Mikrobiota eta sabeleko minaren arteko lotura aurkitu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Hesteetako mikrobiota sabeleko minari lotuta egon daitekeela proposatu du nazioarteko ikertzaile talde batek.

Ikerketan Biodonostia Institutuko adituek parte hartu dute, eta Gut aldizkarian argitaratutako gutun baten bidez ezagutarazi dute. Institutu horretako Luis Bujanda ikertzaileak azaldu duenez, aurkikuntzak bide berriak ireki ditzake hesteari lotutako gaixotasunak tratatu ahal izateko.

Populazioaren %10-20ak nozitzen ditu, maila ezberdinetan, gaitz funtzional digestibo deritzonak. Halakoetan, pazienteak sabeleko mina eta erraiekin lotutako beste sintomak nozitzen ditu, eta, ondorioz, medikuarengana jotzen du. Ondorengo analisietan, ordea, ez da ezer berezirik antzematen. “Asaldura horiek azaltzeko hipotesi asko badaude ere, orain arte ez dago argi zerk eragiten duen”, esan du Bujandak. “Halere, pazienteak sintomak izaten ditu, eta gaitzak bizi kalitatean eragiten du”.

1. irudia: Gaitz funtzional digestiboa dutenek sabeleko mina eta erraiekin lotutako beste sintomak nozitzen dituzte. (Argazkia: Ben White/Unsplash)

Azken urteotan, zientzialariek hesteetako bakterioek osasunean jokatzen duten rola oso nabarmena dela ikasi dute. Mikrobiota hori, ordea, izugarri konplexua da. “Hesteetan 1.000 bakterio mota baino gehiago daude. Guztira, 100 bilioi bakterio inguru; prozesu fisiologikoetan eragin garrantzitsua izaten dute, eta, mikrobiota hori aldatzen denean, egoera patologiko batera eraman dezake”.

Horregatik, bakterio andana horrek gaixotasun digestiboetan duen eragina aztertzeari ekin diote zientzialariek. Suediako PopCol izeneko kohortea erabili dute ikerketa aurrera eramateko: kolonoskopietan eskuratutako datuak baliatu ahal izateko. Guztira, kohorte horretako 159 lagun ikertu dituzte. Horietatik, 107 lagunek inoiz ez dute sabeleko minarekin arazo nabarmenik izan, eta, horregatik, kontrol talde modura erabili dituzte. Gainerako 52 lagunak, berriz, erraietako minak nozitu dituztenak dira. Taldearen batezbesteko adina 60 urte ingurukoa izan da.

Ikerketa hau egin aurretik, mikrobiotaren eta sabeleko minaren arteko ustezko lotura aztertzeko 15 lagunez osatutako taldea erabili izan dute; baina, orain, kopuru hori dezente handitu dute, 159 lagunera iritsi arte.

Astebetez, parte-hartzaileek galdetegi bat bete dute, mina ote duten jakiteko eta, hala izatekotan, min horren nondik norako zehatzak azaltzeko. Lagun bakoitzaren mikrobiota aztertuta, ikertzaileek ikusi dute mina nozitu izan duten eta minik nabaritu ez dutenen bakterioen osaketa nahiko ezberdina dela. Bereziki Prevotella, Blautia, Streptococcus eta Lactobacillus motako bakterioek izan zuten dute zeresanik handiena.

Sekuentziazio masiboa

Paziente bakoitzaren makrobiota aztertzeko sekuentziazio genetiko masiboko teknikak baliatu dituzte. Teknika hau erabilita, aukera dago lagin batean dagoen DNA guztia aztertzeko eta, ondorioz, bertan dauden bakterio guztien berri izateko. Sekuentziazio masiboak benetako iraultza ekarri du, eta ez soilik medikuntzan. Adibidez, paleoantropologiaren alorrean, estratu zehatz batean eskuratutako lurretik erauzitako DNA aztertuz posible izan da garaiko bizidunen berri izatea.

2. irudia: Mikrobiota enterotipoen banaketa ezberdina dute gaitza dutenek eta kontrol taldean parte hartzen dutenek. (Irudia: /Gut)

Zientzialariek dakitenez, hesteetako bakterioak hiru enterotipo edo talde nagusitan banatzen dira. Horietako multzo bakoitzean, Ruminococcaceae, Prevotella eta Bacteroides motako bakterioak dira nabarmenenak. Ikerketa honetan ikusi dutenez, Prevotella enterotipoa urriagoa izatea izan daiteke gaitzaren atzen dagoen faktoreetako bat. Halere, ikertzaileek momentuz aldagai horien arteko korrelazioa baino ez dute iragarri, eta denbora igaroko da minaren zio konkretua argitu arte. Baina itxaropentsu azaldu da Bujanda. “Tratamendu baten bitartez, bakterioen orekan izandako aldaketa hauek berriro bere onera eramanez, sintoma horiek alda litezke”, esan du adituak.

Horretarako bidea irekita omen dago jada. “Gorozkien transplantea aukeretako bat da: osasuntsu dagoen lagun bati gorozkia hartu eta gaixo dagoen beste lagun batean txertatzea, hain zuzen. Orain, batez ere, infekzio larrien kasuan egiten da hori, antibiotikoek balio ez dutenean. Bestetik, bakterio-flora ere erabili daiteke horretarako”.

Erreferentzia bibliografikoa

Hadizadeh F, Bonfiglio F, Belheouane M, et al Faecal microbiota composition associates with abdominal pain in the general population Gut Published Online First: 01 August 2017. doi: 10.1136/gutjnl-2017-314792


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.