Asteon zientzia begi-bistan #355

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Fisika

Cornell Unibertsitateko ikertzaileek “ptikografia” (ptychography) izeneko irudi konputazionalen teknika bat erabiliz eta algoritmo batek bultzatutako prozesu batekin konbinatuta, potentzia handiko detektagailu bat egin zuten. Datuak eta patroiak bereizmen handiko irudiak bilatzeko gaitasuna du detektagailuak eta munduko errekor bat lortu dute: azken belaunaldiko mikroskopio elektroniko baten ebazpena hirukoiztu dute eta bereizmen handieneko argazkia egin diete atomoei. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Atomoei inoiz egindako argazkirik zehatzena lortu dute.

Arkeologia

Berrian Enekoitz Telleria kazetariak oximoron batekin piztu du gure jakin-mina. Suak izoztu zuen ogia aurkeztu baitigu. Ez da txapata bat, ez baserriko ogia, ezta ogi biribila, “panis quadratus” izena duen ogia da. “Panis quadratus” Vesuvio sumendia lehertu zen egunean okindegi baten errautsez lurperatuta gelditu zen ogia da. Ikertzaileek kiskalita topatu zituzten, eta Panis Quadratus izena eman zioten ogia zortzi anoatan banatzen dituen markak dituztelako azalean.

Azken hamarkadan gure herrian Paleolitoko labar-arteari dagozkion margolanak aurkitu dituzte, esaterako, Atxurra (Berriatua) edo Armintxe (Lekeitio) kobazuloetan. Arte-zantzu hauei buruzko ikuspegi berri bat landu dute ikertzaileek: nolako argiztapen-sistemak erabili zituzten pinturak egiteko orduan? Zelan eramaten zuten materiala barrura? Izan ere, logistika eta planifikazioa beharrezkoa zen. Berrian Jakes Goikoetxeak gaia landu du ikertzaileekin batera eta azaldu dute, adibidez, Atxukarro kobazuloan margolanak dauden lekura iristeko 38 minutu behar zituztela eta ordubete irauten duten bi suziri beharko zituztela gutxienez, sartzeko eta ateratzeko. Datu guztiak Sutan, argiaren bila artikuluan.

Biologia

Animaliak bizidun harrigarriak dira. Izan ere, bizirik irauteko hamaika amarru eta trikimailu garatu dituzte. Horietako asko harrapariei aurre egiteko defentsa-mekanismoak dira. Badira oinarrizko defentsa-mekanismoak (harrapariaren begi-bistatik desagertzeko helburua dutenak) eta mekanismo sekundarioak (harrapariak detektatuz gero, harrapatuak izatea saihesteko erabiltzen direnak). Bigarren multzo honetan daukagu tanatosia, azken hatsa emateko prest ez daudenen antzerki-lan ikusgarria: hildakoaren plantak egitea.

Animalien mundu liluragarriarekin jarraituz, Josu Lopez Gazpio kimikariak askok gogoko ditugun animalia batzuen jokabide interesgarriaz jardun du Zientzia Kaiera blogean. Azaldu digu izurdeak gai direla talde-lanean aritzeko eta gainera hamarkada askoan mantendu ditzaketen taldeak osatzen dituztela. Baina talde handi horiez gain, lankidetzan aritzeko bikoteak ere osatzen dituztela kontatu digu. Ez al da liluragarria ezagutzea izurdeek badakitela talde-lana zer den?

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek izurri baten kontrol biologikorako ikuspegi berri bat proposatu dute. Ezpelak pairatzen duen sits-izurritea aurre egiteko, intsektizida gisa bakterio bat erabiltzea proposatzen dute. Funtsean, bakterioak sitsaren larbak hiltzen dituen toxina jakin batzuk sortzea litzateke gakoa. Datuak Elhuyar aldizkarian: Nafarroako ezpelaren sits-izurriteari aurre egiteko biointsektizidak erabiltzea proposatu dute NUPeko ikertzaileek.

Errotiferoak mikroskopioan soilik ikus daitezkeen zelula anitzeko animalia txiki batzuk dira. Ba ikertzaile errusiarrek berpiztu dute Siberiako permafrostean 24 000 urte izoztuta igaro dituen errotiferoa. Ikerketa honek erakutsi du, besteak beste, mikroorganismo batzuek kriptobiosian denboraldi luzeak eman ditzaketela. Kriptobiosian prozesu metabolikoak ia erabat etenda daude, eta izaki bizidun batzuetan gertatzen da ingurumen-baldintzak muturrekoak izatera iristen direnean. Aitziber Agirrek kontatzen du Elhuyar aldizkarian: 24 000 urtez izoztuta egondako errotifero bat berpiztea lortu dute.

Genetika

Ana Zubiaga Genetikako katedraduna da UPV/EHUn, irakaslea eta ikertzailea unibertsitate berean. Ondo ezagutzen ditu giza genetikarekin lotutako gaiak, izan ere, minbiziaren oinarriak ikertzen dihardu biologia zelularra lan ildo hartuta. Berrian haren ibilbidearen berri eman digute Zihara Jainagak egin dion elkarrizketarekin: “Helburua minbiziaren hilkortasuna saihestea da“.

Paleontologia

Uxue Razkinek Mary Dawson paleontologoa nor zen kontatu digu asteon. Mary Dawson ikertzaile aitzindaria izan zen, eta kristalezko sabaia hautsi zuen bere eremuan, ornodunen paleontologian. Paleontologo “menderaezina” izan zen eta, besteak beste, iraganean Artikoko klima-aldaketaren ebidentziak aurkitu zituen. Lurralde artikoan aztarnak ikertzen ibili zen eta duela 50 milioi urte inguru bertan bizi ziren kaimanen fosilak aurkitu zituen. Horrez gain, Ipar Amerikako ornodun fosilen bilduma handienetakoaren ardura izan zuen.

Medikuntza

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioaren aurka sortzen diren antigorputzak kutsatu ondorengo 6-12 hilabete bitartean irauten dute. Horrez gain, sortzen diren aldaeretatik babesten dutela, eta txertoen bidez ere indartzen direla ikusi dute ikertzaileek. Ana Galarragak plazaratu du gaia Elhuyar aldizkarian: SARS-CoV-2arekiko immunitateak luze irauten du eta txertoak indartu egiten du.

Osasuna

Bizitza luzeago baten gakoak arlo sozioekonomikotik aztertu du ikerketa-talde batek. Artikulu baten emaitzak jakitera eman dituzte eta bertan adierazi dute zahartze osasungarria eta produktiboa lortzen dela hiru dimentsioren arteko korrelazio positiboaren bidez: bizi-itxaropena, osasuna eta ekonomia. Besteak beste, azpimarratzen dute zahartzen ari den gizarte baten aurrean, beharrezkoa dela neurriak hartzea. Esaterako, 50 urte bete ondoren enplegua babestu eta sustatzea eta adinaren araberako bereizkeria ekiditea. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.

Emakumeak Zientzian

Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) “Emakume ikertzaileak 2021” txostena argitaratu berri du eta, zalantzarik gabe, aurreko urteko txostenean ikusten zen zerbait berretsi da: CSICeko emakumeen eta gizonen karrera zientifikoaren bilakaeraren “guraize” grafiko tipiko bihurtu dela. Hau da, ibilbide profesionalean aurrera joan ahala, emakumeen ehunekoa txikitzen doa eta gizonena, berriz, handitzen. Ana Galarragak kontatu digu Elhuyar aldizkarian: CSICen guraize-grafikoa, okerrera.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.