Tokian tokiko jarduera: RNA eraldatutik sortutako hezurrak eta 3D inprimagailuak

Tokian tokiko

Herrialde garatuetan biztanleria zahartuz doa. Ekonomia, osasun eta gizarte aurrerapenak direla eta, emakumeek ez dituzte hainbeste seme-alaba izaten eta, beraz, horretan ere zahartuz doaz, adinaren batezbestekoari begiratuta askoz ere gazteagoak badira ere. Gauza jakina da zahartze orokortua makrojoera demografiko eta, horrenbestez, ekonomiko handienetako bat dela aurreikus daitekeen etorkizunean.

Zahartzearekin batera, aldaketak gertatzen dira kontsumoan –zer eta nola kontsumitzen den– eta gaixotasun ohikoena zein izango diren ere esan daiteke, adinekoek izan ohi dituztenak direlako. Adibidez, minbizia eta gaixotasun neurodegeneratiboak geroz eta ohikoagoak izango dira, eta horrek estatistikoki ilundu egiten ditu gaixotasun horien aurka egiteko egiten diren aurrerapenak. Horregatik da hain garrantzitsua prebentzioan, oinarrizko zientziaren garapenean eta ondorengo terapietan inbertitzea, hala, tratamenduek aurrea har dezaten.

Zahartzeari lotuta dauden eta hain deigarriak ez diren beste patologia batzuk hezurren endekapenarekin lotuta daude, besteak beste, osteoporosia. Kalkuluen araber, mundu osoan 50 urte baino gehiagoko hiru emakumetik batek eta bost gizonetik batek hezur haustura osteoporotiko bat izango du. Gainera, haustura gehienak tratamendu egokiarekin arazorik gabe osatuko badira ere, beste kasu batzuetan hezurren birsorkuntzan kaltea gertatzen da; adibidez, auto istripuetan traumatismo handiak gertatzen direnean gero izaten diren infekzioetan.

hezurrak
Irudia: Zahartzeari lotuta dauden eta hain deigarriak ez diren beste patologia batzuk hezurren endekapenarekin lotuta daude, besteak beste, osteoporosia. (Argazkia: Taokinesis – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Odolaren ondoren, hezurrak dira gehien transplantatzen den ehuna eta, beraz, transplanteak egiteko hezurren eskaria gehitu egingo da etorkizunean. Horregatik, hezurra birsortzen edo berregiten saiatzeaz gain, beharrezkoa da hezur ehunari lotutako behar berriak tratatzea.

AO Research Institute Davosek (Suitza) gidatutako cmRNAbone proiektuaren xedea da terapia geniko berri bat garatzea, zauri traumatiko handiak edo hezurretako gaixotasun degeneratiboak –besteak beste, osteoporosia– dituztenen bizi kalitatea hobetzeko.

Proposatu duten ikuspegian, ikerketa genetikoa, nanoteknologia eta bioteknologia aurreratua eta 3D inprimaketa uztartzen dira: RNAko agente terapeutikoekin lotutako aurkikuntza zientifiko berriak erabiliz, partzuergo horren xedea da kimikoki eraldatutako RNA garatzea (cmRNA, ingelesez) eta, horren ondoren, neurogenesi, baskulogenesi eta osteogenesirako proteina espezifikoak kodifikatzea, hiru prozesu horiek ezinbestekoak baitira osatze prozesuan aurrera egiteko. Sortutako RNA multzoak biralak ez diren emate bitartekoekin (bektoreak) konbinatuko dira, biomaterialeko tintaren formulazio batean eransteko RNA hornidura. Bereziki inplanteetarako diseinatutako 3D inprimagailua erabilita, errazagoa izango da praktikan frogatzea hezurrak birsortzeko dituen gaitasunak.

Aurkikuntza berriak aldi bereko bi azterketa aurreklinikotan aplikatuko dira, hezurretako akats osteoporotikoetan eta larrietan diseinatutako terapiaren baliozkotasuna eta garrantzia klinikoa frogatzeko. Aholku batzorde kliniko eta zientifiko baten babesarekin, zenbait enpresa txiki eta ertainek zuzendutako partzuergo horrek ziurtatuko du proiektua bukatzean erraz eta azkar itzuliko dela klinikaren eremura. Epe luzera, aurkikuntzek, gazteen eta adinekoen haustura txikietarako eta hezurretako kalte handietarako ikuspegi birsortzailea izateaz gain, milioika pazientek dituzten beste gaixotasun handietarako ere ikuspegi bera izan dezakete.

Hain zuzen, CIDETEC Nanomedicine euskal enpresak garatuko ditu polisakaridoetan oinarrituta egongo diren cmRNA bektoreak, ez-biralak, garatutako matrizera egokituak, hala, hezurra birsortzeko.


Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.


Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude