesken garunak estrogenoz gainezka daude; horrek emozioen intentsitatea areagotu, eta arriskurako joera moteltzen du. Sentsibilitate afektibo horrek inguruan duten egoera emozionala hobeto irakurtzeko aukera ematen die, baina, era berean, gehiago behatzen dute, zuhurragoak izaten dira eta gauza berriei ekiteko beldur handiagoa izaten dute.

ona
1. irudia: Ikasturtea zaila bada, guraso asko izutzen dira eta seme-alabek bidean aurkitzen dituzten erronkak konpontzen saiatzen dira, batez ere neskatoenak. Hau ez egitea gomendatzen dute adituek eta seme-alabak uztea arazoari aurre egiten. Izan ere, zulo asko dituen bide bati aurre egiteak konfiantza handiagoa sortzen du norberarengan, arazorik gabeko bideari ekiteak baino. (Argazkia: Rudy and Peter Skitterians – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Arlo askotan, neskak inoiz ez bezala nabarmentzen ari dira, eta, bereziki, alor akademikoan, mutilek baino gehiago egiten dute lan. Aldi berean, neskatoen antsietate tasak nabarmen egin du gora azken hamar urteetan. Hainbat arrazoi daude: alde batetik, familiak eta irakasleek dituzten lorpen itxaropenak, eta, bestetik, haurtzarotik buruan iltzatuta duten helburua: “neska zintzoak” izatea.

Mutilak erraztasun handiagoa dute ausartu eta porrot egiteko, eta, horrela, beren buruarenganako konfiantza garatzen dute. Neskengan, ordea, askotan joera perfekzionistak sustatzen dira hainbat alderditatik, eta positibotzat jotzen da besteen gustuko izateko egiten duten ahalegina.

Badakigu erronkei aurre egiteak, balizko porrotak eta osatzeko prozesuak konfiantza sortzen duela norberarengan. Baina, benetan, ez diegu horrelakorik egiten uzten nerabe gehienei (eta ez hain nerabeei). Etapa horretan, arriskuak nonahi daude eta gurasoak ia guztiaren beldur dira. Inguruan tentazioak, bizipen berriak eta seme-alaben haurtzaroan ez zeuden erronkak daude. Baina neska-mutilek beren buruengan segurtasuna eraikitzea nahi badugu, garrantzitsua da haiei bidea etengabe errazteko bultzada kontrolatzea. Estrategiak eta baliabideak, babesa eta maitasuna behar dituzte, eta horiek eskaintzea izan beharko litzateke familiaren funtsezko zeregina. Behin funtsezko tresna horiek edukita, utzi egin behar diegu hanka sartzen, akatsak egiten eta, gero, nola osatu jakiten.

Kattyren eta Claireren ikerketetan, badirudi neskek ez dutela beren buruenganako konfiantza hori sortu; izan ere, emaitzek erakusten dutenez, nerabezaroaurrean eta nerabezaroan, neskek beren buruarengan sinesteko duten gaitasuna % 71tik % 38ra jaisten da. Gainera, neska nerabeen erdiek baino gehixeagok perfektuak izateko presioa sentitzen dute. Estatistika horiek ikusita, ondoriozta dezakegu nesken ehuneko handi batek zailtasunak dituela bere burua den bezala onartzeko, buruan sartuta baitute besteek nahi duten bezalakoak izan behar direla. Ildo horretan, garrantzitsua da adi egotea haurrek eta nerabeek sare sozialak erabiltzeko moduari. Egia da abantaila asko dituztela: konektatuta egoteko, talde bateko kide sentitzeko eta beren interesak birtualki aztertzeko aukera ematen diete, eta beste aukera ugari eskaintzen dizkiete. Baina nonahikotasuna dela eta, nerabeek beren buruengan duten konfiantzan eragina izan dezakete, oso zaila baita sare sozialek identitateak sortzeko duten eraginetik ihes egitea. Lagunekin edo etsaiekin erraz sortzen dira arazoak, zalantzak eta gaizki-ulertuak, eta komunikazio onaren ñabardurak galdu egiten dira, besteak beste, WhatsApp, Twitter, Facebook edo Instagrameko hitzen eta irudien artean. Irudi birtual perfektua izateaz gehiegi kezkatzeak ere perfekzionismo kezkagarri bat sustatzen du, nesken artean batez ere. Gainera, perfektuak izateko presioa larrigarria izatera irits daiteke, etengabe konparatzen baitute beren burua erabat moldatuta dauden perfekziozko emakumeen irudiekin.

