Asteon zientzia begi-bistan #346

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

lankidetza

Elikagaiak

Lactiker, UPV/EHUko Animalia Jatorriko Elikagaien Kalitatea eta Segurtasuna ikertaldea da. Talde honek, besteak beste, gaztaren kalitatean eragiten duten ekoizpeneko prozesu biokimiko, mikrobiologiko eta teknologikoen ezaugarri bereziak zehazten dihardu. Xabier Izaga kazetariak lan horri eman dio isla GAUR8n Idiazabal gazta, bizimodua baino gehiago den sistema batek emandako produktua artikuluan. Bertan, ikertzaileek agertzen dute artzaintzaren gainbeherak aldaketak ekarriko lituzkeela gaztaren produkzioan. Esaterako, Idiazabal gaztak gaur dituen ezaugarri eta propietateak galduko lituzke edota biodibertsitatean galerak egongo lirateke.

Antropologia

Kontu-kontariak gara. Istorioak kontatzea eta entzutea gustuko dugu. Izan ere, ezaugarri unibertsala omen da. Narrazioek betetzen duten paperari buruzko ikerketa baten emaitzak ekarri dizkigu asteon Juan Ignacio Pérez biologoak. Agta ehiztari-biltzaileek zabaltzen eta kontatzen dituzten narrazioak izan ditu begi-bistan azterketa batek. Emaitzek erakutsi dute narrazioek egokitze-funtzio garrantzitsua bete dezaketela sistema kooperatiboak antolatzen, lankidetzarako arauak “transmititzeko” funtzioa betez. Izan ere, badirudi istorioak kontatu eta zabaltzeak taldeen barruko lankidetza sustatzen duela.

Medikuntza

AztraZeneca txertoaren balizko albo-ondorio larriak direla eta bi ikerketaren berri eman digu Ana Galarrak Elhuyar aldizkarian. New England Journal Of Medicine aldizkarian argitaratu diren bi artikuluetan jakitera eman dituzte ikerketen nondik norakoak. Batek, txertoa hartu eta 10 egun beranduago Osloko Unibertsitate Ospitalean ingresatu zituzten 32 eta 54 urte bitarteko bost osasun langileen tronbosi kasu larriak deskribatzen ditu. Besteak, Alemania eta Austrian txertaketaren ondoren tronbosia edo tronbozitopenia (odoleko plaketen maila baxua, normala baino txikiagoa) izan duten hamaika norbanako. Ikerketek antzeko emaitzak eman dituzte, antza odol bilduak izan dituztenen immunitate-sistemak erantzun desegokia izan du baina ez dakite txertoaren zein osagaik eraginda.

Marteko muturreko hotzari aurre egin behar zion Ingenuity helikopteroak planeta gorriko zeruak zeharkatu aurretik. Erronka gainditu du hegazti teknologiko honek, Jezero kraterrean astebete baino gehiago egon baita eta haren bateriak ez du kalterik izan. Baina hegoak astintzen hastekoa zenean NASAk helizeetan arazo batekin egin zuen topo eta atzeratu egin du hegaldia. Beñat Zalduaren eskutik etorri dira detaile guztiak Naiz.eus-en: Posible al da Marten hegan egitea?

Biologia

Juanma Gallego kazetariak mezu argi bat eman digu egunotan: biodibertsitatea ez da nahikoa lehorteei aurre egiteko. Guadarrama mendilerroan egindako ikerketa bat hartu abiapuntu Gallegok, non pinuak eta haritzak aztertu dituzte ikertzaileek. Bi espezieen masa mistoak, bai nahasi gabekoak ikertu dituzte azken 60 urteetako hazkuntza analizatzeko eta emaitzak adierazten du: klima-aldaketari aurre egiteko ez dela nahikoa izango basoetan biodibertsitatea handitzea. Hori dela eta egoera idorrei aurre egiteko estrategiak diseinatzean, espezieen nahastea “tentuz” aztertu behar dela gomendatzen dute ikertzaileek.

Entzumen absolutua entzumen-estimulu isolatu baten maiztasuna identifikatzeko gaitasuna da, betiere, erreferentziazko entzumen-estimulurik gabe. Entzumen absolutua dohain berezia da gizakien artean baina ez da arraroa animalien erreinuan. Hegazti kantari askok, otsoek, arratoiek eta beste karraskari batzuek badute eta, honi esker, beraien espezieko beste kide batzuk ezagutzen dituzte txorrotxio, ulu edo deien tonuagatik. Horrek esan nahi du gai direla soinuen oinarrizko maiztasuna modu absolutuan identifikatzeko eta egun batetik bestera gogoratzeko. Datu gehiago Entzumen absolutua, belarri finen gaitasuna artikuluan.

Paleontologia

DNA nuklearrak mitokondrialak baino informazio gehiago ematen du, baina zailagoa da nukleoko DNA sekuentziatzea. Bestalde, batez ere, fosiletatik lortu izan dira laginak orain arte. Asteon antzinako DNAren analisia duten ikerketan aurrerapausoa izan daitekeen berri bat ezagutzera eman da: ikertzaileek neandertalen DNA nuklearra lortu baitute sedimentuetatik, laginak giza hezurretatik hartu beharrik izan gabe. Elhuyar aldizkarian ematen dizkigu xehetasunak Aitziber Agirrek. Atapuerca mendilerroko Estatuen Galeriako sedimentuetan lortutako DNA arrastoak sekuentziatu dituzte, gutxi gorabehera duela 110.000 urte bizi izan zen , gizonezko neandertal batenak.

Mamutak tamainaz animalia handiak izateaz gain leku hotzetan bizitzeko moldaerak zeuzkaten, esaterako iletsuak ziren. Baina mamut-espezie guztiak ez ziren iletsuak, hori iparraldean bizi ziren mamuten ezaugarria zen. Beraz, nolakoak izango ote ziren gure lurraldean bizi zirenak? Jakes Goikoetxeak Berrian Izturitze kobazuloan aurkitu zituzten mamuten arrastoei egin erreparatu die. Leize-zuloan 1998an aurkitu zituzten mamut gazte baten omoplatoa edo sorbalda hezurra eta ikerketa berri batek erakutsi duela 29.000 urteko arrastoak direla. Ikertzaileek diotenez, garai hartan ohikoak ziren mamutak Euskal Herrian baina salbuespena zen haiek ehizatzea.

Teknologia

Arabako Alean Juanma Gallegok GEOINT edo adimen geoespaziala ekarri du erakusleihora. Besteak beste, teknologia honek Lurrean zehaztuta dauden erreferentzia-puntu geografikokien ezaugarri fisikoak deskribatu, ebaluatu eta irudikatzen ditu. Honen erabilera gobernu eta enpresa handien esku egon da orain arte baina Google Earth aplikazioak gehitu du haren zerbitzura. Aukera berria probatu du Gallegok Arabako lurraldean eta ikusi du tresna berri hori Arabara aplikatuz gero, azken 37 urteetan lurraldean hainbat aldaketa eman direla. Esaterako, Gasteizen azpiegitura berrien inpaktua handia izan dela.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.