Asteon zientzia begi-bistan #348

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

DNA

Fisika

Oinarrizko partikulak dira muoiak eta 2001ean esperimentu batek iradoki zuen muoiaren propietate batek ez zuela jarraitzen eredu estandarrean adierazitakoa. Ildo horri tiraka esperimentuak abiatu zituzten Fermilaben, energia altuko fisikaren laborategian. Fermilabeko azeleragailuak muoi asko sortzen ditu eta zehaztasun handiz neurtzen du partikulen elkarreragina eremu magnetiko batekin. Bertan egindako esperimentu batek 2001eko emaitza berretsi du. Horrek esan nahi du eredu estandarrean kontuan hartzen ez diren partikula edo indar berriak egon daitezkeela eta ondorioz, behar bada fisikako legeak berrikusi beharko direla. Guillermo Roak ematen ditu zehaztasunak Elhuyar aldizkarian: Muoiak: fisikaren eredu estandarra, kolokan?

Neurozientzia

Irakurketa eta haren garapena haurtzarotik nerabezarora ezagutzeko asmoz, 2019ko irailean, Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak Dysthal proiektua jarri zuen martxan. Proiektu honetan, 9 eta 16 urte bitarteko 900 haur elebidunek hartu dute parte eta helburua, besteak beste, garuneko zirkuituek irakurketari eta haren aldaketei nola eusten dieten ikustea da. Berrian eman ditu egitasmoaren nondik norakoak Jakes Goikoetxea kazetariak: Hitzak irakurtzetik garuna irakurtzera.

Biologia

Kameleoien ezaugarrietako bat da kamuflatzeko gaitasuna. Hala ere, animalia honek badu beste trikimailu bitxi bat, mihiaren proiekzio balistikoa. Juan Ignacio Pérez biologoak azaltzen du Zientzia Kaieran, gorputzaren luzeraren bikoitza izan dezaken mihia duten arren, kameleoiak oso azkar jaurtitzen du mihia, 0’07 segundotan luza baitezake (400 ms-2-ko azelerazioa).

Ingurumena

Itsas ekosistemen osasuna aztertzen dute Miren Cajaraville eta Manu Soto ikertzaileek. Plentziako Itsas Estazioan dihardute lanean eta itsasoan pilatzen diren material toxikoen eragina aztertzen dute. Asteon Eli Pagolak elkarrizketatu ditu Naiz irratian eta solasaldia irakurgai bihurtu dute “Zilarrezko nanomaterialak toxikoenak dira organismo urtarrentzako“. Mikroplastikoak, disolbatzen ez diren metalen partikula ñimiñoak, medikamentuen arrastoak, … gure ekosistema kaltetzen duten tamaina txikiko zatikiak dira eta horien artean, zilarrezkoak genotoxikoak dira. Zeluletan dagoen material genetikoa, DNA eraldatzeko gai baitira.

Medikuntza

Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak Pfizer-BioNTech konpainiak nerabeekin egindako entsegu baten emaitzak ekarri dizkigu. COVID-19aren aurkako txertoa ipini diete 12 eta 15 urte bitarteko parte-hartzaileei eta entseguaren emaitzak positiboak izan direla jakinarazi dute. Txertoak % 100 eraginkortasuna erakutsi omen du nerabeen artean eta baita antigorputzen bidezko erantzun sendoa ere: COVID-19aren txertoak, adin txikikoentzat.

Astrozitoak nerbio-sistema zentralean dauden zelulak dira, besteak beste, garunean eta bizkarrezur-muinean aurki daitezke. Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Paula Ramos ikertzaileak Parkinsonen gaixotasunaren aldaera genetiko arruntenaren ondorioz, garuneko astrozitoetan gertatzen den atrofia identifikatu du. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian: Parkinsona duten pertsonetan garuneko zelulen atrofia gertatzen dela ikusi dute.

Genetika

2003. urteaz geroztik, XX. mendeko aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetako bat gogoratzen dugu apirilean: azido desoxirribonukleikoaren (DNA) helize bikoitzeko egituraren aurkikuntza. DNAren Eguna da, 1953ko apirilaren 25ean Nature aldizkarian “Molecular Structure of Nucleic Acids: A Structure for Deoxyribose Nucleic Acid” artikulua argitaratu zelako. Nazioarteko egunaren harira Koldo Garcia genetistak galdetu du, baina… beharrezkoa al da DNAren eguna? Kontuan izanik Koldok dioena, biziaren oinarria DNAn dagoela, zelan ez dugu ba ospatuko horrelako gauza bat?

DNAren Egunari so egiteaz gain, Koldo Garciak beste auzi garrantzitsu bat ekarri du begi-bistara. Ikerketa genetikoak aurrerapauso handiak eman ditu. Esaterako, baldintza jakin batzuei lotutako hainbat aldagai genetikoen aztarnak lortzen ari dira ikertzaileak. Baina aurrerapen horietako askok talde bakar bati egin diote mesede: sustrai europarrak dituztenei. Bestela esanda, zuriei. Nola konpontzen dugu hori? DNA datu-base anitz eta osoagoak lortuz. “Informazioa guztia Gizakion gene-informazioari koloreak falta zaizkio” artikuluan.

Osasuna

Oso garrantzitsua da eserita, lanean edo telebista ikusten denbora gehiegi ez pasatzea, eta ahalik eta aktiboenak izatea. Jarduera fisiko gehiegirik egiterik ez badugu, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gogoratu digu ematen ditugun pauso guztiek onurak ekartzen dituztela. Zihara Jainaga kazetariak erreparatu dio gomendioari eta “Milaka pauso osasuntsu egoteko” artikuluan OMEk emandako kopuru biribil bat eman digu: 10.000 pauso. Izan ere, pauso kopuru hori egin beharko genuke egunero osasuntsu mantentzeko.

Ingeniaritza

Minbizia detektatzeko metodo berri bat garatu du Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako Idoia Ochoa ikertzaileak. “Moss” du izena eta maiztasun txikiko nukleotido (SNV) bakar baten aldaera somatikoak identifikatzeko metodo bat da. Honi esker, tumorean dauden mutazio multzoen informazio osoagoa lor daiteke eta, ondorioz, diagnostiko goiztiarrak egiteko edo tratamendu pertsonalizatu egokiak gauzatzeko oso lagungarri izan daiteke. Elhuyar aldizkarian Aitziber Ruiz de Arkauteren eskutik: Tumoreetako mutazio txikienak detektatzeko gai den metodoa aurkeztu dute.

Paleontologia

Nazioarteko ikerketa-talde batek, UPV/EHUk partaidetza duenak, neandertalen DNA nuklearra erauzi du sedimentuetatik abiatuta. Siberiako bi haitzulotako eta Atapuerca mendilerroko Haitzulo Nagusian dagoen Estatuen Galeriako laginetatik lortutakoak izan dira eta honi esker, etorkizunean ez da beharrezkoa izango giza fosilik historiaurreko haitzulo bateko biztanleak identifikatzeko. Iban Azparren kazetariak eman ditu datu gehiago Naiz.info-n: “DNA nuklearra, eboluzioa ikertzeko giltzaeta Jakes Goikoetxeak, Berrian: “Lurrak gordetako DNA“.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.