Sare sozialen munduaren onura oso interesgarri bat azpimarratu behar dugu; izan ere, neskek interes zientifikoak, literarioak, eta abar partekatzen dituzten emakumeei jarraitzen dietenean, beren ikuspegia zabaltzen dute. Aurretik imajinatu ez zituzten aukerak ikusteko gai dira, eta horrek ikuspegi murriztutik ateratzen laguntzen die, eta alde batera uzten dute onespena bilatzea, itxura zaintzea, pertsona famatua izateko nahia, eta abar.

ona
2. irudia: Sozializatzeko eta entretenitzeko beharrak nerabeak onlineko zerbitzuak eta plataformak erabiltzera bideratzen ditu. (Argazkia: Marco Wolff – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Orduan, mugikorren eta sare sozialen aurka maldan gora borrokatu beharrean, alabei interesatzen zaizkien arloetan lanean ari diren hiruzpalau emakumeren jarraitzaile izateko esan diezaiekete gurasoek. Horrela, ahalegintzen eta huts egiten duten emakumeek iradokitako helburu ilusionagarri eta errealista berriak ezagutuko dituzte.

Alferkeria hutsagatik genero estereotipo eta dimentsioak alde batera uzten dituen beste faktore bat eskola da. Askotan, neskatoei dena ondo egitea eskatzen zaie. Baina kontua ez da perfektua izatea eta txaloen zain egotea. Kontua saiatzea eta egitea, huts egitea eta aurrera jarraitzea da. Irakasle bikainak daude irizpide horri jarraitzen diotenak, uste osoz baina beti ikasleen ondoan daudenak.

Ikusten dugu aldagai asko elkartzen direla, baina zergatik lortu nahi dute hainbeste neskek perfekzionismoa? Berria da ala beti hor egon da?

Ikuspuntu biologikotik, emakumeen garunak lehenago garatzen du kortex prefrontala, eta, beraz, hobeak izaten dira inferentziak egiten eta estrategiak lantzen. Askotan, emakumeek ondorioak aurreikusteko joera dutenez, aukera seguruak hautatzen saiatzen dira, arriskutsuenak hautatu ordez. Aurreko kortex zingulatua ere, kezkaren erdigune ere esaten zaiona, garatuago dago emakumeen burmuinean, eta horrek esan nahi du emakumeek edozein ekintzaren ondorio posibleak azkar hautematen dituztela, baita negatiboak ere. Beraz, larritasun sentsazioa agertzen da, ondorio guztiak batera kontuan hartzen baitituzte.

Pentsamendu errepikakorrek eta etengabeko hausnarketek itzali egiten dute neskatoen konfiantza eraikitzeko borondatea, eta porrot eginarazi diezaieketen oro saihesten dute. Perfekzioa lortzen saiatzen badira –ezinezko zeregina da hori–, horrek esan nahi du ezin dutela huts egin, eta, beraz, ez dute arriskurik hartuko.

Esku artean dugun ikerketaren datuek erakusten dutenez, huts egin ezin dutela uste duten nesken ehunekoa % 150 handitzen da 12 eta 13 urte bitartean, eta 13 urteko nesken % 45ek diote ez direla gai sentitzen porrota jasateko.

Badakigu funtsezkoa dela erronkei aurre egitea, horixe balioetsiko baita positiboki mundu errealean, arlo akademikoaren eremu segurua utzi ondoren. Beraz, oso komenigarria da neskak arrisku osasungarri baten eraginpean jartzea eta beren buruei eguneroko bizitzan akatsak egiteko baimena ematea. Konfiantza ekintzaren araberakoa da. Gure pentsamenduak ekintza bihurtzen dituen nolakotasuna da; hau da, ausazko bulkada mentalak ekintza erreal bihurtzen ditu. Eta prozesu horrek, oro har borroka eta porrota ere barne hartzen dituen arren, segurtasun handiagoa sortzen du. Neskek gauza berriak, gauza zailak probatzen dituztenean, beren konfiantza handitu egiten da. Erraztasunez egin ditzaketen gauzak bakarrik egiten badituzte, ez dute asertibitatea eta ekimena areagotuko.

Kattyren eta Claireren ikerketak erakusten duenez, nerabeen gurasoei zailagoa egiten zaie neskek porrot egin dezaketela onartzea neskato txikiagoen gurasoei baino; dirudienez, hazi ahala, ez zaizkie hainbeste akats onartzen edo haiengandik nolabaiteko jokabide femeninoa espero da.

3. irudia: Iruzurgilearen sindromea fenomeno psikologikoa da. Hau dela eta, jendea ez da gai bere lorpenak barneratzeko, eta beldur dira besteek iruzurgiletzat ikusiko ote dituzten. (Argazkia: Blake Carpenter – Unsplash lizentziapean. Iturria: unsplash.com)

Edonola ere, alaben konfiantza zehatz neurtzeko orduan aitak amak baino hobeak dira. Izan ere, % 26 aukera gehiago dute konfiantza hori zuzen neurtzeko. Amentzat, beren konfiantza arazo propioek eta autoexijentziak eragina dute alabak epaitzeko gaitasunean. Pertzepzio diferentzia bat da. Konfiantza arrakalaren ondorioz, emakumeek alabengandik gehiago espero dute, beraiengandik besteek ere gehiago espero baitzuten, eta alabak gehiago ebaluatzen dituzte, beraiek ere gehiago ebaluatu baitzituzten.

