Asteon zientzia begi-bistan #352

Dibulgazioa · Zientzia Kaiera

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Astronomia

Espiral itxurako galaxiek barne egitura bitxia dute eta oraindik ez dakite noiz sortu ziren. Japoniako bi ikertzailek itxura hori duen BRI 1335–0417 galaxia antzeman dute ALMA teleskopioa erabiliz. Urrutiko unibertsoko galaxia da, Big Banga gertatu eta 1 400 milioi urte beranduago sortutakoa. Hau da sekula ikusi den bere motako galaxiarik zaharrena eta Egoitz Etxebestek ematen digu bere berri Elhuyar aldizkarian: Galaxia espiral bat, unibertsoa oso gaztea zenekoa.

Meteorologia

Arabako Lautadan ohikoak dira elurteak eta izozteak eta baita ezohikoak diren beste portaera batzuk ere, esaterako, euri izoztua. Izan ere, beste toki batzuk baino hotzagoa da zonalde hau eta meteorologiaren ikuspuntutik oso leku interesgarria dela azaldu du Euskalmeteko Jose Antonio Arandak Berrian: “Arabako Lautada leku interesgarria da meteorologia aldetik“.

Mikrobiologia

Ikerketa berri batek frogatu du tamaina handiko mikroorganismoek airean sakabanatzeko gaitasuna dutela, eta mikroorganismo horiek airean duten ugaritasuna tokiko baldintza meteorologiko guztien eraginpean dagoela. Emaitzek beste fronte bat irekitzen dute aerobiologiaren alorrean. Juanma Gallegok eman du honen berri: Haizeak daramatzan mugarik gabeko mikroorganismoak.

Mikroorganismoen multzoari mikrobioma deitzen diogu eta mikrobiota, giza organismoaren hestean edo digestio-hodian dauden mikroorganismo bizien edo bakterioen multzoari. Ikusi denez hainbat gaixotasunekin lotura dute egun, eta iraganean ere izan zuten. Jakes Goikoetxeak azaldu digu Berrian ikertalde batek antzinako gizakien mikrobiota aztertu dutela gorozki fosilen bidez: Gorotzak eboluzioa ezagutzeko.

Geologia

Laku eta ibaien hondoetan zirrikituren bat topatzen duten euriek eta elurrek osatzen dute lurpeko ura, eta Euskal Herrian zein munduan, gutako askori ematen digu edaten. Mendi goietan daude gurean kalitaterik hoberena duten akuiferoak, eta haranetan kutsatuago daudena. Hala ere, orokorrean, lur azpian ditugun akuiferoko uraren kalitatea ona da. Amaia Ramirez de Okarizek landu gaia Berrian: Ezkutuko urak ere badira.

Teknologia

Ingeniaritza Elektronikoa ikasi du Unai Otamendik eta gradua bukaerako lanean COVID-19aren hedapenean portaera sozialek izan duten eragina neurtzeko programa informatiko bat garatu du. Egungo egoera aztertzeko ez ezik, etorkizuneko epidemiei begira, eredu honen bidez segurtasun neurri eta txertatze estrategiak planifikatzeko baliagarriak izango diren programa berriak sortu ahal izango dira. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Juan Ignacio Pérez biologoak azaldu du asteon zaporeak ez direla janariaren funtsezko ezaugarriak. Zaporeak zenbait substantziaren eta haien dastamen-errezeptoreen arteko elkarreraginetik sortzen diren propietateak direla. Belaunaldiz belaunaldi moldatuak, animalia-leinu bakoitzak elikagaiarekin izan duen harremanagatik: Zaporeek badute historia.

Zahartu ahala gure gorputza ahulagoa bihurtzen da eta gure funtzio fisiko eta psikikoen beherakada pairatzen dugu. Egoitz Etxebestek kontatu digu azterketa batean, adineko pertsonen jarduera fisikoa eta odol-laginak aztertu dira, adinean aurrera egin ahala gertaera traumatikoen aurrean organismoak berreskuratzeko duen gaitasuna nola aldatzen den neurtzeko. Elhuyar aldizkarian irakurgai: Zahartzea neurtzeko modu berri bat aurkitu dute.

Psikologia

Zahartzaroa eta hauskortasuna ditu ikergai Joanes Lameirinhas ikertzaileak. Edadetuen hauskortasunean faktore psikologikoek duten papera aztertzen ari da haren doktorego-tesian eta haren helburuetako bat hauskortasun psikologikoaren definizio teoriko eta operazional bat lantzea. Xehetasun guztiak, Unibertsitatea.net atarian: “Adinekoen hauskortasun egoeran faktore psikologikoek eta sozialek izan dezaketen eragina aldarrikatu da azken hamarkadan“.

Genetika

Erretinosi pigmentarioa, begiaren gaixotasun genetiko neurodegeneratiboa da eta itsutasuna eragin dezake. Optogenetikaren bidez, paziente itsu batean, argiarekiko sentikortasuna ematen duen gene bat txertatu diote zeluletan eta betaurreko berezi batzuekin estimulazioa arina bideratu. Aitziber Agirrek azaldu du Elhuyar aldizkarian, honen ondorioz gaixoaren ikusmena partzialki berreskuratzea lortu dutela.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude