Andrea Cabezas, erizain ikertzailea: “Lehen ikuspegi biomedikotik lantzen zen erizaintza; ez zen aztertzen ingurune soziala”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Pertsona batzuek garbi dute txikitatik zer ikasi nahi duten eta zertan egin nahi duten lan; Andrea Cabezas Rodríguez ez zen horietakoa: ez zuen erizaintza ikasiko zuela imajinatzen, eta, are gutxiago, ikertzaile izango zela. Alabaina, bidean sortzen joan zaizkion aukerei heldu die, eta, gaur egun, tesia egiten ari da, osasun mentaleko genero-desberdintasunen gainean.

Horra iristeko, batxilergoa bukatu zuenean erizaintza ikastea erabaki zuen. “Beti gustatu izan zitzaizkidan biologia eta osasuna, eta, azkenean, erizaintza aukeratu nuen. Ikasketak asko gustatu zitzaizkidan, eta, tesia egiten hasi aurretik, Osakidetzan lana egiteko aukera izan nuen, eta hori ere benetan gustuko izan nuen”, aitortu du.

Andrea CAbezas
Irudia: Andrea Cabezas Rodríguez, erizain ikertzailea.

Laneko bigarren urtean, EHUko Osasun Publikoko Masterra egiten hasi zen, eta desberdintasun-sozialak osasunean gaiak harrapatu zuen: “Erizaintzako ikasketetan, gaia aipatu, aipatzen da, baina, oro har, alderdi klinikoari jartzen zaio arreta. Hau orain aldatzen ari da, baina, nire garaian, batez ere ikuspegi biomedikoarekin lantzen zen, eta ez zen hainbeste aztertzen ingurune soziala eta nola eragiten duten baldintzatzaile sozialek osasunean”.

Hala, masterraren amaierarako, desberdintasun sozialek haurren osasunean duten eraginari buruzko lan bat egitea erabaki zuen. “Orain OPIK ikerketa-taldean nire lankidea denarekin egin nuen, Yolanda González Rábagorekin. Ustekabean, tesia egitea proposatu zidaten, eta, aurrez horretarako asmorik ez nuen arren, aukera erakargarria iruditu zitzaidan. Azken finean, praktika klinikoa beti izango dut hor, baina agian ez nuen inoiz gehiago izango tesi bat egiteko aukera. Beraz, aurrera egin nuen”.

Berez, desberdintasun sozialek adinekoetan duten eraginari buruz ikertzeko asmoa zuen, baina ez zuen horretarako finantziaziorik lortu. Aldiz, osasun-mentalean genero-desberdintasunak ikertzeko proiektu bat aurrera atera zen, eta hor aritzeko aukera sortu zitzaion. Oso interesgarria iruditu zitzaionez, baiezkoa eman zuen, eta, orain, arlo horretan egingo du tesia.

Talde-lana, aberasgarri

Taldean lantzen ari diren gai bat izanik, beste lankideekin elkarlanean dabil tesia egiten, eta horrek asko asebetetzen du: “Askotan esaten da tesia egitea oso bakartia dela. Talde baten barruan daudenak ere, askotan bakarrik egiten dute lana. Gurean, ordea, ez da horrela. Bakoitzak bere gaia duen arren, elkarlanean aritzen gara. Gainera, diziplina askotakoak gara: soziologoak daude, medikuren bat ere badago… Hortaz, oso aberasgarria da, eta lortzen diren emaitzak osoagoak dira”.

Onartu du, erizaintzan sartu zenean, ez zuela irudikatzen zein neurritaraino eragiten duten osasunean baldintzatzaile sozialek eta bizi-zirkunstantziek. Ezta ikertzaile izango zenik ere! “Orain, baina, benetan gustura nago. Eta irakasle izatea ere ez nuen sekula imajinatu, eta dagoeneko egokitu zait mintegiren bat ematea, eta hori ere gustatu zait”. Horrenbestez, aurrerantzean ere hor nahiko luke jarraitu lanean.

Bukatzeko, bere lantaldearen ezaugarri bat ere aipatu du: kide guztiak, bat izan ezik, emakumeak dira. “Uste dut horrek baduela eragina lana egiteko gure moduan. Bestetik, adierazgarria da emakumeak arduratzea halako kontuez”. Gogoetarako gaia utzi du, beraz.

Fitxa biografikoa:

Andrea Cabezas Rodríguez Abanto-Zierbenan jaio zen, 1993an. Erizaintzan graduatu ondoren, Osasun Publikoko Masterra egin zuen. Gaur egun, osasun mentaleko genero-desberdintasunei buruzko doktorego-tesia egiten ari da, UPV/EHUko OPIK Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa-Taldearen barruan.


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.