Emakumeek, amek, inoiz ez badituzte beren porrotak onartzen edo partekatzen, neskek beren burua estandar faltsu baten oinarrituta neurtuko dute (eta estandar faltsu asko daude bizitzako edozein esparrutan). Oso garrantzitsua da alabei erakustea zer esan nahi duen hanka sartzeak eta zein aberasgarria den gero osatzea. Amak oso lanpetuta badaude perfektuak izaten, hori nabarituko dute gehien alabek; alferrik da konfiantzari buruzko liburu mordoa ematea.

Emakumeak, oraindik asko, arriskuetatik urruntzen dira. Baina arriskua sentimendu unibertsal bat da? Clairek –kazetaria bera– ikusi zuen, adibidez, telebistako saioak egiten ari zenean, bere buruari esan behar ziola lan gehiena ona izango zela eta noizean behin bakarrik izango zela perfektua. Horrek aukera eman zion gauza gehiago egiteko eta zeregin gehiago bere gain hartzeko, gauero goizaldera arte gidoi batean lanean aritu beharrean; uste zuen gobernuko goi funtzionarioekin egiten zituen elkarrizketetan ez zuela behar bezala jardungo; kezkatu egiten zuen behar bezain “aditua” ez izateak. Baina ikusi zuen inor ez zela konturatzen haren ezgaitasunaz. Ez zuen gehiago iruzurtiaren sindromerik izan, eta konturatu zen ez zuela dena jakin behar parte hartu ahal izateko.

Berak dio pentsatzeko modu ona eguneroko erabakien % 10 erabaki okerrak izango direla pentsatzea dela; eta hori ondo dago, ondorioei aurre egingo zaielako eta ikasteko prozesu aberasgarri bat egongo delako. Baina eguneroko erabakien % 90 zuzenak izango dira, eta hori asko da aurrera egiteko.

Claireri bezala, agian adierazpen hauek ezagunak egingo zaizkigu: “Ez naiz behar bezain ona”, “Ez dut jakingo nola egin”, “Nire iritzia ez da garrantzitsua”. Pentsatzeko modu hori iruzurtiaren sindromearen ezaugarri argi bat da. Iruzurtiaren sindromea jasaten duten pertsonek, kasu honetan emakumeek, autoexijentzia maila oso altua dute eta beren gaitasunak eta trebetasunak zalantzan jartzen dituzte, iruzur egiten ari direla sentitzen dute eta zenbait esparrutan espero bezala jokatzen ez dutela sentitzen dute.

Sindrome horren okerrena da pairatzen duenaren erabakiak baldintzatzen dituela, aukera asko galdarazten dituela: ez du jendaurrean hitz egiten, ez du taldeetan iritzirik ematen, ez du eztabaida interesgarrietan parte hartzen, ez du ideia berririk proposatzen edo ekarpenik egiten, proiektu garrantzitsuak, lankidetzak, sustapenak eta abar baztertzen ditu.

Laburbilduz, neska nerabeei ikusarazi behar diegu ona dela arriskuak hartzea eta, are gehiago, garrantzitsua dela porrot egitea konfiantza eraiki dezaten, osatzeko gaitasuna dutela egiaztatu ondoren. Diren modukoak izan daitezela esan behar diegu behin eta berriz, akatsetatik ikas dezatela, eta, batez ere, ausartak izan daitezela esan behar diegu behin eta berriro, ez perfektuak.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Voyer, D., Voyer, S.D. (2014). Gender differences in scholastic achievement: A meta-analysis. Psychological Bulletin 140(4), 1174-1204. DOI: 10.1037/a0036620
  • Gillies, G., Flett, G.L. (1991). Estrogen Actions in the Brain and the Basis for Differential Action in Men and Women: A Case for Sex-Specific Medicines. Pharmacological Reviews 62(2), 155–198. DOI: 10.1124/pr.109.002071
  • Hewitt, P.L., Flett, G.L. (1991). Perfectionism in the self and social contexts: Conceptualization, assessment, and association with psychopathology. Journal of Personality and Social Psychology 60(3), 456-470. DOI: 10.1037/0022-3514.60.3.456
  • Kay, Katty, Shipman, Claire, Riley, Jill Ellyn (2019). The Confidence Code for Girls. A Guide to Embracing Your Amazingly Imperfect, Totally Powerful Self. Glasgow, Erresuma Batua: Harper-Collins.

Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko apirilaren 13an: “No soy lo suficientemente buena“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

2 iruzkinak

  • […] Marta Bueno Sazek, Salamancako Unibertsitatean Fisikan eta Pedagogian graduatua eta neurozientzien ikerlariak, Mujeres con Ciencia blogean argitaratu eta EHUko Euskara Zerbitzuak itzulia. Zientzia Kaiera ataritik jasoa. […]

  • […] Ikasturtea zaila bada, guraso asko izutzen dira eta seme-alabek bidean aurkitzen dituzten erronkak konpontzen saiatzen dira, batez ere neskatoenak. Hau ez egitea gomendatzen dute adituek eta seme-alabak uztea arazoari aurre egiten. Izan ere, zulo asko dituen bide bati aurre […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude