Asteon zientzia begi-bistan #213

Ziortza Guezuraga

Astronomia

Ur likidoa aurkitu dute Marten, izotz geruzen azpian. Hala irakur daiteke Berrian, Argian eta baita Elhuyar Aldizkarian ere. Mars Express zundan dagoen MARSIS radarrak aurkitu du, planetako hego poloan. Ura 1,5 kilometroko sakoneran dago, 20 kilometro zabal den laku batean.

Mende honetako ilargi eklipserik luzeena ikusi ahal izan da ostiralean eta Berriak eman du albistea. Euskal Herriko txoko guztietatik ikusgai izan zen, 21:30ean hasi, ilargia ostartetik agertzean, eta 00:18an amaitu. Hainbat jarduera antolatu ziren gau berezia xehetasun guztiekin bizitzeko.

Biologia

Hegazti harrapakari batzuek nahita hedatzen dituztela sute batzuk kontatu dute Juan Ignacio Pérez Iglesiasek. Dirudienez, banako batzuek baizik ez dute horrelakorik ikasten, baina normalean egoera jakin batzuetan egiten dute hau: sutea barrera batean geldirik dagoenean, edo sutea suhiltzaileek itzali dituztenean.

Bergmannen araua izan dute hizpide Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Miren Bego Urrutiak. Honen arabera, «iparralderantz espezie handiak bizi dira nagusiki eta espezie txikiak hegoalderantz». Honen zergatiaren hainbat zio eta baita salbuespen aurkezten dira. Esaterako, elefanteak,lur gaineko ugaztunik handienak eskualde beroetan bizi da.

Ekologia

Inoiz baino oxigeno gutxiago dago Itsaso Baltikoan, Juanma Gallegok azaldu duenez. Itsaso Baltikoko oxigeno mailak azken 1.500 urtetako txikienak izan dira, ikerketa baten arabera. Arrazoien artean, nekazaritzaren jardueran eta hirietako ur zikinetan sortzen diren nutrienteak aipatu dituzte zientzialariek.

Paleontologia

Mendaroko Agerre haitzuloan paleolitoko zintzilikario bat eta labarretako margoak topatu dituztela azaldu dute Elhuyar Aldizkarian. Orein-adarrean grabatutako zintzilikario bat eta paretetan egindako animalia-irudien hainbat zati dira aurkitutakoak.

Ogia, nekazaritza sortu aurretik izan zeneko aztarnak topatu dituztela irakur daiteke Berrian. Duela 14.400 urteko ogi arrastoak aurkitu dituzte, orain arteko zaharrenak. Ikerlanak nekazaritzaren sorreraren teoria berriak atera ditu mahai gainera.

Osasuna

‘Osagaiz’ osasun zientzien aldizkariak urtebete egin duela jakinarazi du Berriak. Iazko ekainean aurkeztu zuten kazeta, zientzia artikuluak eta ikerketa taldeen lanak argitaratzea helburu duena. Urtero bi ale arrunt argitaratzen dituzte. Horrez gain, ale berezi bat osatzen dute OEEk urtean behin egiten duen biltzarrean aurkezturiko testuekin.

Sendabelarren inguruko uda kurtsoa antolatu du UEUk. Gorka Menendez Baceta ikastaroa eman du bertan eta Argiak elkarrizketa egin dio. “Zientzia ala superstizioa?” galderak tranpa duela dio etnobotanikoak, superstizioa zientzia delako ere bai, plazeboaz ari garenean.

Teknologia

Sketchfab 3D biltegi digitalari buruz irakur daiteke Sustatun. 3D modelo digitalen biltegia da Sketchfab. Era guztietako proiektuak ikusten dira bertan: arkitekturako elementuak, diseinu industrialak, artelanak… Baina baita ere zientzialariek kargatutakoak. Horien artean antzinako gizakien artelan eta tresnen aztarnak bereziki ikusgarri geratzen dira.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>