Gaur egun, azpimarratzekoa da, energia primarioaren kontsumo globalaren % 30-40 eta berotegi efektuko gasen emisio globalaren % 24 eraikuntza-sektoretik datorrela. Gainera, Eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeak onura ekonomikoa, soziala eta ingurumenarekiko jasangarritasuna ekarriko lituzke.
Beraz, eraikuntza-sektorearen energia-kontsumoa jaistera bideratutako ahaleginek energia balantzea ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen (Nearly Zero Energy Buildings, NZEB) kontzeptuaren garapena ekarri dute Europar Batasunean.
Lan honen helburuak dira, batetik, ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen inguruko ezagutza zientifikoaren joeraren ikuspegi orokorra eskuratzea. Web of Science (WoS) datu-basea erabiliz, zientziaren ikerketa-esparrua garatu eta bistaratu da, eta analizatu dira argitalpen urteak, herrialde, aldizkari eta erakunde garrantzitsuenak, gehien aipatu diren artikuluak eta teknologia-jardueren bideak.
Emaitza orokorrek adierazten dute ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen filosofia aditasun handia ari dela eskuratzen zientziaren arloan. 1981etik 2018ra gai honetan oinarritutako 823 artikulu argitaratu dira eta ekoizpen hazkundea esponentziala izan da, azken bost urteetan artikulu zientifikoen % 67.31 argitaratu da. Ikerketa-lanak nagusiki Europan bildu dira, Italia izanda ekoizpen handiena duen herrialdea 95 argitalpenekin, Erresuma Batua (78) eta AEB(54) jarraituz.
Erakundeei dagokienez, lau erakunde nagusiak hauek dira: Norwegian Univ Sci &Technol (Norvegia, 32 artikulu), Aalto Univ (Finlandia, 26 artikulu), Tech Univ Denmark (Danimarka, 19 artikulu) eta Univ Politehn Bucuresti (Errumania, 18 artikulu). Artikulu zientifikoak Energy and Buildings aldizkarian argitaratu dira gehien bat, konkretuki 225 artikulu, beraz aldizkaria hau gakoa da zientzia konkretu honen dibulgazioan. Energy and Building aldizkaria argitalpen gehien dituen aldizkaria izateaz gain, gehien aipatzen den artikuluaren argitalpen-aldizkaria da ere.
Horrekin batera, gehien aipatzen diren artikuluen jatorria nagusiki unibertsitateak dira, eta Europako herrialdeetan daukate abiaburua. Gako-hitzen kontzeptu-mapak ezagutza zientifikoaren nodoak identifikatzeko tresna baliagarriak dira, eta kasu honetan, “nearly zero energy building”, “passive house”, “low energy building”, “net zero energy building”, “life cycle assessment”, “energy performance”, “energy-efficient”, “residential building”, “thermal comfort” eta “energy retrofit” kontsumo-baxuko eraikinen ezagutza zientifikoaren ikerketa-gai nagusiak islatzen dituzte. Zientzia-transferentziari dagokionez, erakundeen arteko erlazio mapak erlazio sendoak identifikatu egiten ditu gehien argitaratzen dituzten erakundeen artean, “Norwegian University”, “Aalto University”, “Politehnica University of Bucarest”, “SINTEF building in frastructure”, “Minho University” definitzen ditu erlazio-lotura sendoenekin; Euskal Herriko Unibertsitatea lehengo 25 artean dagoela aipatzekoa da. Aipagarria da Europako zientzialariek eman dioten bultzada ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen ikerketa arloari.
Azken urteetan efizientzia energetikoa erronka garrantzitsua bihurtu da, eta horrek eragina izan du zientziaren munduan ezagutza berriak landuz etxebizitzen kontsumo energetikoaren eremuan, besteak beste honako ezagutza-arlo hauetan: isolamendua eta efizientzia; etxebizitzen kostua, energia berriztagarria eta bizi-zikloaren azterketa, eta konfort-termikoa.
Iturria
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 36
- Artikuluaren izena: Ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen ezagutza zientifikoaren analisia
- Laburpena: Eraikuntza-sektorearen energia-kontsumoa jaistera bideratutako ahaleginek energia balantzea ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen (Nearly Zero Energy Buildings, NZEB) kontzeptuaren garapena ekarri dute Europar Batasunean. Lan honen helburuak dira, batetik, ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen inguruko ezagutza zientifikoaren joeraren ikuspegi orokorra eskuratzea, eta, bestetik, Passivhaus etxebizitzen ezaugarri energetikoak definitzen dituzten parametroen arteko erlazioek jarraitzen dituzten ereduak edo patroiak aztertzea. Web of Science (WoS) datu-basea erabiliz, zientziaren ikerketa-esparrua garatu eta bistaratu da, eta analizatu dira argitalpen urteak, herrialde, aldizkari eta erakunde garrantzitsuenak, gehien aipatu diren artikuluak eta teknologia-jardueren bideak. Emaitza orokorrek adierazten dute ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen filosofia aditasun handia ari dela eskuratzen zientziaren arloan. Ikerketa-lanak nagusiki Europan bildu dira, bai eta artikulu gehien argitaratzen dituzten erakundeak ere.
- Egileak: Izaskun Alvarez, Enara Zarrabeitia Bilbao, Itziar Martinez de Alegria Mancisidor, Jasone Aranburu
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 225-238
- DOI: 10.1387/ekaia.20421
Egileaz
Izaskun Alvarez, Enara Zarrabeitia Bilbao, Itziar Martinez de Alegria Mancisidor, Jasone Aranburu UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Enpresen Antolakuntza Sailekoak dira.
3 iruzkinak
[…] of Building Engineering aldizkarian argitaratutako artikulu batean proposatu dutenez, eraikinetan berotegi efektua baliatzen duen egitura bat jartzeak modu nabarmenean hobetu dezake eraikin horien […]
[…] of Building Engineering aldizkarian argitaratutako artikulu batean proposatu dutenez, eraikinetan berotegi efektua baliatzen duen egitura bat jartzeak modu nabarmenean hobetu dezake eraikin horien […]
[…] ordea, herrialde bakoitzari esleitu behar zaion energia primario osoa kontuan hartzeaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere hartzen ditu kontuan, hau da, “ondasuna […]