Haizeak daramatzan mugarik gabeko mikroorganismoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Aire masek garraiatuta, mikroorganismoak atmosferan distantzia handiak egiteko gai direla demostratu du ikertzaile talde batek. Diotenez, orain arte erabili izan diren ereduek ez dituzte kontuan hartu mikroorganismoek dituzten zenbait berezitasun.

Txiste antzeko bat badabil fisikarien artean; horren arabera, behiak esferikoak dira. Bai, ezin uka zenbait fisikari badirela arraro samar, baina txisteak badu atzean arrazoi bat: eredu matematikoak eta fisikoak lantzen direnean, ezinbestean gauzak sinplifikatu beharra dago. Baldin eta behi batek 500 kiloko masa badu, eredu batean milaka behi sartu nahi baditugu, horiek esferatzat hartzea da jarraitu ohi den bidea.

Haatik, natura ez da esferikoa, eta, horregatik, natura eredu fisikoetara eraman nahi denean, sinplifikazioak tentu handiz erabili behar dira. Zenbaitetan, sinplifikazio horiek ondorio oso esanguratsuak izan ditzakete, errealitatea ezagutzeko dugun modua desitxuratzeraino.

haizeak
1. irudia: Aire masek partikulak eramateko gaitasuna dute, eta baita mikroorganismoak ere. Horien tamaina, ordea, orain arte uste zena baino handiagoa izan daitekeela proposatu du ikertzaile talde batek. (Argazkia: ESA)

Halako zerbait gertatu zaio atmosferan dauden mikroorganismoak aztertzen diharduen ikertzaile talde bati. “Laginen behaketa egiten ari ginela, ezin genuen sinetsi ikusten ari ginena”, azaldu dute, UAM Madrilgo Unibertsitate Autonomoak kaleratutako ohar batean. AEMET Espainiako Meteorologia Estatu Agentziako adituekin batera, ikertzaile talde hori MICROAIRPOLAR izeneko proiektuan buru-belari ari dira. Bada, mikroskopioan hori ikusi zuten unea eureka momentu txiki horietako bat izan zen. Halako zerbait baina zirraragarriagoa den gauzarik nekez bizi dezake zientzialari batek. Mikroskopio aurrean zeudela, 0,4 milimetro arteko zianobakterioen harizpiak eta alga eukariotoak ikusten ari ziren. Lagin horien ezaugarriak kontuan izanda, horiek ez ziren bertan egon behar.

Oro har, mikroorganismo txikienak denbora gehiagoz mantendu daitezke airean, eta, horregatik, horien ibilbideak luzeagoak izango dira. Orain arte, ereduek balekotzat eman dute aire bitartez partikulek distantzia handiz garraiatuak izan daitezkeela baldin eta haien tamaina milimetro milaren bat baino txikiagoa bada. Tamaina hori baino handiagoak direnen kasuan, berriz, zenbait ordu edo egun barru lurrera erortzen direlako ideia izan da nagusi ikertzaileen artean. Hortaz, mikroorganismoen tamaina funtsezkotzat jo da haien aire bidezko dispertsioa kalkulatzeko.

Baina Science of the Total Environment aldizkarian aurkeztutako datuen arabera, orain arte aire bidezko mikroorganismoen garraioa ikertzeko erabili izan diren irizpideak ez dira guztiz zuzenak izan. Are gehiago, ikertzaile hauek proposatutakoari jarraiki, ereduok ez dute kontuan hartzen mikroorganismoen benetako masa. Izan ere, gehienezko luzera hartu ohi da erreferentziatzat, eta, bide hori jorratuta, dirudiena baina masa gehiago hartzen dute ereduetan. Ikertzaile hauek, ordea, kontrako bidea hartu dute: matematikak hartu eta horien tamaina esfera batera egokitu dute, haien benetako pisua eta eramanak izateko parametroak kalkulatu ahal izateko. Nolabait, fisikarien eta behien esferikotasunaren txisteari buelta eman diote, baina filosofia bera mantenduta: gauzak gehiegi sinplifikatzean, datuok bide okerretik eraman gaitzakete.

Ez da ikusi duten akats bakarra. Diotenez, mikroorganismo gehienak idortzen dira bidaian, inguruko airearen hezetasun erlatiboaren arabera egokituz. Modu horretan, horien dentsitatea %90 jaitsi liteke. Bi aldaera horiek kontuan hartuta, konturatu dira orain arte baino dezente handiagoak izan daitezkeela aire masei esker mugitzen diren bidaiari ñimiño horien txangoak: ehunka kilometroko distantziak egiteko ahalmena dutela egiaztatu ahal izan dute.

“Konturatu ginen gaur egun dauden dispertsio ereduek ez dituztela kontuan hartzen ezaugarri biologiko garrantzitsuak, hala nola mikroorganismoen benetako formak edota bidaian zehar deshidratatzean izaten duten dentsitate galera”, argitu dute ikertzaileek.

haizeak
2. irudia: Irizpide berrietan abiatuta, aire masek izan dezaketen mugimendua kalkulatu dute. Irudian, bost egunez 8,2 mikrako partikula batek egin zitzakeen ibilbideak, %75 deshidratatu dela suposatuz. (Irudia: Galban, S. et al.)

Distantziei ez ezik, ibilbidea baldintzatzen duten faktoreei ere erreparatu diete. Bizirako hain ingurune berezia izanik, aireko biztanle bitxi horiek batez ere eguraldiaren araberako patua izan ohi dute. Ez da faktore bakarra, ordea. Tokian tokiko ekosistemak, egunaren partea edo urtaroa zein diren, horren araberakoa izan daitezke aireko bizidunen presentzia eta mugimendua.

Egindako laginketan zehar bi egoera desberdin ematen zirela ikusi dute. Batetik, zikloi askoko jarduna duten garaiak: horietan, prezipitazioak, presio baxuak eta haizearen abiadura dira ezaugarri nagusienetako batzuk. Bestetik, antizikloi uneak, hots, egoera meteorologiko egonkorragoko garaiak. Bada, zikloi aldietan aurkitu dituzte lagin horietan mikroorganismo gehien.

Laginak Madrilen hartu dituzte. Baina mikroorganismoei beraiei baino, horiek dakartzaten aire masei erreparatu diete, ordenagailu bidezko ereduak erabilita. Eredu horietan hasieran aipatutako aldaketak sartuta, ahalegindu dira masa horiek izan duten ibilbideak zehazten. Ehunka metrotako ibilbideak ondorioztatu dituzte, eta Madrilen jasotako zenbait aire masetako mikroorganismoa batzuk Kanadakoak izan daitezkeela proposatu dute.

The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean, aurkikuntza honen balioa azpimarratu dute ikertzaileek. “Lurraren ekosistema desberdinetan egon daitekeen geneen etengabeko jario honek planetaren mikrobiologiaren ikuspegi berria eman dezake”, laburbildu dute. “Bestetik, gure emaitzek zeresana izan dezakete nekazaritzan, abeltzaintzan edota gizakietan gaitzak eragiten dituzten patogenoen mugikortasuna ulertzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Galban, S., et al. (2021). Local meteorological conditions, shape and desiccation influence dispersal capabilities for airborne microorganisms. Science of the Total Environment, 780: 146653. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2021.146653


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Ikerketa berri batek frogatu du tamaina handiko mikroorganismoek airean sakabanatzeko gaitasuna dutela, eta mikroorganismo horiek airean duten ugaritasuna tokiko baldintza meteorologiko guztien eraginpean dagoela. Emaitzek beste fronte bat irekitzen dute aerobiologiaren alorrean. Juanma Gallegok eman du honen berri: Haizeak […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.