Asteon zientzia begi-bistan #366

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Teknologia

Fabrikazio gehigarria edo 3D inprimaketa, material jakin baten geruzak gainezarriz hiru dimentsiotako objektu solidoak osatzean datza. Prozesu hau sortu zenetik, abantaila ugari erakutsi ditu metodo tradizionalekin alderatuta, hala nola diseinu askatasuna, pertsonalizazioa, egitura konplexuak fabrikatzeko gaitasuna edota azkartasuna. Jatorrian plastikozko prototipoak sortzeko teknika modura garatu bazen ere, batzuen ustetan etorkizunean industria iraultza bat suposatuko du, bakoitzak bere etxetik behar dituen produktu propioak sortzeko aukera emango baitu. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Polimeroetan oinarritutako fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa: etorkizuneko teknologia gaur egungo gizartean.

Step Monitoring izena duen sistema garatu du Donostiako Naru Intelligence enpresak. Sistema honek minbizia duten gaixoen osasun egoeraren jarraipen zuzena egiten du. Horren ondorioz, esaterako, tratamenduen konplikazioak denboraz atzemateko baliagarria da eta medikuek jakinaren gainean jartzeko. Azalpen guztiak Berrian Jakes Goikoetxearen bidez: Adimen artifiziala gaixoa eta medikua gerturatzeko.

Astronomia

Elhuyar aldizkarian azaltzen denez, Esne Bidearen kanpoko exoplaneta baten zantzuak aurkitu dituzte lehen aldiz. Esne Bidetik 28 milioi argi-urtera dago planeta hau, Messier 51 deituriko galaxian eta orain arte aurkitu diren ia 5.000 exoplanetetatik, gure galaxiatik kanpo dagoen lehena da. Chandra X-izpiko teleskopioari esker aurkitu dute, planetaren iragateaz baliatuz. Hau da, planeta bat izar baten aurretik igarotzean, izarraren argia estali egiten du neurri batean, eta teleskopioek distiraren jaitsiera hori hautematen dute, kasu honetan, X izpien bidez.

Jupiterren Orban Gorri Handia uste zutena baino sakonagoa dela azaltzen du Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian. Orban Gorri Handia ekaitz erraldoi bat da, Lurraren diametroa baino zabalagoa hain zuzen, eta, Science aldizkarian argitaratu denez, uste zutena baino sakonagoa da. Juno zundaren azken neurketei esker lortu dituzte hau ondorioztatzeko datu berriak, mikrouhinen eta grabitatearen neurketez baliatuz.

Birologia

Poliomielitisa edo polioa XX. mendeko gaixotasunik larrienetako bat zen, garai hartan milioika pertsonari paralisia eragiten baitzien. Polioa eragiten zuen birusa garaitzea lortu zen ordea, hein handi batean, Marguerite Vogt birologoak egindako aurrerapenengatik. Vogt Alemanian jaio zen 1913an baina Estatu Batuetara emigratu ikerketan lan egiteko asmoz. Bertan, polioaren birusa arazteko metodo bat garatu zuen birologo italiar batekin batera, eta teknika honek beste birus batzuk aztertzea ahalbidetu zuen mundu osoan zehar. Honela, birologia molekular izeneko arloa sortu zen. Datuak Zientzia Kaieran: Marguerite Vogt, birusak nola ‘kontatu’ deskubritu zuen birologoa.

Biologia

Mangosta marradun (Mungos mungo) espezieko ia talde guztietan eme helduek egun berean erditzen dute. Ernaldia betetzen dutenek lur azpiko zulo batean erditzen dituzte kumeak eta horrela, partekatutako kumaldi komunal moduko bat sortzen da. Beraz, jaioberrien bizitzako lehen hilabetean, taldeko amek, batzuk zein besteak maite dituzte bereak diren ala ez kontuan hartu gabe eta gainera, baliabide gehien dituzten amek (ondo elikatuta daudenak) gehiago elikatzen dituzte pisu gutxien duten kumeak, beraien kumeak izan edo ez. Beste kideekiko prestutasun jokabide hau orain arte gure espeziean bakarrik ikusi izan da. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaltzen du Zientzia Kaieran: Mangosta marradunen ezjakintasun-beloa.

Tumore-zelulen arteko lehiaketa aztertzen ari dira elkarlanean EHUko Analisi Ekonomikoko ikertzaileak eta Biocruceseko patologoak. Helburu honekin, jokoaren teorian oinarritu dira. Teoria hau, batetik, tumore-zelulen arteko eta, bestetik, tumore-zelulen eta ostalari-zelulen arteko elkarrekintzak argitzeko baliagarria dela frogatu dute. Izan ere, gaixotasun hau disfuntzio sozial gisa hartzeak ikuspegi berriak lortzea ahalbidetu du, eta etorkizunean emaitza interesgarriak izatea espero dute teoria berri honi esker. Datuak Elhuyar aldizkarian: Jokoen teoria erabiltzen dute metastasien jokaera aztertzeko.

Ingurumena

Landare erreinuko organismoak bereziki erlazio estua dute atmosferako CO2 gasarekin, fotosintesia egiteko beharrezkoa baitute, beraz zentzuzkoa izango litzateke atmosferako CO2 kontzentrazioa emendatzeak landareengan eragina izatea. Pentsatu izan da CO2 kontzentrazioa handiagotzeak eragin positiboa izango lukeela garapen eta ekoizpenean, baina errealitatea ez da hain sinplea. Nature plants aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi duenez, bada espezie toxiko bat, Parthenium hysterophorus landare amerikarra, zeinak bere toxikotasuna emendatu duen atmosferako CO2 kontzentrazioa handitzearekin batera, eta lehiakorragoa eta inbaditzaileagoa bilakatzen ari dira lurreko herrialde batzuetan, Australian adibidez. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak.

Arkeologia

Zientzialari talde batek ezkutaturik dauden 478 monumentu aurkitu dituzte Mexikon laser bidez. Science aldizkarian argitaratu denez, oihanak ezkutatzen dituen lautada artifizial batzuk dira egitura horiek, duela 3.000 urte eraikiak izan litezke eta ospakizunetarako eta liturgiarako erabiltzen zirela ondorioztatu dute. LIDAR teknologiaren bidez hartutako irudiak aztertuz egin dute aurkikuntza baina irudiak ez dira berriak, Mexikoko Gobernuak lehendik publiko egindakoak baitira. Datu guztiak Berrian.

Genetika

Txinaren mendebaldean dagoen Tarim ibaiaren arroko momien azterketa genomikoak hauen jatorria erakutsi du. Mendebaldeko ezaugarriak dituzten momien ezaugarriek harrituta izan ditu urteotan zientzialariak. Garai batean, mendebaldeko etorkin indoeuroparrak zirela uste izan zen; hala ere, Asiako sustrai sakonak eta urruneko sukaldaritzarekiko gustua zituen bertako indigenak direla ondorioztatu du azken ikerketak. Jakes Goikoetxeak kontatzen digu Berrian: Bertako herritarrenak dira Tarimgo momiak, ez migratzaileenak.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.