Margaret Pittman, kukutxeztularen soinu zakarra apaldu zuen bakteriologoa

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Gaur egun, kukutxeztulak, birikei eragiten dien gaixotasun infekzioso horrek duela zenbait hamarkada baino askoz ere beldur gutxiago ematen du, eta, neurri batean, Margaret Pittmanen lanari esker da hori. Pittman mikrobiologoak kukutxeztularen aurkako txertoa garatu zuen, eta gaur egun, oraindik ere, munduko leku askotan ematen diren txertoen oinarritzat erabiltzen da. Kukutxeztularen aurkako txertoek ez dute % 100eko immunitatea ematen, baina asko gutxitu dute gaixotasunaren zirkulazioa, eta, infekzioa izanez gero, ez da hain larria izaten.

Ez da gutxi. Kukutxeztulak, oso kutsakorra izan arren, ez du pronostiko larririk izaten haur nagusiengan edo helduengan, baina heriotza eragin diezaieke haurtxoei, kutsatzen baldin badira. Gaur egun, kukutxeztularen aurkako txertoa txertaketa-egutegien parte da, eta mundu garatuan haur gutxi hiltzen dira kukutxeztularekin. Eta, esan bezala, Margaret Pittmani esker da neurri handi batean.

Margaret Pittman
1. irudia: Margaret Pittman 1938. urtean lanean, Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionaleko laborategian. (Argazkia: National Institutes of Health (NIH) – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Aitaren kontsulta-laguntzaile

Pittman Arkansasen (AEB) jaio zen 1901ean. Aita medikua zuen. Pittmanek eta ahizpak askotan laguntzen zuten aitaren kontsultan, pazienteei anestesia edo txertoak ematen. Aitaren heriotza goiztiarraren ondoren, ama beste herri batera joan zen, eta jostun lanetan eta elikagai kontserbak egiten aritu zen, Pittman eta haren ahizparen eta nebaren ikasketak ordaintzeko.

1923an matematikan eta biologian graduatu zen Hendrix College unibertsitatean, eta aldi batez bertako unibertsitate eskola batean eman zituen eskolak. Horren ondoren, Chicagoko Unibertsitatean matrikulatu zen, eta Bakteriologiako master titulu bat lortu zuen 1926an. Handik, ikertzaile lanpostu bat betetzera joan zen New Yorkeko Medikuntza Ikerketako Rockefeller Institutura. Gero, Chicagoko Unibertsitatera itzuli zen, eta han doktoratu zen, 1929an.

Espainiako gripearen ondorengo urteak

Sasoi hartan bakteriologia zientziaren adar berri samarra zen. Asko aurreratu zen infekzioen ezagutzan eta azterketan, baina artean ez zekiten infekzio asko nola prebenitu, hala nola difteria, pneumonia edota kukutxeztula.

Pittmanen bizitzan, 1918. urtea urte beltza izan zen infekzioei dagokienez Espainiako gripearen pandemia zabaldu baitzen (gaixotasun horrek izen hori hartu zuen Mendebaldeko herrialdeetatik, Espainiak ez zuenez I. Mundu Gerran parte hartu, herrialde horrek bakarrik ematen zuelako pandemiari buruzko informazioa egunkarietan). Espainiako gripearen ondorioz, 40 milioi pertsona hil ziren mundu osoan, erdiak Estatu Batuetan. Pittmanen ikerketa-ibilbidea ondorengo urteetan hasi zen, gobernuak eta gizarteak, oro har, osasun publikoko neurrien bidez, baliabide asko bideratu zituzten gaixotasun infekziosoak kontrolatzera.

Lehenengo aurkikuntzak eta argitalpenak

Pittman Rockefeller Institutuan zientzialari-lanetan aritu zenean, Haemophilus influenzae bakterioa aztertu zuen. Bakterio horrek bronkitisa, sinusitisa edo antzeko infekzioak sortzen ditu gizakiengan. Berak ikusi zuen bakterioaren andui batzuk kapsula batez inguratuta daudela, eta horri esker odol-zirkulazioan sar daitezkeela organismoaren defentsak engainatuta. Guztira, andui horietako sei identifikatu zituen, eta horietako batek haurren meningitis mota bat sortzen zuen. Horrek eta pneumonia batzuk eragiten dituen pneumokokoari buruzko zenbait argitalpenek nazioarteko ospea ekarri zioten bere arloan oso denbora gutxian.

Margaret Pittman
2. irudia: Margaret Pittman 1947. urtean. (Argazkia: The Rockefeller University. Iturria: Digital Commons @ RU)

1936an, Osasun Institutu Nazionalean hasi zen lanean (NIH, gaur egun, Osasun Institutu Nazionala, Estatu Batuetako ikerketa biomedikoko erakunde publikoa da), eta, besteak beste, tifusaren, koleraren edo kukutxeztularen aurkako txertoak ekoizten, probatzen eta estandarizatzen lan egin zuen. Txerto baten eraginkortasuna laborategian neurtutako potentziarekin zuzenean lotuta zegoelako ideia bultzatu zuen, eta, beraz, potentzia hori neurtzeko metodoak garatu zituen.

II. Mundu Gerran, ahalegin belikoaren alderdi sanitarioan lagundu zuen, odol plasma prozesatzeko estandarrak garatu baitzituen. Une hartan, odol transfusioak erabiltzen ziren zaurituak tratatzeko, baina, batzuetan, horrek sukar altuak eta beste arazo batzuk sortzen zituen, eta, beraz, Pittmanek eta bere lankide Thomas Probeyk, odoleko plasmaren baldintza egokiei eusteko eta horiek egiaztatzeko metodoak garatu zituzten, pazienteari transfusioa egin aurretik.

Kukutxeztularen aurkako lana

Aldi horretan, 1943an, kukutxeztularen inguruko lanari ekin zion. Beste lankide batzuekin batera, txertoaren segurtasuna eta eraginkortasuna egiaztatzeko metodoa garatu zuen, eta lan hori bihurtu zen kukutxeztularen aurkako txertoari eskatzen zaizkion nazioarteko potentzia-eskakizunen oinarri. Baldintza hori ezarri eta bost urteko epean, gaixotasun horrek eragindako heriotza tasak nabarmen egin zuen behera. Horixe izan zen, bere iritziz, lorpen handienetako bat, txertoa garatu eta inplementatzeko orduan arazo ugari izan bazituzten ere. Kukutxeztularen aurkako txertoak albo-ondorio larriak sortzen zituen, eta 1976an, Pittman arazo hori konpontzeko lanean ari zen. Egun batean, gaixotasuna exotoxina batek, bakterio batek eragindako toxinak, eragiten zuela konturatu zen, difteriarekin edo kolerarekin gertatzen den bezala. Kukutxeztula toxina batek eragindako infekzio gisa ulertuta, txerto seguruagoa garatu ahal izan zen.

Margaret Pittman
3. irudia: 1960. urtea, Margaret Pittman txerto baten eraginkortasunerako proba bat azaltzen. (Argazkia: National Institutes of Health (NIH). Iturria: The NIH Catalyst)

Zuzena, kementsua, berrizalea eta lider eraginkorra

Pittmanek Produktu Bakterianoen Laborategiko Estandar Biologikoen Dibisioa zuzendu zuen 1957tik 1971ra, eta Osasun Institutu Nazionaletan laborategi handi bateko burua izan zen lehen emakumea izan zen. Ospetsua zen zuzena eta sistematikoa zelako eta beti indartsu agertzen zelako, gauza berri guztien aukerak ezagutzeko gai zelako eta aukera horiek aprobetxatzeko gogoz egoten zelako. 1970ean Emakumeen Sari Federala jaso zuen, eta arrazoi hau eman zuten horretarako: «Arazoak identifikatzeko, ikerketa bultzatzeko eta emaitzak ebaluatzeko duen trebetasunak ezohiko lider eraginkorra bihurtu du».

1960tik 1970era kolerari buruzko ikerketa batean parte hartu zuen Pakistanen, NIHetan kolera ikertzeko zuzendaria izan zen eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) aholkulari aritu zen 1959 eta 1983 urteen artean zenbait garaitan. 1971n hartu zuen erretiroa, baina ordainsaririk jaso gabe jarraitu zuen lanean NIHetan, eta OMEren noizbehinkako aholkulari gisa.

1986an, Ameriketako Estatu Batuetako Pediatria Akademiako ohorezko kide izateko aukeratu zuten, «haurren bizitza eta ongizatea hobetzeko egindako ahaleginengatik», eta NIHetako beka batek bere izena du, erakundeko kide gisa izan zituen lorpenen omenez.

Marylanden hil zen, 1995ean.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío P. Benavente (@galatea128) kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko apirilaren 8an: “Margaret Pittman, la bacterióloga que ayudó a hacer la tosferina una infección menos peligrosa“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude